Felix Goñi, mintzekin maitemindutako gizona

2003/01/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

2002ko Ikerkuntza Saria Felix Goñik irabazi du. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ikerkuntza-alorrean ematen duen sariaren irabazlea nor den, orain arteko ibilbidea zein izan den eta gaur egun zertan diharduen jakiteko, berarengana jo dugu. Euria goian behean ari duela, goxo hartu gaitu Leioako Biofisika Unitateko bulegoan.
A. Galarraga

Donostian jaioa, Nafarroako Unibertsitatean hasi zen medikuntza ikasten. “Fakultatera iritsi nintzenean, gainontzeko ia guztiek bezala, ez nekien zer zen medikuntza. Kontua da lehenengo urtean Macarullak biokimikako eskolak eman zizkidala, eta hainbesteko zirrara eragin zidan, ezen orduantxe erabaki bainuen biokimikari izan nahi nuela”. 1968-69 ikasturtea zen. Gero, Biokimika Departamentuan sartu zen barneko ikasle moduan, eta Esteban Santiagorekin egin zuen tesia. “Ordurako, gaia bizi guztia hartu didana izan zen; mitokondrio-mintzaren lipidoei buruz egin nuen tesia”.

1975ean irakurri zuen tesia Nafarroako Unibertsitatean, eta hurrengo urtean Dennis Chapman-en laborategira joan zen lanera, Londresera. “Dennis Chapman mintzen ikerketan munduko hiru onenetakoa zen, eta berehala bihurtu zen nire aita zientifiko, baita lagun eta aholkulari ere”. Han bi urtez aritu ondoren, Biokimikako alboko irakasle plaza atera zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 1984an katedratiko izendatu zuten Santanderren, baina berehala itzuli zen. 1986an lortu zuen katedratiko izatea EHUn, eta geroztik beti hor aritu da, 1991n eta 1999an izan ezik, Londresen eta Kanadan egon baitzen denboraldi batean. 1995-1999an, berriz, politika zientifikoaren zuzendari gisa lan egin zuen Eusko Jaurlaritzan, “baina ez pentsa horregatik laborategia alde batera utzi nuenik”.

Lan-taldea, oinarri eta zutabe

Lehenengo mailan irakasle izan zuen Macarulla EHUra etorri zen, eta harekin batera hasi zen lanean 1979an. “Benetan eskuzabala izan zen. Gainera, nagusi perfektua izan da, nahi nuena egiten uzten zidan eta beti babestu nau”.

Felix Goñi mintzekin eta detergenteekin hasi zen lanean, Iñaki Guturbay-rekin batera. Felixek azaldu duenez, detergenteak oso tresna garrantzitsua dira mintzen proteinak kanporatzeko, baita disoluzioan dauden proteinak mintzean barneratzeko ere. “Beti jardun dugu detergenteekin lanean; batzuetan gogo gehiagorekin ekin diogu eta beste batzuetan gutxiagorekin, baina beti egon da hor lerro hori”.

Felix Goñik bizi guztia darama zelula-mintzak ikertzen.

Handik gutxira, gaur egun emazte duen Alicia Alonso tesia egiten hasi zen, eta beste ikerketa-lerro garrantzitsu bati heldu zioten. Hain zuzen ere, mintzen fusioa eta fusioaren mekanismoa hasi ziren aztertzen. Euskadi Ikerkuntza sarien epaimahaiak, besteak beste, lan hori nabarmendu zuela aipatu zuen Felix Goñik.

Garai berean, Jose Luis R. Arrondo bildu zen taldera, eta, infragorrizko espektroskopiaren bidez, proteinen egitura ikertzen hasi ziren. “Munduko lehenengoetakoak izan ginen teknologia hori aplikatzen proteinei”.

Felix Goñiren esanean, lauren artean bultzatu zituzten Biokimikako ikerketak, eta orain ere bertan jarraitzen dute lanean. Geroztik, jende gehiago batu zaie, eta, taldea hazi ahala, ikerketa-lerroak adarkatu egin dira.

Adibidez, Arturo Mugak, Adelina Pradok eta Mª Angeles Urbanejak azpitalde bat osatu dute, eta orain mintzekin zerikusi gutxien duten lanetan dihardute. Proteinak nola tolesten diren ari dira ikertzen; hain zuzen, proteinei tolesten laguntzen dieten proteinak aztertzen dituzte. “Eta laster gai hori berriro lotuko da mintzekin”.

