Elkarrizketa

Iñaki Maiz Uranga

«Ingurua aldatzen denez, gure alergiak ere aldatu egiten dira»

Pertsona askok du alergiaren bat, geroz eta gehiagok, eta alergiek geroz eta gogorrago jotzen dute, gainera. Donostia Ospitaleko Alergologia Zerbitzuko Iñaki Maiz Uranga alergologoak aldaketa horien atzean ezkutatzen diren arrazoiak argitu ditu.

Entzun dugunez, izugarri ari dira hazten alergiak, eta, 2050erako, populazioaren erdiak izango omen du alergiaren bat. Zergatik?

Azkenengo ikerketen estimazioak horiek dira, bai, eta guk beti aipatzen dugu kausa asko daudela igoera horren atzean. Alergia motaren arabera sailkatzearren, arnasbideko alergietan kausa nagusia, behar bada, kontaminazioa eta aldaketa klimatikoa izan daitezke.

Elikagai-alergietan, bestalde, pisua eduki dezake elikagai gero eta prozesatuagoak jaten ditugula. Garrantzia dauka, baita ere, haurrei elikagaiak ze adinekin ematen hasten garen.

Azkenik, gehiegizko garbitasunaren hipotesiak indarra hartu du azken urteetan. Duela urte batzuk arte, infekzio askoren aurka borrokatu behar genuen, baina, azken urteetan, infekzio horietako asko desagertu egin dira. Ez dakigu oso ondo zergatik, baina pertsona batzuen immunitate-sistema zoratu egiten da, eta konposatu batzuen aurka borrokatzen hasten da.

Horiek lirateke elkarrizketaren titularrak. Baina hasteko, zer da alergia bat?

Alergia bat da immunitate-sistemak duen erreakzio desegokia printzipioz gorputzean inongo minik eragingo ez lukeen substantzia baten aurrean, hau da, alergeno baten aurrean.

Nola erantzuten du gorputzak?

Alergia bi pausotan gertatzen da. Lehenik eta behin, gorputzak alergeno batekin kontaktua izaten du lehen aldiz, eta sentsibilizazioa gertatzen da. Sentsibilizazio-prozesu horretan, IgE deituriko antigorputz batzuk sortzen dira alergeno zehatz horren aurka. Bigarren kontaktutik aurrera, hainbat zelula aktibatzen dira gure gorputzean, eta horiek substantzia batzuk askatzen dituzte (histamina da beharbada ezagunena), alergiaren sintomak eragiten dituztenak.

Alergiekin jaio egiten gara ala sortu egiten dira bizitzan aurrera goazen neurrian?

Alergiak sortu egiten dira, bai. Ez gara alergiekin jaiotzen; kontaktua dugun horrekiko sortu dezakegu alergia.

Horrek esan nahi du aldakorrak direla?

Alergiak oso aldakorrak dira, bai, eta, horregatik, oso garrantzitsua da pazienteen jarraipena egitea. Aldaketa intentsitatean egon daiteke, adibidez. Paziente batek hasieran erreakzio arinak izan ditzake, eta bizitzan zehar gero eta erreakzio handiagoak eduki, edota alderantziz.

Bestetik, aldaketa alergenoan bertan ere gertatu daiteke. Paziente bat alergikoa izan daiteke elikagai batekiko edo elikagai-familia batekiko, eta, urteek aurrera egin ahala, elikagai hori aldatu daiteke.

Ingurunearekiko alergiak aipatu dituzu. Beharbada horiek dira alergia ohikoenak?

Ingurunearekiko alergiei buruz hitz egitean, udaberriko polenekiko alergian pentsatzen dugu. Baina errealitatea da gurean beste hainbat alergia ditugula. Euskal Herrian, zuhaitz edo landare batzuekiko alergiak ere badaude; Araba aldean, onddoekiko alergia ere nahiko ohikoa da; eta kostatik gertu akaroekiko alergiko asko dago. Azken horiek, gainera, urte osoan zehar pairatzen dute.

Elikagaien alergien kasuan, zein dira ohikoenak?

Bizitzaren lehen urteetan, alergia arruntenak arrautzarekiko eta esnearekiko alergiak dira. Helduagoen artean, fruitu lehorrek ere beren garrantzia dutela ikusi dugu, eta helduaroan ohikoagoak dira fruituekiko, arrainekiko eta mariskoarekiko alergiak.

Hala ere, elikagaiek eragindako alergiak eta intolerantziak desberdindu behar dira.

Gauza ezberdinak dira erabat?

Bai, guztiz desberdinak dira, eta desberdintasun bat sortze-mekanismoa da.

Alergien kasuan, lehen aipatu dut mekanismo immunologiko bat dela. Intolerantzien kasuan, berriz, arrazoia defizit entzimatiko bat izan daiteke, edota elikagaiaren absortzioaren arazoren bat, besteak beste. Beste desberdintasun bat sintomak dira. Alergia batean sintomak oso larriak izan daitezke, eta intolerantzietan, printzipioz, ez dute larritasunik, askotan oso deserosoak diren arren.

Elikagaien kasuan, lagunduko luke haurrak zenbait elikagaiekiko kontaktu hori lehenbailehen izateak alergiarik ez sortzeko?

Bai, hainbat ikerketek azaldu dute haurrei elikagai alergeniko horiek geroz eta lehenago emanez gero, elikagai horiekiko alergia izateko arriskua murriztu egiten dela. Beraz, jarraibide hori eman ohi da gaur egun.

Hala ere, elikagaiak noiz sartu baino konplexuagoa da kontua. Hainbat faktorek egiten dute bat alergia bat agertzerakoan, ezta?

Bai, hasieran aipatu dudan bezala, alergien ugaritzearen atzean arrazoi asko daude. Uste da elikagai geroz eta prozesatuagoak jateak ere eragiten duela, baita mikrobiotak ere, eta hainbat ikerketa daude martxan prozesu horiek ulertzeko.

Zein da alergia baten arriskurik larriena?

Anafilaxia bat izatea. Erreakzio alergiko batean, gertatu daiteke, azalaz gain, gorputzeko beste aparatu edo sistema batean ere gertatzea erreakzioa, esaterako, arnasbideetan, digestio-aparatuan edo sistema kardiobaskularrean. Kasu horretan, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, botagura edo zorabioa izan dezakegu. Anafilaxia larriei shock anafilaktiko deritze, eta heriotza eragin dezakete.

Zer egin daiteke arrisku hori saihesteko?

Guk hainbat mailatako tratamenduak ditugu. Adibide bat jartzearren, paziente bat elikagai batekiko alergikoa denean, lehenengo maila elikagai hori eta elikagai-familia hori saihestea da, logikoki. Hurrengo pausoa tratamendu sintomatikoa da, eta, horretarako, hainbat farmako erabiltzen ditugu: ahoko antihistaminikoak edota adrenalina autoinjektagarria, besteak beste. Hirugarren pausoa izango litzateke alergia horren jatorrira joatea, konpontzen saiatzeko. Tratamendu horrek immunoterapia izena du, eta alergeno-dosi gradualki handiagoak ematean datza, beti ere modu kontrolatuan eta mediku-gainbegiratzearekin. Tratamendu horren helburua da pazienteak elikagai hori toleratu ahal izatea.

Zein da tratatu duzun alergiarik arraroena?

Galdera hau nahiko ohikoa izaten da familia edo lagun artean. LTParekiko alergia aipatuko nuke. Alergeno hori melokotoien, brinoien, paraguaioen eta antzeko fruten azalean dago, eta konposatu horrekiko alergiak duen berezitasuna da kofaktoreak oso garrantzitsuak direla. LTParekiko alergikoa den pertsona batek melokotoi bat jan dezake azal eta guzti eta erreakziorik ez izan, lasai baldin badago. Aldiz, gaixorik badago, hilekoarekin badago edota melokotoia jan eta kirola egitera joaten bada, erreakzio larri bat izan dezake.

Botikei ere alergia izatea ohikoa da; esaterako, penizilinei. Alergia horiek arazo bikoitza dira, ezta?

Bai, arazo larria da, baina penizilinen kasuan, badago datu aipagarri bat. Gaur egun, badakigu historikoki penizilinei alergia diagnostikatu zaien pazienteen % 90 ez dela izatez penizilinekiko alergikoa; beraz, pertsona horiek farmako-talde garrantzitsu bat ekidin dute, berez ekidin behar ez zutenean.

Alegia, diagnostiko oker bat dela eta ondorio larriak izan ditzakeela, ezta?

Bai, hori da. Batzuetan diagnostiko okerrak egiten dira alergien kasuan, eta, beste batzuetan, gerta liteke diagnostiko hori egin ez izana. Penizilinen kasura itzulita, horiek erabiltzen ez badira, beste antibiotiko batzuk erabiltzen dira, askotan, eraginkortasun baxuagokoak, albo-ondorio gehiago dituztenak, garestiagoak, erresistentzia gehiago sortu ditzaketenak, eta abar.

Uste duzu alergia berriak agertuko direla hemendik epe motz-ertainera?

Ziur. Duela urte batzuk ezagutzen ez ziren alergiak ditugu gaur egun gure artean, eta ziur etorkizunean beste alergia batzuk sortuko direla. Azken finean, alergiko egiten gara kontaktua dugun horrekiko, eta, gure ingurua aldatzen ari denez, alergiak ere aldatuko dira.

Beraz, ziur asko dagoela oraindik ikertzeko.

Ikaragarri. Oso eremu zabala da, nahiko gaztea, gainera, eta, beraz, ikerketarako espazio handia dago oraindik. Alergiarik ez da faltako, eta ikerketarik ere ez.

Oihana Jauregi Larretxea

Elhuyar Zientzia

Iñaki Maiz Uranga alergologoa, Donostia Ospitalea. ARG.: Elhuyar

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna