Asier Albite albaitaria eta abeltzaina da, eta barru-barrutik ezagutzen ditu bi munduak. Baserriko abereen gaur egungo albaitarien egunerokoa azaldu du, bai eta baserriko albaitarien bizitza modernoaz hausnartu ere.
Nolakoa da gaur egun baserriko abereen albaitarien lana?
Lan sakrifikatua eta bokaziozkoa da. Hasteko, bost urtez ikasi behar da lan horretan jarduteko. Oso esker onekoa da, hori bai. Aniztasun handiko lana da, ez da batere aspergarria, aire librean egiten da, jendearekin kontaktua daukazu… Oso lan polita da, baina desatsegina izan daiteke batzuetan.
Garai batean bailara bakoitzean albaitari bat egoten zen, eta bailarako baserritar guztientzat egiten zuen lan. Baserritarren konfiantzazko profesionala izaten zen, eta beti albaitari hori bera joaten zen, edozein egun, edozein ordu edo edozein abisu-mota zela ere. Albaitaria behar zenuenean, berehalaxe agertzen zen. Animalia eta baserritar asko zeudenez, albaitari bat bizi zitekeen bailara hartatik mugitu gabe. Horrek bazeuzkan abantailak, noski, hala nola gertutasuna, bat-batekotasuna, eta albaitari horrek ukuilua oso ondo ezagutzea. Oso lanketa pertsonala izaten zen, aberasgarria izan zitekeena, baina bazeukan eta gaur egun ere badauka alde txar bat ere: oso lan lotua dela.
Nola aldatu da lanbidea? Nolakoa da gaur egun baserriko abereen albaitari izatea?
Nik enpresa batean egiten dut lan, Albaikide izeneko enpresan. Gure egoitzak Irurtzunen eta Elizondon daude, eta hogei albaitari gara guztira. Gaur egun, Euskal Herri osoan egiten dugu lan, baina lau taldetan gaude banatuta eta talde bakoitzak eremu jakin batean egiten du lan.
Bi astean behin deskantsua izaten dugu, eta bi aste lan egiten ditugu gero. Lan egiten dugun bi aste horietako batean, ordutegi estandarra izaten dugu: goizeko zazpietatik arratsaldeko laurak edo bostak arte, gutxi gorabehera. Hurrengo astean, berriz, hau da, hilabetean astebetez, guardian egoten gara. Guardietan, lanordu estandar horiek egiteaz gain, egun osoa telefonoari adi egon behar dugu, urgentziarik egongo balitz artatu ahal izateko.
Albaitarion artean elkartu izanak ahalbidetu du albaitariaren bizitza hobetzea, denbora libre gehiago baitugu familiarekin edo lagunekin egoteko, eta baita formakuntzan inbertitu ahal izateko ere. Autonomo izanda, oso zaila da hori lortzea. Albaikiden, bulegoan lan egiten duen jendea dugu; pertsona horiek abisuei erantzuten diete, eta badakite momentu oro albaitari bakoitza non dagoen eta zein lanetan dabilen. Beraz, askoz azkarrago bideratu dezakete momentuan lan egiteko egokiena den albaitaria.
Sistemak eduki dezakeen zailtasun bakarra da adineko abeltzain asko dagoela; eta batzuei kosta egiten zaie lan egiteko modua ulertzea. Ohituta daude lehengo moduan lan egiten. Baina nik uste dut horrelako antolaketa-modu bat beharrezkoa dela gaur egun.
Hemeretzi albaitari asko ala gutxi dira Euskal Herri osorako?
Gure enpresaz gain, badaude zerbitzua eskaintzen duten beste enpresa batzuk, albaitari autonomoak eta elkarteak. Azken urteetan, abeltzain-kopurua gutxitu egin da, eta nabarmen gainera, baina behi-kopurua mantendu egin da. Hau da, abeltzainek erretiroa hartu edo lana utzi duten heinean, gelditu diren abeltzainek animalia gehiago hartu dituzte, lursail gehiago ustiatzen dituzte eta, errentagarritasuna topatu nahian, handitzera behartuta sentitu dira. Gaur egungo merkatuak horretara bideratzen gaitu. Izan ere, zenbat eta ukuilu handiagoa izan, eraginkorragoa zara, normalean.
Zuentzat, albaitarientzat, oso ezberdina al da ukuilu handi batentzat edo txiki batentzat lan egitea?
Egia esanda, ez. Zorionez, bezero txikiak eta handiak dauzkagu, eta denak dira beharrezkoak. Bakoitzarentzat lan ezberdinak egiten dira, hori bai. Normalean, abeltzain handiak gai dira zenbait lan edo oinarrizko lanak beraiek egiteko, eta arazo larri bat dutenean deitzen digute soilik. Ukuilu handiekin egiten ditugun beste lanak programatuak izaten dira, eta ukuiluaren gestioarekin erlazionatuta egoten dira gehiago, ez animalia jakin baten tratamenduarekin; adibidez, txertaketak egitea edo lan erreproduktiboak gauzatzea.
Aldiz, ukuilu txikietan egiten ditugun lanak indibidualagoak dira, eta behi bakar bat tratatzea izan daiteke: behia triste dagoela, ez duela behar adina jaten… eta halako hamaika kontu izan daitezke.
Beraz, abeltzain txikiekin egiten den lana klinikarekin erlazionatuagoa egoten da, eta abeltzain handiekin, berriz, gestio-lanean edo ukuiluaren bideragarritasunean laguntzen dugu gehienbat.
Hamaika kontu horiei erantzun ahal izateko, lehenik jakin behar da zer duen animalia bakoitzak. Nolakoa da diagnosi-prozesua?
Animaliekin lan egiteak duen alde txarra da ez dutela hitz egiten, eta ez digutela esaten zer daukaten. Horregatik, lehenengo pausua abeltzainari galdetzea da; animalia horren historiari buruz galdetzen diogu, zein portaera eduki duen, jan ote duen, triste ikusten duen, noiztik dagoen horrela… Prozesu horri anamnesia esaten zaio. Gero, noski, behia ondo behatzen dugu eta zeinu kliniko guztiak atzematen saiatzen gara. Informazio horrekin guztiarekin, puzzle bat osatzen dugu.
Medikuekin alderatuta izan dezakezuen ezberdintasunetako bat lanerako ekipamenduaren eskuragarritasuna eta konplexutasuna izango da, ezta?
Bai, noski. Ekipamendu aurreratuak badaude, baina ez hain eskuragarri. Ospitaleak ere existitzen dira, baina maskotentzat edo gainean ibiltzeko zaldientzat izaten dira. Diru-kontua da gehienbat; hau da, jabeak animalia horren ongizatean zenbat gastatu edo inbertitu nahi duen.
Produkziorako animalien kasuan, hala nola baserriko hainbat abereren kasuan, errentagarritasuna bilatzen da, eta, animalien ongizatea aintzat hartzen den arren, abeltzainek ezin diete aurre egin ekipamendu aurreratuenak erabiltzearen gastuei. Dena dela, guk badauzkagu kotxean garraiatu daitezkeen ekipamendu batzuk, hala nola erradiografo portatil txiki bat eta ekografo bat. Ez dira gustatuko litzaigukeen bezain aurreratuak, baina zenbait funtziotarako oso baliagarriak izan daitezke.
Odol-analisiak egiten dituzue?
Bai. Gaitz batzuen diagnosia egiteko baliagarria izaten da. Guk odol-laginak hartzen ditugu, eta gertuko laborategi batera bidaltzen ditugu. Han analizatzen dituzte, eta bi-hiru edo gehienez lau egunean emaitzak bidaltzen dizkigute.
Abereen osasuna eta ukuiluaren kudeaketa dira zuen lan-esparru nagusiak, beraz. Baina zer geratzen da abereek eragindako osasun-publikoko arazo bat sortzen denean?
Diagnosi-prozesua lehenago azaldutakoa izaten da. Gero, albaitariak ondorioztatzen badu abereak duen gaitza gizakiontzat arriskutsua izan daitekeela edo beste animalia batzuen artean ere oso azkar zabaldu daitekeela, administrazio publikoari jakinarazpen ofizial bat egiten zaio.
Hortik aurrera, administrazioak erabakitzen du; batzuetan ukuiluaren produkzioa gelditzen da edo isolatu egiten dute. Bestetik, azterketak egiten dira ukuiluko edo inguruko ukuiluetako animalietan gaitz hori edo antzeko beste gaitz bat duten jakiteko. Azterketa guztiak eginda ikusten bada gaitz arriskutsu bat dela, horren araberako neurriak hartzen dira. Aldiz, arriskurik ez badago, hor gelditzen da prozesua.
Mota horretako gaitzak kontrolatuta daudela esango zenuke? Edo maiz azaltzen dira gaixotasun berriak?
Gizakietara pasa daitezkeen gaitzak oso kontrolatuta daude; bruzelosia eta tuberkulosia dira mota horretako gaitz arrunten bi adibide. Noizbehinka azaldu daitezke berriak, noski, hori ezin da jakin, baina ezagutzen direnen inguruko kontrola oso zorrotza da. Urtero-urtero albaitari ofizial talde bat ibiltzen da azterketak egiten ustiategi guztietan, eta ziurtatzen dute ez dagoela gaixotasun horietako bat bera ere.
