Irudi-biomarkatzaileak alboko esklerosi amiotrofikoa detekatzeko

Juan Carlos Quizhpilema Cedeño,NUPeko doktorea, NAIR Center-en. ARG: NUP


Garuneko erresonantzia magnetiko aurreratuari esker, ohiko erresonantzian ikusten ez diren alboko esklerosi amiotrofikoaren alterazio bereizgarriak detektatu ditu Juan Carlos Quizhpilema Cedeño ingeniari biomedikoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duen doktoretza-tesiaren barruan.

Alterazio horiek irudi-biomarkatzaile gisa balio dezakete; hau da, lagungarriak izan daitezke gaixotasuna diagnostikatzeko eta haren jarraipena egiteko. Bereziki, bi hauek nabarmendu ditu: burdinaren metaketa kortex motorrean (borondatezko mugimenduak kontrolatzen dituen garuneko aldea), eta traktu kortikoespinaleko kaltea (garunaren eta bizkarrezur-muinaren arteko komunikazio-bide nagusia).

«lehen sintomak agertzen direnetik diagnostikoa baieztatzen den arte, hamabi-hemezortzi hilabete igarotzen dira»

Aurkikuntza itxaropentsua da, gaixotasun horren azterketa klinikoa oraindik ere konplexua baita hasierako faseetan. Hain zuzen, lehen sintomak agertzen direnetik diagnostikoa baieztatzen den arte, hamabi-hemezortzi hilabete igarotzen dira, eta, bitartean, kalte neurologikoak abiada bizian egiten du aurrera, eta pazienteak ez du jasotzen tratamendu egokia.

Horrenbestez, espero dute lan horrekin aurrerapauso bat ematea, tresna objektibo, ez inbaditzaile eta erreproduzigarri bat lortzeko, alboko esklerosi amiotrofikoaren diagnostikoa lehenago egiteko eta jarraipen hobea egiteko gaixotasunaren bilakaerari.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali