MV Hondius gurutzaontziko agerraldia eragin duen birusa sekuentziatu dute Infekzio Biralen Erreferentziazko Zuitzako Zentroak eta Zuricheko Unibertsitateak. Horri esker, ikertzaileek baieztatu dute Andeetako anduia dela. Horrez gain, nabarmendu dute ez dutela ikusi material genetikoa nahasi denik; alegia, ez dirudi aldaera berri bat denik.
Datu-base globaletan dauden sekuentziekin alderatuta, frogatu dute 2018-2019an Argentinan beste agerraldi bat eragin zuen birusaren ia berdina dela. Hori garrantzitsua dela esan dute, aditzera ematen baitu karraskarietatik gizakietara kutsatu dela, orduan geratu zen bezala.
«nabarmendu dute ez dutela ikusi material genetikoa nahasi denik; alegia, ez dirudi aldaera berri bat denik»
Hala ere, genoma bakarra sekuentziatu dutenez, ezin dute jakin agerraldi honetan behin baino gehiagotan gertatu ote den animalietatik gizakietarako kutsatzea, edo kutsatze bakarra egon den animalietatik, eta gero gizakitik gizakira transmititu ote den.
Halaber, sekuentziazioa baliagarria da proba diagnostikoak baliozkotzeko. Hau da, orain erabili duten PCR-proba egokia dela berresteko. Izan ere, birusak mutazioak balitu probak detektatzen dituen zatietan, negatibo emateko arriskua egongo litzateke.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



