Agustin Arrieta Urtizberea Filosofoa

“Gure sinesmenak zalantzan jartzeko gaitasuna da pentsamendu kritikoa izatea”

2020/12/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pentsalariek diote pentsamendu kritikoa izatea dela XXI. mendeko giza abilezia garrantzitsuena. Informazio-gehiegikeriaren gizarte honek erraztu egiten die sarbidea sasiegiei eta informazio faltsuei, eta, oso kritikoak izan ezean, manipulatzen errazak bihurtzen gara. Askatasunak oso berea duen ezaugarria da pentsamendu kritikoa. Agustin Arrieta EHUko filosofoak eman digu gaitasun hori garatzeko giltzarria: gure sinesmenak alde batera uzteko prest egotea.
Arg. Jagoba Manterola/©FOKU
Azken aldian, sasiegien fenomenoa azaldu da. Berria al da?

Beti izan dira sasiegiak, ez dira gauza berria. 1970-80 inguruan azaldu ziren, AEBn, indar handiz, komunikabideetan izugarrizko aldaketak egon zirenean. Orain, zeozer berria gertatzen ari da, baina, batez ere, tamainan da berria.

Sare sozialek eta egungo kazetaritza-ereduak ekarri duten zerbait da. Etengabe konektatuta gaude mugikorrean, eta dena da “I like it”. Albisteak pasa eta pasa aritzen gara etengabe mugikorrean —like, like, like—, eta, hala, albisteen aukeraketa bat egiten da, azkenean erabakitzen duena zein albiste pasatuko diren lehenengo lerrora. Albisteak mundu osoan zabaltzen dira, inongo kontrolik gabe. Albistea onartua izan dadin erabiltzen den irizpidea ez da egindako ikerketa edo egiaztapena.

Eta zer da sasiegia?

Esango nuke dela balio batzuk gutxiestea: objektibotasuna, inpartzialtasuna, neutraltasuna, ebidentziei kasu egitea... Alegia, ezagutzari lotzen zaizkion balio epistemikoak gutxiestea. Hitzontziaren figura agertu da, alegia, pertsona bat gai dena diskurtsoak trebetasunez eratzeko, baina aipatu balio horiei kasu egin gabe. Moda bilakatu da gutxiespen-mota hori. Gezurtia gaizki ikusia dago, baina ez dakit beste hori hain gaizki ikusia dagoen. Ez nago hain seguru.

Askotan, mugimendu ezkertiarrek erosi dute hori. Zergatik? Arrazoi asko daude: oinarrian badago zientzia absolutuaren kontrako jarrera bat, boterearen kontrako jarrera bat, asmo onez sortu zena. Baina, gaur egun, Trump bera dago joko horretan.

Adibidez, Oregonen eta Kalifornian sute ikaragarriak izan direnean, klima-larrialdiaren negazionista bati, petrolio-konpainia baten jabeari, etxea erre zitzaion. Komunikabideetan atera zen esanez zuhaitzen erruz zabaldu zela sua, eta zuhaitzak kendu behar direla. Oso trumpista.

Objektibotasuna eta balio epistemikoekiko begirunea galtzea oso arriskutsua da. Hannah Arendt-ek oso argi esan zuen, nazismoa eta totalitarismoak ikertu zituenean: manipulaziorako eta totalitarismorako atea da hori, konformismoaren eskutik datorrenean.

Zer estrategia erabiltzen dute jendeak gauzak sinets ditzan?

Emozioak ukitzera jotzen dute askotan (beldurrak, kezkak, nahiak…), jendeak arreta jartzen baitu horietan. Garai batean, telebistan jartzen zutena ikusi behar zen, baina, gaur egun, bakoitzak nahi duen informazio-iturria bilatzen du eta zer entzun nahi duen aukeratzen du. Entzun nahi duena bakarrik entzuten duenez, bere iritziak elikatzen ditu etengabe, eta, horrekin, bere beldurrak. Eta horren atzean pertsona trebe bat dago, identifikatu duena jendeak zer entzun nahi duen gai baten inguruan.

Gure beldurrak ukitzen dituzten unean, gai al gara pentsamendu kritikoa izateko?
Arg. Jagoba Manterola/©FOKU

Ez da erraza, eta inor ez dago libre arrisku horretatik. Baina aldarrikatu beharra dugu: ez geratu eroso zure beldur, nahi, sentimendu, emozio horietan. Hori da, hain zuzen, jarrera kritiko bat izatea. Baina deserosoa da, ahalegin bat egitea eskatzen baitu. Erosoena da zuk uste eta sentitzen duzun hori behin eta berriz elikatzea.

Pertsonok oinarrizko zer gaitasun ditugu pentsamendu kritikoa garatzeko?

Garrantzitsuena da ia-ia haur baten portaera izatea. Harridura azaltzea, etengabe galderak egitea…Gaitasun hori da garrantzitsua. Askotan, erosoena da galderarik ez egitea, batez ere entzuten duzunak zure sinesmenekin bat egiten badu. Erosoagoa da ez ikusiarena egitea.

Horregatik, esango nuke ezinbestekoa dela galdera zorrotzak egiteko gaitasuna lantzea, une bakoitzean eta testuinguru bakoitzean. Izan testuinguru zientifiko batean, egungo pandemian adibidez, edo edozeinetan. Ni oraindik shock egoeran nago pandemia dela eta. Galdera egokien bila nabil, horiek ematen baitidate sarbidea kritikoa izateko. Bertrand Russelek askotan esaten zuen hori filosofiaz: garrantzitsuena ez da zer erantzun ematen dituen, baizik eta nolako galderak egiten dituen. Eta eguneroko bizitzan, berdin.

Pentsamendu kritikoa arrazionaltasunarekin eta analizatzeko gaitasunarekin erlazionatzeko joera dago, baina garrantzitsuak al dira gaitasun emozionalak ere?

Bai, zalantzarik gabe. Pentsamendu kritikoa izatea ez da bakarrik zorrotza izatea analisi-gaitasunari dagokionez. Hori oso garrantzitsua da, baina alderdi bat besterik ez da. Ondo ezagutu behar dituzu zure beldurrak, aurreiritziak, emozioak… Garai askotan arrazionaltasuna lehenetsi da, baina desoreka bat dago hor. Argi dut kritikotasunik emankorrena dela bi mundu horien orekatik sortzen dena, hau da, gaitasun arrazional eta emozionalen arteko orekan dagoena.

Are gehiago, kritikoa izateko orainaldia balioztatu eta etorkizun bat irudikatu behar duzu. Alegia, egoera aldatzeko helburuz egin behar duzu kritika; etorkizun hobeago batean pentsatu behar duzu, denon hobe beharrez. Eta hor balio batzuk jarri behar dituzu mahai gainean. Bestela, egoera baten analisi oso zorrotza egin dezakezu, baina ez du izango egoera aldatzeko gaitasunik, txarra dena kendu eta ona den zerbaitekin ordezkatzekoa. Mugitzeko ahalmen hori edukitzeko, oso ondo maneiatu behar dituzu emozioak eta sentimenduak. Izan ere, balioak sentimenduekin lotuta daude.

Badaude pentsalariak oso arrazionalistak direnak, pentsatzen dutenak gauzak modu arrazional hutsean balioztatu behar ditugula. Ni ez nator bat horrelakoekin. Kant, esaterako, oso pentsalari ona zen, baina paralisi batean bizi zen, arrazionalistegia zelako. Haren pentsamenduak ez zeukan gauzak aldatzeko gaitasunik, balioei lotutako alderdi emozional-sentimental hori falta zitzaion. Oso garrantzitsua da kritikotasunarekin lotzea hori guztia ere.

Ikerketa zientifikoa da pentsamendu kritikoaz eraikitzen den ezagutzaren adibide on bat. Baina zientzia pertsonek egiten dute. Eragiten al dute ikerketa zientifikoan haien aurreiritziek, balioek, beldurrek…?

Bai, bai, eragiten dute. Askotan galdetzen diot nire buruari: zergatik ikertzen da honetaz eta ez beste honetaz? Zergatik ez dira ikertzen gaixotasun hilgarrienak? Hirugarren munduan daudelako. Argi dago ikerketa-bideak pertsonek aukeratzen dituztela, haien interes, nahi eta negozioekin bat. Mundu hobea sortu nahi badugu, hortik ez goaz ondo. Kuban, adibidez, medikuntzari lehentasuna eman zitzaion. Hor erabaki bat hartu zen: osasuna lehenetsiko dugu.

Eta berdin aplikazioei dagokienez: zergatik bultzatzen dira aplikazio batzuk eta ez beste batzuk? Menua oso zabala da, baina batzuk aukeratu dira. Oraintxe bertan, gizarte teknologiko batean bizi gara. Konturatzen al gara? Teknologia gure barruraino sartuta dago, gure ariman, harreman sozialetan. Eta iruditzen zaigu gizarte teknologizatu hau fenomeno natural bat dela, lurrikarak etortzen diren bezala etorri zaigula eta ezin dugula ezer egin. Eta ez da horrela. Gizarte hiperteknologiko hau ez da mirariz sortu, baizik eta zientziaren eskutik. Eta zientzia giza fenomeno bat da, ez fenomeno natural bat. Nork erabaki du hori guztia? Erabaki horiek norbaitek hartu ditu, norbaitek jarri ditu martxan. Nork?

Arg. Jagoba Manterola/©FOKU

Gure egunerokotasunean hainbesteko eragina duen horretan, ez dugu aukerarik izan erabakitzeko. Prozeduran akats handi bat egon da. Horrek min handia eman du. Nik gazteen artean ikusten dut; zientzia boterearekin eta kapitalismoarekin lotzen dute. Sistema kapitalistarekin katramilatuta dago, eta hori askatzea ez da erraza. Badago galdera bat erantzun behar dioguna: nora arraio goaz?

Horretan argi ikusten da nola eragiten duten pertsonen aurreiritzi eta interesek. Baina badago beste puntu bat problematikoagoa. Adibidez, primatologian gertatu zena: gizonezkoek bakarrik ikertzen zuten, eta, primateen gizarte-antolamenduari begiratzean, pentsatzen zuten bazegoela ar alfa bat, eta besteak guztiak haren mende zeudela. Gainera, hortik ateratako ondorioak gizakietara zabaldu zituzten: emeak arren mende egotea naturala zela. Baina, 1970eko hamarkadan, emakumeak sartu ziren primatologian. Oihanetara joan ziren, eta beste gauza bat ikusi zuten. Beste hipotesi batzuk jarri zituzten mahai gainean, itxura guztien arabera hobeto azaltzen zutenak primateen mundua. Diziplina askotan daude horrelako adibideak.

Eztabaida handia dago: batzuek mutur batera jo dute, esanez badagoela gizonezkoen zientzia bat eta emakumezkoen zientzia bat. Nik beste modu batean ulertzen dut: zientzia demokratizatu behar da, eta ez emakumeei dagokienez bakarrik, baizik eta beltzei eta abarri dagokienez ere bai. Jende guztiak izan behar du aukera zientziagintzan aritzeko. Ez bakarrik ikuspuntu sozialetik injustua zelako, baizik eta ikuspuntu zientifikotik ere arazo bat genuelako.

Eta zer aurreiritzi ditu gizarteak berak zientziarekiko?

Bada, pentsatzen dute zientzialariak egia absolutuaren jabe sentitzen direla, eta gizarteak ezin duela ezer esan. Irudi hori oso zabalduta dago, baina okerra da. Nik ez dut ezagutzen zientzialaririk hori aldarrikatzen duenik. Egongo dira batzuk agian negozio-gizonak direnak, baina, oro har, laborategian dabilen zientzialaria, oharrak hartzen, zalantzak argitzen…, ez dut uste egia absolutuaren jabe sentitzen denik, inondik inora.

Zientziagintzaren argazki desitxuratua izanik, horren gainean egiten diren kritikak ere okerrak dira, nire ustez. Batzuengan jarrera agresiboa ikusten dut, etsai ikusten dute zientzia. Zientziagintzaren argazki errealistagoa izan behar du gizarteak, eta, gero, horren gainean, eman egurra! Bestela, alferrik gabiltza, ez dugu ondo bideratuko kritika. Orduan bakarrik aldarrikatu ahal izango da demokratizazioaren beharra, edo salatu sistema kapitalistarekin duen konplizitatea… Niri gustatuko litzaidake zientziagintza bat non ikerketa denon hobe beharrari begira dagoen bideratuta. Eta horrek bultzatzea zientziari egiten zaion kritika.

Pandemia-garaian, jendeak zientziarekiko konfiantza galdu ala irabazi egin du?

Nik uste dut jendeak zientzian esperantza jarri duela. Badirudi txertoak salbazioa ekarriko digula. Gehiegizko esperantza? Edozein kasutan, fenomeno berria da hori. Lehenengo lerrora pasatu da zientzia. Nahiz eta, beste muturrean, badauden zientzia desastre honen errudun jo dutenak ere. Ez dira asko, baina zientziarekiko jarrera erasokorra dute. Beraz, irudi kontraesankor asko daude.

Baina badago gauza bat gustatu zaidana, nahiz eta jende askok irakurketa negatiboa egin duen: ikusi da, nahiko garden, zein den zientziaren funtzionamendua. Lehen, jende askok uste zuen zientzia guztiz sendoa eta ziurtasun handiko jarduera zela. Baina ez, ikusi da epidemiologoen artean eztabaidak eta talkak badaudela, zalantzak, ziurtagabetasuna… Alde horretatik, oso interesgarria izan da agerian geratu dena. Begira, hau da zientzia.

Agian, horrek lagunduko du zientziaren irudia aldatzen, orain arte komunikabideetan transmititzen zen irudi sendo eta gogor hori hausten. Oso garrantzitsua da argazki errealista bat ematea zientziari buruz, haren ahuleziak erakutsi eta irudi umila ematea; bestela, gero kritikak oso gogor egiten dira itxura gogorra duen horren kontra.

Arg. Jagoba Manterola/©FOKU