Elkarrizketa

Maddi Astigarraga Bergara

«Gauzek nola funtzionatzen duten deskubritzea gustatzen zait»

Maddi Astigarraga Bergarak, hasiera batean, Biomedikuntza ikasi zuen, baina, gaur egun, ilustrazio zientifikoaren munduan dabil, buru-belarri. Lehen kolpean ibilbide berezia egin duela iruditu arren, ezagutuz gero, argi nabaritzen zaio jakin-mina borborka duela, eta aurrean azaltzen zaizkion ate guztiak irekitzeko prest dagoela.

Hala, unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaian, garbi zeukan zientzietatik jo nahi zuela. Horrela gogoratzen du: “Betitik gustatu zait asko zientzia, eta, gainera, oso irakasle onak izan ditut. Adibidez, DBHn izan genuen irakasle batek izugarrizko pasioa transmititzen zuen, eta esperimentatzen ere uzten zigun. Hori zen niri gehien gustatzen zitzaidana; gauzek nola funtzionatzen duten deskubritzea”.

«Betitik gustatu zait asko zientzia, eta, gainera, oso irakasle onak izan ditut.»

Hasiera batean, Biokimika ikasteko asmotan zebilen, baina gero Biomedikuntza zegoela ikusi zuen, eta, giza gorputzaren funtzionamendua asko interesatzen zitzaionez, huraxe aukeratu zuen. “Eta, gustatu bazitzaidan ere, giza gorputzaz harago dagoena ezagutzeko gogoz geratu nintzen”, aitortu du.

Hortaz, masterrak begiratzen hasi zen. “Orduan jakin nuen ilustrazio zientifikoa lanbide bat zela. Hori baino lehen, ez nuen planteatu ere egin”. Hala ere, onartu du txikitatik marrazten duela. Seguru asko, etxetik ere badatorkio joera: “Ama Matematikako eta Ikus hezkuntzako irakaslea da, eta oso artista da. Etxean eskulan asko egiten genituen eta asko marrazten nuen”.

Batxilergora iritsi zenean, ordea, marrazketari baino garrantzi handiagoa ematen zien beste diziplinei, eta margotzeari utzi zion. Nork esango zion, orduan, gerora ilustratzaile profesionala izango zenik!

Ilustrazioa, ofizio

Masterra egin zuen arte. “Ez nuen halakorik imajinatzen, baina, masterra bukatutakoan, apustu egitea erabaki nuen, eta hemen nabil. Badakit ez dela erraza, baina burugogorra naiz, eta aurrera ateratzeko ahalegin guztia egingo dut”, adierazi du, kementsu.

Horrela azaltzen du bere asmoa bere webgunean: “Ikusezina ikusgarri bihurtu nahi dut, konplexua ulergarri, eta nire ilustrazioak ikusten dituztenen mundu zientifikoarekiko jakin-mina piztu”.

Oraingoz, apustua emaitza onak ematen ari da, eta aitortza ere jaso du. Adibidez, 2022ko Jot Down lehiaketa irabazi zuen, ilustrazio zientifikoaren adarrean, emakume zientzialarien ikusgaitasunik eza irudikatzen zuen ilustrazio batekin: Ikusezinak.

«Jot Down lehiaketa irabazi zuen, emakume zientzialarien ikusgaitasunik eza irudikatzen zuen ilustrazio batekin»

Ikasteko ere balio dio ilustrazio zientifikoak: “Nire lehenengo proiektu handitxoa intsektuei buruzkoa izan zen, eta orduantxe hasi nintzen kontatzen xomorroen hankak. Esaten nuen: 23 urterekin ikasi dut zer den intsektu bat eta zenbat hanka dituen, benetan?”, bota du, umoretsu.

Bidean zailtasunak ere badaude, noski. Ziurgabetasuna, autonomo izateak dakarren guztia… Agian, gehien kostatzen zaiona da besteen onarpenaren mende egotea: “Lan gehienak enkarguz egiten ditut, eta, bestela ere, jendearentzat egiten ditut. Eta gogorra egiten zait besteek nola ikusiko duten pentsatzea. Sentsazioa da beti oniritzia eskatzen nabilela”.

Dena dela, oso gustura dago bere lanak izaten ari diren harrerarekin. Aurten, liburu ilustratu bat atera du Irati Diez Virtoren testuekin: Nola egiten dute lo animaliek? (Sua edizioak, 2026), eta beste esperientzia pozgarri asko ere izan ditu; esaterako, esklerosi anizkoitza dutenen elkartearekin egindako lanari esker.

Orain, kezkatuta dago adimen artifizialaren erabilerarekin, lehen ilustratzaileek egiten zituzten lan asko orain sistema horiekin egiten baititu jendeak. “Baina gaur baikor nago. Beste egun batzuetan ez da horrela izaten, baina gaur iruditzen zait onerako ere izan daitekeela, jendeak ikasiko duelako eskuz egindakoari balioa ematen”. Halabiz!


Maddi Astigarraga Bergara 1997an jaio zen, Deban. Biomedikuntza zientziak ikasi ondoren, ilustrazio zientifikoan espezializatu zen. Gerora irakaskuntza-masterra eta Datuen bistaratzea eta informazioaren diseinuaren masterra egin ditu. Egun, ezagutza zientifikoa zabaltzen dihardu, ilustrazio zein tailerren bidez, eta zenbait ikertalde eta eragilerekin elkarlanean.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Maddi Astigarraga Bergara ilustratzaile zientifikoa

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Giza zientziak