Albaikideko albaitari bakoitzak bere trebeziak ditu? Abere jakin batean edo esparru jakin batean espezializatzen zarete?
Espezializatzen gara, bai, eta hori da, hain zuen ere, talde baten parte izatearen onuretako bat. Albaitari batzuk elikaduran dira espezialistak, beste batzuk podologian, beste batzuk zeregin erreproduktiboetan, eta abar.
Beraz, abisu bat jasotzen dugunean, behar den esparru horretan espezialista den albaitari bat bidaltzen saiatzen gara. Lanpetuta badago, beste albaitari batek egiten du lana, baina espezialistarekin harremanetan jartzen da eta aholkua eskatzen dio.
Behiak, ardiak, zaldiak, txerriak… izango dira gehien tratatzen dituzuen animaliak. Tokatu al zaizue beste animaliarik?
Denetik tokatu zaigu: txakurrak, oiloak, ahateak… Baina esango genuke gure lanaren % 95 behiekin egiten dugula. Jaso izan ditugu abisuak espezializatuta ez gauden animaliak artatzeko, baina ez zaigu gustatzen halakoetan sartzea. Kasu berezietan, zerbait egin genezake, baina gehienetan animalia horretan espezialista den beste albaitari baten telefonoa ematen diegu.
Behietara itzulita, alde handia al dago behi-arraza batetik bestera? Oso ezberdina al da tratamendua batzuetatik besteetara?
Bai, hamaika aldaera daude behien artean, bai geografiaren arabera eta baita produkzioaren arabera ere. Hiru talde nagusitan banatu genitzake: esne-behiak, haragitarako behiak, eta basabehiak. Betizua, esaterako, basabehi-arraza bat da. Ni neu arraza horren oso zalea naiz, eta saiatzen naiz arraza horri lotutako abisuak artatzen.
Izan ere, nahiz eta alde nabarmenak dauden arraza bateko edo besteko behien artean, garrantzitsuena da aipatutako hiru talde horietako zeinetakoa den. Patologiak eta sintomak oso desberdinak izaten dira esne-behien edo haragitarako behien artean. Horregatik, albaitariak ere espezializatu egiten gara behi-mota batean edo bestean. Dena dela, denok artatu behar izan ditugu bateko eta besteko behiak, eta denok gara zerbitzu duin bat emateko gai.
Esan duzu abeltzainen kopurua behera doala urtez urte. Joera berdina da albaitariekin?
Bai, albaitarien kopurua ere jaisten ari da; ez abeltzainena bezainbeste, baina jendea falta dugu. Horren arrazoia, dena dela, ez dago bizi-baldintzekin lotuta, nire ustez. Uste dut abereekiko afizioa galdu dela, eta horregatik daudela baserriko abereen albaitari gutxiago. Gaur egun, gizartearen gehiengoa hiritarra da, eta, ondorioz, animaliekin kontaktu gutxiago dauka, eta are gutxiago baserriko animaliekin.
Pertsona askok ikasten du albaitaritza, baina asko eta asko maskotetan espezializatzen dira, animalia horiekin izan dutelako kontaktu gehiago, edo administrazioko albaitari bilakatzen dira, ordutegia hobea delako eta ez delako guardiarik egin behar.
Beraz, gaur egun kontziliazioa posible da baserriko abereen albaitari izanda?
Zorionez, bai, posible da. Autonomoa izanda zailagoa da, eta garai bateko albaitariaren bizimoduarekin antz handiagoa izan dezake. Baina enpresa batean lan eginda errazagoa da. Abeltzainekin erlazio profesional bat izateko aukera ematen du, erlazio on bat, baina deskonektatzeko aukera ere ematen duena.
Beraz, Euskal Herriko gazteak animatu nahiko nituzke albaitaritza ikastera, eta baserriko abereen albaitaritzan espezializatzera. Lan oso polita da, eta, gaur egun, bizitza pertsonalarekin ongi uztartzeko aukera ere ematen du.
Asko ikusten zaitugu komunikabideetan zure lanaren inguruan hitz egiten. Gustuko duzulako egiten duzu, edo beste helbururen bat duzu?
Gustatzen zait komunikazioa, baina behar bat dagoela iruditzen zaidalako egiten dut. Landaren eta hiriaren arteko lotura falta sumatzen dut, eta arrakala hori geroz eta handiagoa dela iruditzen zait. Niri zubi-lan hori egitea gustatzen zait, landak jarrai dezan hiriari lotuta eta hiriak landari lotuta.
Guillermo Roa Zubia
Kimikan doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea



