Hantabirusa, Osasun Bakarraren beharra berriro agerian jarri duen birusa

Rattus norvegicus. ARG: Reg Mckenna /CC BY 2.0


Hantabirusak Bunyaviridae familiako birusak dira. Animalietan bizi dira, batez ere, karraskarietan, eta pertsonak infektatu ditzakete; hau da, zoonotikoak dira. Koreako Gerraren ondotik identifikatu ziren, agerraldiak izan baitziren, eta hango Hantan ibaitik datorkie izena.

Animalietan, infekzio asintomatikoa eta iraunkorra sortzen dute. Karraskarien gorotzetatik eta gernutik askatutako tantaxka eta aerosoletatik kutsatzen da gizakietara, baita arramazken eta hozken bidez ere. Sintomak kutsatu eta 1-8 astera bitartean azaltzen dira.

«bi taldetan bereizten dira: Mundu Zaharrekoak (Asia eta Europa) eta Mundu Berrikoak (Amerika)»

Hantabirusak bi taldetan bereizten dira: Mundu Zaharrekoak (Asia eta Europa) eta Mundu Berrikoak (Amerika). Lehengoek giltzurrun-sindromedun sukar hemorragikoa eragiten dute, eta gaixoen % 1-15 hil egiten dira. Bigarrengoek birika-sindromea eragiten dute, eta hilgarriagoak dira, erdiak baino gehiago hiltzen baitira.

Lehen sintomak beste gaitz askorenekin nahas daitezke. Hortaz, diagnostikoa odolean antigorputzak detektatzean edo PCRan datza. Bestalde, ez dago gaitzaren kontrako txertorik, ez berariazko tratamendurik; hortaz, sendabidea sintomak tratatzean oinarritzen da.

«Mundu Berriko taldeko Andes anduia, pertsonen artean kontaktu bidez kutsa daiteke»

Berez, arraroa da hantabirusak pertsonatik pertsonara transmititzea, baina bada aldaera bat, Mundu Berriko taldeko Andes anduia, pertsonen artean kontaktu bidez kutsa daitekeena.

Berriki, Ushuaiatik (Argentina) abiatu zen gurutzaontzi batean agerraldi bat izan da, eta hiru hildako eta zenbait infektatu izan dira. Azkenean, Kanariar Uharteetan porturatuko da gurutzaontzia, eta bidaiari bakoitzari behar duten arreta emango zaio.

Agerraldiak saihesteko, prebentzioa da bidea: karraskarien gertutasuna eragoztea, garbitasuna, eskuen higienea…Horren gainetik, Osasunaren Mundu Erakundeak gogorarazi du Osasun Bakarra giltzarria dela, alegia, modu bateratuan zaintzea ingurunearen, animalien eta gizakien osasuna.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali