Mundu mailako zortzi minbizi-kasutatik bat infekzioekin erlazionatuta dago

Helicobacter pylori eta giza papilomaren birusa dira minbizi-kasu gehien eragiten dituzten patogenoak.

Infekzioen kontrolerako ekintzak minbizia prebenitzeko erreminta oso garrantzitsua dira. ARG.: nappystudio/Unsplash


2024an diagnostikatutako 2,3 milioi minbizi-kasu berrien % 12 infekzio batekin erlazionatuta dago, The Lancet Oncology aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera.

«Asian detektatu ziren kasu guztien % 42»

Helicobacter pylori bakterioak eragin zituen minbizi gehien; 760.000 kasu, hain zuzen, eta urdaileko minbiziarekin erlazionatu zen, gehienbat. Eragin antzekoa izan zuen giza papilomaren birusak. 750.000 minbizi-kasurekin erlazionatu zen; kasu honetan, umetoki-lepoko minbiziarekin, nagusiki. Horien atzetik, B eta C hepatitisaren birusak, eta Epstein-Barr birusa gailendu ziren, minbizia eragiten duten patogenoen artean.

Errenta baxu eta ertaineko herrialdeetan bildu ziren infekzioekin erlazionatutako minbizi-kasuen % 77, eta Asian detektatu ziren kasu guztien % 42.

«Pertsona oso gutxik garantzen dute minbizia infekzioaren ondorioz»

Patogenoak dira saihestu daitezkeen minbizi-kausa nagusia mundu mailan, eta Munduko Osasun Erakundeak 13 patogeno identifikatu ditu, zeinak gizakiengan minbizia eragiten duten.

Egileek azaldu dute ohikoa dela patogeno horietako baten infekzio bat izatea, baina pertsona oso gutxik garantzen dutela minbizia infekzioaren ondorioz. Helicobacter pylori-k edo giza papilomaren birusak eragindako infekzio bat izan duten gehienek ez dute minbizia garatuko.

Argitaratutako datuek argi utzi dute infekzioak kontrolatzeko ekintzak erreminta oso garrantzitsua direla minbizia prebenitzeko, hala nola infekzio horien aurkako txertaketak, lesioen miaketak, eta sexu-transmisiozko gaixotasunen prebentzioa.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna