Euskal zientzialariak ez du lan makala. Mundu osoko zientzialariek dituzten arazoez gain (finantzazioa bilatu beharra, lan egonkor bat lortu ezina, zientzia beraren konplikazioak...) eztabaida terminologiko amaigabeak jasan behar baititu. Ingurugiro ala ingurumen? Haragijale ala karniboro? Barraskilo ala marraskilo? Dibertsitate ala aniztasun? Eltxo tigre ala tigre eltxo? Tradizio literarioa, hiztun zaharren sena, hizkuntzaren barne-egitura, terminoen nazioarteko hedadura... Edozein zientzialarirekin hitz egizu eta kontatuko dizu zenbat ordu eman behar izan dituen termino berrien inguruan eztabaidan. Gure testurik sinpleena ere nola orrazten duten zuzentzaileek.
Esango didazu beste hizkuntzetan ere eztabaida terminologikoak izaten direla, eta bai, hala da. Ingelesezko artikuluetan esker onak nola idatzi eztabaidan dute: acknowledgments ala acknowledgements? Barkatu, baina gurearen ondoan horiek lore-jokoak dirudite. Beste maila batean, Espainierako Erret Akademiako karlistak eta isabelinoak borrokan ari dira. Baina, inor gutxietsi gabe, batzuren zalditeria-kargak eta besteen artileria-deskargak deus ez dira euskal xii eta suniek suntsiketa masiborako armekin daramaten yihad filologikoaren aldean.
Askok uste dute arazo hauek euskara batuaren garaian indartu zirela. Ordukoak bai eztabaidak! Haiek bai zismak! Gogoratzen h hizkiarekin izandakoak? Xelebrea da, gazteleraz hora irakurtzeko inongo arazorik ez zuenak, euskaraz ezin hor irakurri kataplejia bat jasan gabe. Baina arazoa askoz lehenagotik heldu zen. XX. mendearen hasieran ere, nolako eztabaida urrutizkiña eta telefonoaren, edo mundu eta ludiaren artean!
Duela gutxi, ordea, Irulegiko eskuak beste dimentsio bat eman dio gaiari.
Lehenik, eskuak erakutsi digu XXI. mendean Mondragon Unibertsitateak fabrikazio aurreratuan irakasten duen kate-lana ez zuela Henry Fordek asmatu, duela 2.000 urte gutxienez baskoiak horretan ari zirela. Izan ere, Irulegiko eskuko grabatuak gutxienez hiru pertsonen artean egin ziren. Lehenengoak hiru gidalerro marraztu zituen, gerora idatziko ziren hizkiak non kokatu markatzeko. Ondoren, beste batek (eta beste bat izan behar zuen, gainerakoan gidalerro horiek erabiliko baitzituen), gidalerroei kasu zipitzik egin gabe, marratxoen bitartez hizki batzuk idatzi zituen. Eta azkenik, hirugarren batek, iltze batekin puntuak eginez hizkiak gainetik birpasatu zituen, bigarrenaren testua zuzenduz.
Bai. Bigarren pertsonak sorieneke idatzi zuen:

Eta horren gainean, hirugarrenak testua sorioneku-ra zuzendu zuen:

Hemen ere ezin bat etorri zorioneko hitz horren forma egokia zein den, zein datorren bat tradizioarekin edo hizkuntzaren berezko egiturarekin. Garaiko bi hauek eztabaidan imajina ditzaket:

Biak eztabaidan, sorioneke ala sorioneku izan behar ote duen.
Horra, beraz, gure-gureak ditugun hiru ezaugarri objektu bakar batean: bikaintasun industriala, eztabaida terminologikoak eta testu zuzentzaileak. Oraindik inork zalantzan jarriko du euskaldunak zirela?
1Izen hauek irakurtzeko gai ez bazara, hemen topa dezakezu alfabeto baskonikoa: https://alea.eus/komunitatea/asier-gabikagojeazkoa/1669640704824-irulegi-eskua-garrantzia-zalantzak
PZ. Testua ustez amaitu dut. Orain zuzentzaile gupidagabearen eskuetara doa.
Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa