Lehen zenbaki baskonikoa izan daitekeena agertu da Irulegin

"Abaŕ" inkripzioa topatu dute zeramikazko ontzi batean, Irulegiko eskua azaldu zen etxe berean. Egungo "hamar" izenaren aurrekaria izan daitekeela uste dute Aranzadiko ikertzaileek.

Arg.: Aranzadi


Aranzadi zientzia-elkarteak Irulegin egindako azken aurkikuntzaren berri eman du. Zeramikazko ontzi batean, zenbaki bati erreferentzia egin diezaiokeen ikurrak topatu dituzte. Testuaren azterketa epigrafiko eta linguistikoa egin duten adituen arabera, litekeena da hamar zenbakiari egitea erreferentzia. Zenbaki baskoniko bat izan daitekeela adierazi dute.

Javier Velazak, Joan Ferrerrek eta Joaquin Gorrotxategik egin dute azterketa linguistikoa, eta beren interpretazioa zuzena balitz, zenbaki baskoniko baten lehenengo testigantza izango litzateke. Garrantzia handia eman diote aurkikuntzari, hizkuntza baskonikoaren eta iberieraren artean zer lotura dagoen argitzeko pistak eman ditzakeela uste baitute. Ez bakarrik beren artean, biek antzinako euskararekin eta egungo euskararekin duten harremana argitzen joateko gakoak ere eman ditzake.

Izan ere, azken aldian egindako ikerketek agerian jarri dute euskararen eta iberieraren zenbaki-sistemek antza dutela, eta hain zuzen hamar zenbakiarena da adibide esanguratsuenetako bat: iberieraz abar eta euskaraz hamar esaten dira.

Inskripzioa Irulegiko Eskua azaldu zen etxe bereko lurretan azaldu da. Zeramikazko ontzi baten puska bat da, eta "Irulegitik Pompelora. Hiri baten sustraiak" erakusketan bertan dago ikusgai. Civivox Pompelo kulturgunean ikus daiteke. Elhuyar Zientzian erakusketaren berri eman genuen duela aste batzuk, eta bertan ikusten zen pieza: "Denboran bidaia 'Irulegitik Pompelora'".

Zenbakiaren inskripzioa ontziaren edukierarekin lotuta egon daitekeela uste du Aranzadik, eta bigarren pieza bat ere topatu dute adierazi dute, gainera. Italiatik ekarritako bernizaz margotutako ontzi baten puska bat da, eta «basi» du idatzia. Ontziaren jabeari edo etxeari egin diezaioke erreferentzia, ikertzaileen ustez.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Giza zientziak