Juan Mª Glez. Mañas, berriz, mintzekin hasi zen, eta orain jomuga mintzetan duten toxinekin ari da lanean. Haien ikuspuntutik, benetan bitxia da proteina hidrosolugarriak diren toxinak mintzean barneratzeko gai izatea.

Biofisika Unitatea lorpen handia da Goñirentzat. Izan ere, garrantzitsua da ikertzeko toki egoki bat izatea.
A. Galarraga

Bakterioen toxinak mintzean nola barneratzen diren ikertzen dihardu, bestalde, Helena Ostolazak. “Helenak toxina baten errezeptore bat identifikatu du, eta errezeptorea blokeatzeko modua ere aurkitu du. Toxinak hemolisina izena du, Escherichia coli bakterioak sortzen du, eta infekzioak eragiten ditu gernu-aparatuan. Helenak aurkitutako peptido bati esker, infekziotik babesten dira zelulak. Ikerketak aplikazioa duenez, patentatu egin dugu”.

Bestalde, entzima batek eragindako fusioaren lehen eredua ere egin zuten. Felix Goñiren esanean, fusioaren ikerketak ikaragarrizko bultzada jaso zuen Txelu Nievari esker. Fosfolipasa C entzimak eragindako fusioaren ereduak tesi eta argitalpen ugari sorrarazi ditu. Horren ondoren, mintza duten birusak —hala nola, hiesarena eta gripearena— eta zelulak nola fusionatzen diren hasi zen aztertzen. Zehazki, mintzen fusioa eragiten duten birusen proteinak edo peptidoak ari da ikertzen.

Lan-taldera bildu diren azkenekoak Espainiako Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiko (CSIC) Ana Rosa Vigera, eta Itziar Alkorta eta Gorka Basañez dira. Ana Rosa CSICetik etorri den lehenengo funtzionarioa da, eta proteinen tolesturarekin ari da lanean, Itziar bakterioen konjugazioarekin, eta Gorkak apoptosian mintzek izaten dituzten eraldaketak ikertzen ditu batez ere.

Dena den, bakoitzak bere ardurak baditu ere, denek elkarrekin egiten dutela lan eta ikerketak gurutzatu egiten direla azaldu du Felix Goñik. Aitortu duenez, bere lan-taldea adiskide-taldea ere bada, eta horri zor dio arrakasta, neurri batean behintzat.

Biofisika Unitatea

Hemolisina Escherichia coli bakterioak sortzen duen toxina bat da, eta infekzioak eragiten ditu gernu-aparatuan.

Biofisika Unitatea gauzatutako ametsa da Felix Goñirentzat. Berak baikortzat jotzen du bere burua, “baina 1975ean, artean tesia amaitu gabe nuela, lehenengo aldiz hona etorri nintzenean, ezin nuen imajinatu ere egin egunen batean horrelako zerbait edukiko genuenik”.

Esanak esan, beti borrokatu du ikertzeko toki bat eta baliabide egokiak eduki ahal izateko. Nafarroako Unibertsitatearen eta CSICen artean lotura estua zegoenez, beretzat oso normalak ziren zentro mistoak. Baina garai haietan CSIC oso egoera txarrean zegoen, eta ezin zen ezer lortu.

Hala eta guztiz ere, “nik beti pentsatu izan dut ikerketa sustatzeko eta ikerketak egiteko egitura bat egotea behar-beharrezkoa dela unibertsitatean. Horregatik, hamaika aldiz saiatu naiz hori lortzen”. Eta itxaropena ia guztiz galduta zuenean, CSICekin elkarlanean aritzeko aukera sortu zen. Hainbat pauso gainditu ondoren, 1999an Biofisika Unitatea martxan jartzea lortu zen, eta iaz estreinatu zuten eraikin berria.

CSICekin batera lan egiteak hainbat onura dakartza; batez ere, toki eta baliabide gehiago dute, eta goi-mailako ikertzaileen sarean parte hartzen dutenez, komunikazioa eta harremanak erraztu egiten dira.

Etorkizunerako zein asmo dituen galdetuta, azkar eta labur erantzun zuen: “lan gehiago eta hobeto egitea, besterik ez”.