Asteko argazkia: Elefanteen entzumen sismikoa

Elefanteek egitura anatomiko bereziak dituzte lurreko bibrazioen bidez komunikatzeko. ARG.: Pexels/Pixabay


Elefanteak, bai asiarrak eta baita afrikarrak ere, 5 km-ra arteko distantziara komunika daitezke airez transmititutako soinuen bidez. Baina badute seinaleak bidaltzeko beste modu bat: lurretik bidaiatzen duten maiztasun baxuko uhin sismikoak. Bibrazioak lurretik elefanteen hanketara transmititzen dira, eta, azkenik, elefanteen burezurretik zuzenean beren barne-belarrira iristen dira. Modu horretan, elkarrekin komunikatzen dira 10 km edo gehiagora.

Frontiers in Audiology and Otology aldizkarian argitaratutako ikerketa batek argitu du entzumen fin eta berezi horren zergatia hezurren tamaina eta muskulu berezi bat izan daitezkeela.

«Elefanteek entzumen-bideak borondatez ixteko gaitasuna izan dezakete eta, guk aurikular edo tapoiekin guk sortutako soinuak ozenago entzuten ditugun moduan, beraiek ere lurreko bibrazioak ozenago entzun ditzakete.»

Lehorreko animalion belarriak hainbat konfigurazio har ditzake, eta, horren arabera, maiztasun jakin batzuetako soinuak entzun ditzakegu. Karraskari txikien belarria, esaterako, maiztasun altuko soinuak entzuteko da aproposa. Ugaztun handienen belarriak, aldiz, maitasun baxuko soinuak entzuteko dira idealak. Tarte horren barruan, tinpanoen eta hezurtxoen forman eta tamainan aniztasun handia dago.

Ikertzaileek ondorioztatu dute elefanteek, arrazoi anatomikoengatik, sentsibilitate altua dutela maiztasun baxuko soinuekiko. Elefante asiarrek eta afrikarrek erdiko belarri handienak dituzte, ornodun lurtar guztien artean, eta baita entzumen-maiztasun baxueneko tartea ere. Haien erdiko belarriko hezurrak gizakionak baino bederatzi aldiz pisutsuagoak dira, eta tinpanoa zazpi aldiz handiagoa da. Hala ere, gorputz-tamainarekin duten proportzioa ez da asko aldatzen. Horrek esan nahi du elefanteen erdiko belarriak ez duela egitura espezializaturik; handia da, besterik ez, eta egileek uste dute hori maiztasun baxuko soinuak entzuteko baliagarria izan daitekeela.

Bestalde, egileek uste dute elefanteek beste gaitasun bitxi bat izan dezaketela: entzumen-bideak borondatez ixteko gaitasuna. Aurikularrak edo belarrietako tapoiak jartzen ditugunean, entzumen-bideak ixten ditugu, eta guk sortutako soinuak ozenago entzuten ditugu; murtxikatzea edo arnastea, esaterako. Ikertzaileek uste dute elefanteek muskulu berezi bat uzkurtuta entzumen-bideak ixteko gaitasuna izan dezaketela, eta, hala, lurretik bibrazio bidez jasotzen dituzten soinu horiek hobeto hauteman ditzaketela. Ikertzaileen kalkuluen arabera, entzumen-hodiak itxita, elefanteek 30 aldiz hobeto entzun ditzakete maiztasun baxuko soinuak.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia