Ikerketa batek ondorioztatu du industrializatu gabeko giza populazioen heste-mikrobiotetan mikroorganismo-espezie berberak agertzen direla maiz; industrializatutako populazioen heste-mikrobiotetan, aldiz, espezie horietako asko ez dira agertzen edo oso urriak dira.
«Bi ehiztari-biltzaile populazio horien heste-mikrobiotetako espezieen % 87 berberak dira»
Heste-mikrobiota eboluzioan zehar nola aldatu den aztertzeko, populazio desberdinetako biztanleen heste-mikrobiotak alderatu dituzte: industrializatu gabeko gaur egungo bi populaziotako biztanleenak eta industrializatutako herrialdeetako giza populazioetako biztanleenak. Lehenengo bi populazio horiek Boliviako Tsimane nekazariak eta Tanzaniako Hadza ehiztari-biltzaileak dira; elkarrengandik urrun bizi dira, eta, beren arbasoak duela milaka urte banandu zirenetik, ez dute elkarren arteko harreman zuzenik izan.
Hala eta guztiz ere, emaitzek erakutsi dute bi populazio horien heste-mikrobiotetako espezieen % 87 berberak direla. Espezie horietako batzuk ohikoak dira mundu osoan, baina % 60 ez dira agertzen herrialde industrializatuetan bizi diren giza populazioen mikrobiotetan, edo oso gutxitan agertzen dira.
«Balitekee aldaketa horrek giza osasunari eragin izana»
Bestetik, industrializatu gabeko ehiztari-biltzaileen bi populazioen mikrobiotetan agertzen diren 636 mikroorganismo-espezieren analisi genetikoek erakutsi dute espezie horiek giza populazioekin batera eboluzionatu dutela gaur egunera arte. Gizakiaren arbasoek Afrikatik Amerikara egindako migrazioaren arrastoa geneetan irakur daitekeen modu berean, migrazio horren arrastoa populazio horien mikrobiotan ere gordeta gelditu da.
Egileek ondorioztatu dute gizakiak eboluzionatzearekin batera heste-mikrobiota askotarikoak ere eboluzionatu duela eta mikrobiota horrek milaka urtetan zehar iraun duela. Industrializazioaz geroztik, ordea, desagertu egin dira mikrobiota aberats horretako espezie asko. Ikertzaileek diote balitekeela aldaketa horrek giza osasunari eragin izana, baina ikerketa gehiago beharko dira hala izan den argitzeko.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



