Zelula eukariotoen sorreran hainbat mikroorganismok parte hartu zuten

Zelula eukarioto baten irudikapena. - Kelvin Song / CC


Zelula eukariotoen sorrera uste baino luzeagoa eta konplexuagoa izan zela iradoki du ikerketa batek. Orain arte onartzen zen arkea baten eta bakterio baten arteko sinbiosiaz gain, ikerketak dio gutxienez beste bi bakterio ezberdinek parte hartu zutela, baita birus erraldoiek ere. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Orain arte onartutako hipotesiaren arabera, zelula eukariotoak (animalia, landare, onddo eta protistenak) arkeo baten eta bakterio baten arteko sinbiositik sortu ziren. Bakterio hori mitokondrio bihurtu zen gero, eta horrek ahalbidetu zuen zelulen konplexutasunaren garapena. Ikerketa berri honek ez du mitokondrioaren garrantzia ukatzen, baina iradokitzen du prozesua luzegoa eta konplexuagoa izan zela, eta protagonista gehiago ere izan zirela.

«Mitokondrioaren jatorrrian egon zen bakterioaz gain, beste bi bakterio-talderen aztarnak identifikatu dituzte»

Bartzelonako Ikerketa Biomedikoko Institutuak (IRB Barcelona) eta Bartzelonako Superkonputazio Zentroak (BSC) gidatu dute ikerketa. MareNostrum superordenagailua erabiliz arkeologia molekular konputazionala egin dute. Lehenik eta behin, eukarioto guztien azken arbaso komunak izango lituzkeen geneen eta proteina-familien bilduma berreraiki zuten. Ondoren, haien jatorria aztertu zuten, milaka milaka bakterio, arkeozoo eta birusen genomen datu-baseekin alderatuz.

Mitokondrioaren jatorrrian egon zen bakterioaz gain, beste bi bakterio-talderen aztarnak identifikatu dituzte: Myxococcota eta Planctomycetota. Lehenengoak funtzio metabolikoekin lotuta daude, besteak beste, lipidoekin eta mintzekin lotutako prozesuekin. Bigarrenek, berriz, bakterioetan oso ezohikoak diren barne-egiturak dituzte, eta horrek interes berezia ematen dio zelula konplexuen jatorria ulertzeko.

Horiez gain, birus erraldoiek utzitako gene-arrastoak ere topatu dituzte; zehazki, Nucleocytoviricota taldeko birusenak. Horiek ohiko birusek baino genoma askoz handiagoak dituzte, eta zelula bakarreko eukariotoak infektatzen dituzte. Ikertzaileen ustez, birus horiek mikroorganismoen arteko gene-transferentziaren bitartekari gisa jardun zezaketen. Horrela, ekosistema berean bizi ziren organismoen artean material genetikoa trukatzea erraztuko zuten, eta horrek eukariotoen arbasoaren genoma moldatzen lagunduko zuen.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia