AEMPS sendagaien eta osasun-produktuen Espainiako Agentziak txosten bat argitaratu berri du, produktu homeopatikoen eraginkortasunari eta segurtasunari buruz egin diren ikerketetan eta beste gobernu batzuetako erakundeek egin dituzten ebaluazioetan oinarrituta. Eta ondorioztatu du ebidentzia ez dela nahikoa tratamendu homeopatikoak gomendatzeko, inongo patologiatan.
Bi arrazoi nagusi eman ditu AEMPSk ondorio horretara iristeko: produktu homeopatikoak ez dira plazeboa baino eraginkorragoak ikerketetan; edo, bestela, aztertutako ikerketen metodologia ez da kalitatezkoa, eta, beraz, ezin dira ontzat jo. Txostenean azaltzen denez, plazeboarekin alderatuta diferentziak aurkitu dituztenean ere, ausazkoak izan daitezke, edo alborapenen ondoriozkoak.
«ondorioztatu du ebidentzia ez dela nahikoa tratamendu homeopatikoak gomendatzeko, inongo patologiatan»
Txostenean homeopatiaren printzipioak ere azaltzen dira, eta nabarmentzen da ez dutela oinarri enpirikorik ez zientifikorik. Besteak beste, “uraren memoria”ren kontzeptua pentsamendu arrazionaletik kanpo dagoela baieztatzen du. Azpimarratzen du, gainera, deigarria dela ez egotea tratamendu homeopatikorik gaitz akutu eta larrientzako, eta gehienak gaixotasun arinentzat eta berez sendatzen direnentzat izatea, edo behin eta berriz agertzen diren kronikoetarako.
Beste gobernuetako erakundeen ebaluazioak ere laburtzen ditu txostenak: Erresuma Batukoa, Suitzakoa, Australiakoa, Frantziakoa, Alemaniakoa eta AEBkoa. Oro har, ikusten da joera hau dela: homeopatiari mugak jartzea eta babes publikoa kentzea, pazienteak babesteko asmoz.
«deigarria da ez egotea tratamendu homeopatikorik gaitz akutu eta larrientzako, eta gehienak arinentzat eta berez sendatzen direnentzat izatea»
Horrez gain, produktu homeopatikoen eraginkortasuna nola ebaluatzen den ere azaltzen da txostenean, eta esplikatzen da zergatik ematen duten onuragarriak diren irudipena. Batetik, berez sendatzea eta denboran tratamenduarekin bat egitea gerta liteke. Bestetik, plazebo-efektuagatik ere izan daiteke. Hirugarren azalpena da tratamendua jasotzen ari denak ikertzailearen itxaropenak betetzea (Pigmalion-efektua edo autobetetzen den profezia). Azkenik, positibo faltsuak ere egon daitezke.
Eraginkortasunaren eta segurtasunaren ebaluazioak nola egin duten ere azaltzen da. Segurtasunari dagokionez, hau omen da arriskurik handiena: oinarri zientifikoa duen tratamenduari uko egitea.
Finean, adierazten du herritarrek jakin behar dutela tratamendu homeopatikoek ez dutela ebidentzia zientifikorik, eta beren burua arriskuan jartzen dutela haiekin ordezkatzen badituzte ebidentzia duten tratamendua medikoak.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



