Mielinak, seinaleak transmititzea errazteaz gain, aktiboki parte hartzen du garunaren plastikotasunean, hau da, garunak egokitzeko duen gaitasunean. Horixe ondorioztatu dute Marta Cimadevilla Fondevila eta Carlos Matute Almau EHUko ikertzaileek Trends in Molecular Medicine aldizkarian argitaratu duten ikerketan. Horrek indartu egiten du neurozientziaren arloan gertatzen ari den paradigma aldaketa: mielina egiturazko elementu izatetik, garun-funtzioaren osagai aktiboa izatera.
Mielina nerbio-zuntzak biltzen dituen egitura da, eta garunean seinaleak azkar transmititzea ahalbidetzen du. Hainbat hamarkadaz, nerbio-eroapena bizkortzeaz arduratzen den egiturazko osagaitzat jo da. Baina azken ikerketak erakusten ari dira mielina ez zela elementu pasiboa; aitzitik, garunaren jarduerari erantzuten dion egitura dinamikoa dela.
Ikertzaileek azaldu dutenez, mielina garunari berrantolatzeko aukera ematen dioten mekanismoetako bat da. Aktiboki parte hartzen du garunaren plastikotasunean.
Ikerketak erakusten du seinale neuronalek aktiboki kontrolatzen dituztela mielinaren antolaketa eta dinamika. Garuneko GPCR errezeptoreek jarduera neuronala eta mielinaren birmoldaketa lotzen dituzte helduen garunean. GPCRek zenbait neurotransmisoreren funtsezko sentsore gisa jarduten dute: glutamatoa, azetilkolina eta histamina, esaterako. Eta errezeptore oriek aktibatzeak honako mekanismo zelular hauek eragiten ditu: mielina-zorro berriak sortzea, daudenak birmoldatzea eta zirkuitu neuronalen egokitzapen funtzionala. Mekanismo horrek zuzenean lotzen du jarduera sinaptikoa mielinaren egiturazko aldaketekin, eta oinarri molekularra ematen du garun helduaren plastikotasunerako.
Mielinak gaixotasun neurologiko askotan parte hartzen du; besteak beste, esklerosi anizkoitzean eta nahasmendu neurodegeneratiboetan. Beraz, nola erregulatzen den ulertzeak aukera terapeutiko berriak irekitzen ditu. Hain zuzen ere, ikertzaileen ustez, GPCR bidezko seinaleztapena jomuga estrategiko bat izan liteke mielina modulatzeko eta gaixotasun neurologikoetan terapia berriak garatzeko.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



