Wellcome Global Monitor 2026 txostenak 140 herrialdetan 140.000 herritarri baino gehiagori egindako inkesta baten emaitzak bildu ditu. Txostenaren arabera, zientziarekiko konfiantza jaitsi egin da COVID-19aren pandemiaz geroztik, baina aldeak nabariak dira herritarren maila sozioekonomikoaren arabera.
«Egungo diru-sarrerekin bizirauteko zailtasunak dituzten pertsonek, eroso bizi direnekin alderatuta, probabilitate erdia dute zientziaz asko fidatzeko»
Gizarteak konfiantza handia du zientzialariengan, oro har. Soilik medikuak eta erizainak daude zientzialarien gainetik konfiantza-mailan. Baina inkestaren emaitzek erakutsi dute 2020an herritarren % 80k zientzialariengan konfiantza ertaina edo handia zuela, eta 2025an, aldiz, % 72ra jaitsi zela. Egileek aldaketa hori COVID-19aren pandemiarekin lotu dute.
Alabaina, egileek azaldu dute zientziarekiko konfiantza estuki lotuta dagoela pertsona bakoitzaren egoerarekin eta izandako esperientziekin. Zentzu horretan, zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonen artean jaitsi da gehien konfiantza-maila. Egungo diru-sarrerekin bizirauteko zailtasunak dituzten pertsonek, eroso bizi direnekin alderatuta, probabilitate erdia dute zientziaz asko fidatzeko (% 20 eta % 39, hurrenez hurren). Are gehiago, erakunde nazionaletan, gobernuan eta osasun-sisteman konfiantza txikiagoa zuten pertsonek zientziarekiko ere konfiantza txikia zuten.
Inkesta horrek agerian utzi duen egoerari erantzuteko, OMEk Elkarrekin Zientziaren eta Osasunaren alde kanpaina jarri du martxan gaur bertan. Kanpainaren helburua izango da ziurtatzea zientzia inklusiboa, fidagarria eta eskuragarria dela eta guztion osasuna sustatzeko balio duela.
«Zientziaren helburua ez da soilik aurkikuntzak egitea; zientziaren helburua pertsonen bizitzak hobetzea da, eta denok hobekuntza horiei etekina ateratzeko aukera dugula ziurtatzea»
Mugimendu horrek erakundeak, ikertzaileak, arduradun politikoak, osasun-langileak, komunitateak eta interesa izan dezaketen beste hainbat talde batu nahi ditu erabakietan eta herri-politiketan ebidentzia zientifikoaren presentzia indartzeko.
Izan ere, zientzia abiadura handian ari da garatzen, baina gizarteak arazoak ditu abiadura berean aurrerapen horiei egokitzeko, erregulazio-sistemak zientzia baino motelago garatzen baitira. Bestetik, zientzia eta desinformazioa batera ageri dira, eta egoera konplexu horrek nahasmena sortzen du gizartean, konfiantza ahultzen du eta osasunean ere eragiten du.
Horregatik, Elkarrekin Zientziaren eta Osasunaren alde mugimenduak akzio bateratu bat sustatu nahi du, eta balio-multzo bat zerrendatu du ziurtatzeko zientziak sinesgarria, etikoa eta sozialki garrantzitsua izaten jarraituko duela gaur egun eta etorkizunean: errespetua, osotasuna, zorroztasun zientifikoa, erantzukizun etikoa eta inklusioa.
OMEko zientzia-buru den Sylvie Briand doktoreak adierazi duen moduan, “zientziaren helburua ez da soilik aurkikuntzak egitea; zientziaren helburua pertsonen bizitzak hobetzea da, eta denok hobekuntza horiei etekina ateratzeko aukera dugula ziurtatzea”.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia