Giza espezieak lurreko habitat ia guztietara hedatzeko behar izan duen denbora askoz ere laburragoa izan da, eboluzio biologiko soilak azal dezakeena baino. Hala ondorioztatu dute PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Haren arabera, bilakaera kulturalak ekarri du hedapena hain azkarra izatea. Hain zuzen, kalkulatu dute, egokitzapena mekanismo biologikoen bidez soilik egin izan balitz, 88 milioi urte beharko lituzkeela sapiensak, Afrikako sorlekutik atera eta gaur egun duen hedapena lortzeko. Behar izan duena baino 300 aldiz denbora gehiago da hori.
«egokitzapena mekanismo biologikoen bidez soilik egin izan balitz, 88 milioi urte beharko lituzke»
Gainera, 88 milioi urte horietan, 2.200 espezie desberdinetan adarkatuko litzateke Homo sapiensa. Alabaina, giza espeziearen dibertsitate genetikoa askoz ere txikiagoa da, txinpantzeen talde jakin baten barruan dagoena baino. Ondorio horietara iristeko, 6.000 ugaztun-espezieren leinuen eboluzioa eta egokitzapen geografikoak aztertu ditu, eta argi ikusi du kulturak eman diola sapiensari aukera hautespen naturalaren gainetik jauzi egiteko.
Aldi berean, kultura-aniztasunak tokiko espezializazioa eragiten du; hortaz, talde etnolinguistikoek espezieak baino lurralde txikiagoak eta zedarrituagoak hartzen ditu. Aurkikuntza horiek kulturak giza hedapen ekologiko azkarra bultzatzeko duen paper bereizgarria kuantifikatzen dute.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



