Medikuntzako Nobel saria, argiak erregulatutako ioi-kanalen eta optogenetikaren inguruan egindako aurkikuntzengatik

Karl Deisseroth, Peter Hegemann eta Georg Nagel ikertzaileek jasoko dute 2026ko Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria.

Karl Deisseroth, Peter Hegemann eta Georg Nagel. ARG.: Arg. Ill. Niklas Elmehed © Nobel Prize Outreach


Zientziak aspalditik ulertu nahi izan du burmuinak nola sortzen dituen oroitzapenak, sentimenduak eta jarrerak. Aurtengo Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saridunek egindako aurkikuntzek optogenetika izeneko metodo berritzailea garatzea ahalbidetu dute. Metodo horri esker, denbora errealean detekta daiteke burmuineko zein nerbio-zelula aktibatzen diren oroitzapen, sentimendu eta jarrera baten aurrean.

«Optogenetikak aukera ematen du burmuina orain arte ezinezkoa zen modu batean kartografiatzeko», esan du Per Svenningsson Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Batzordeko presidenteak.

«Kanalrodopsina proteina txertatuta, zelula-mota guztiak argiarekiko sentikor bihurtzen dira»

Hegemannek eta Nagelek kanalrodopsina izeneko proteina bat aurkitu zuten alga zelulabakar batean. Ondoren, Deisserothek proteina hori aldatu zuen, eta argiaren bidez aktibatzen den ioi-kanal bihurtu, nerbio-zeluletan funtziona zezan.

Alga batekin hasi zen guztia

Hegemanni jakin-min handia pizten zioten Chlamydomonas generoko algek. Zelulabakarrak dira, eta gai dira argi-iturri bat hauteman eta harengana igeri egiteko. 2000ko hamarkadan, Hegemannek eta Nagelek kanelrodopsina proteina aurkitu zuen alga horien gainazalean, eta frogatu zuten proteina horrek kanal modura jarduten duela argi urdinaren eraginpean aktibatzen denean. Argi urdinak kanala irekitzen du, ioiak algaren barnera sartzen dira eta pultsu elektriko bat sortzen da. Gainera, ikertzaileek frogatu dute proteina horrek bere funtzioa mantentzen duela beste edozein zelula-motatan, eta zelula hori argiarekiko sentikor bihurtzen duela.

«Zelula horiek argi urdinarekin argiztatzean, nerbio-seinale bat sortzea lortu zuen Karl Deisserothek»

Arratoiekin jarraitu zuen

Aurkikuntza horietatik abiatuta, Karl Deisserothek proteina hori arratoien nerbio-zeluletan txertatu zuen. Zelula horiek argi urdinarekin argiztatzean, nerbio-seinale bat sortzea lortu zuen. Ondoren, gauza bera probatu zuen, baina sagu bizietan; eta, kasu horretan ere, nerbio-seinalea eragitea lortu zuen.

Optogenetika jaio zen

Gaur egun, aurkikuntza horiek oinarri hartuta sortu den metodo berriari optogenetika esaten zaio, eta argia erabilita nerbio-seinaleak identifikatzeko eta kontrolatzeko aukera ematen du. Dagoeneko ikerketa batzuk egin dira teknika hori erabilita, eta ikertzaileak gai izan dira oroitzapen, sentimendu eta jarrera zehatzen atzean dauden neurona-zirkuituak ezagutzeko, besteak beste, hainbat nahasmendu neurologikoren eta psikiatrikoren kasuan: depresioa, antsietatea, eskizofrenia, alzheimerra, parkinsona...

Medikuntza klinikoan, ikusmen-urritasuna duten pertsonen ikusmena leheneratzeko aukera eman dezake; adibidez, erretinosi pigmentarioaren kasuan. Horrez gain, iradoki dute kokleako inplanteak hobetzeko ere balio dezakeela.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali