Erreginaren usainak antzu bihurtzen ditu gainerako emeak

Sator-arratoi biluzien kolonietan erregina da ugaltzen den bakarra, eta konposatu bat jariatzen du gainerako emeak ez ugaltzeko.

Sator-arratoi biluziak animalia eusozialak dira. ARG.: Smithsonian/Unsplash


Berlingo (Alemania) Max Delbrück Zentroaren gidaritzapean egindako nazioarteko ikerketa batek argitu du sator-arratoi biluzi erreginek konposatu lurrunkor bat jariatzen dutela taldeko gainerako emeak aldi baterako antzu bihurtzen dituena. Aurkikuntza Nature aldizkarian argitaratu da.

Sator-arratoi biluziak (Heterocephalus glaber) animalia-eredu ezagunak dira ikerketan, beren biologia bitxiarengatik. Etiopia, Kenya eta Somalia ingurukoak dira jatorriz, eta lur azpiko galerietan bizi dira. Ikerketarako interesgarriak dira, besteak beste, bizi-itxaropen oso handia dutelako beren tamainako beste karraskari batzuekin alderatuta —29 urte bizi daitezke—. Gainera, minbizi-tasa oso baxua dute, eta min oso gutxi sentitzen dute.

Ezaugarri horietaz gain, sator-arratoi biluziak animalia eusozialak dira; hau da, koloniak erregina ugalkor baten bueltan antolatzen dira, eta gainerako emeak ez dira ugaltzen. Eme horiek erreginaren kumeak hazten dituzte, janaria bilatzen dute, eta, funtsean, kolonia egoera onean edukitzeaz arduratzen dira. Eusozialitatea oso ezohikoa da ugaztunetan, baina arruntagoa da ornogabeetan, hala nola erleetan, termitetan edo inurrietan.

«Erregina taldetik kenduta ere efektuak jarraitzen du, haren usainak eraginda»

Ikertzaileek argitu nahi zuten zein mekanismoren bidez eusten dioten eusozialitateari karraskari hauek. Susmoa zuten usaimena garrantzizkoa izan zitekeela, intsektu eusozialetan hala gertatzen baita. Beraz, masa-espektrometria erabili zuten erreginek jariatzen zituzten usainetan zein konposatu zeuden identifikatzeko. Besteak beste, isopropil miristatoa topatu zuten, kosmetikan erabili ohi den konposatu bat. Gizakiontzat ez dauka usainik; bai, ordea, sator-arratoi biluzientzat.

Animalia horien kolonietan erregina hiltzen denean, egun gutxira lehia latzak eta ugalketa-jokabideak sortzen dira taldeko kideen artean. Lehenengo emea umedun gelditzen den momentuan, eme hori hurrengo erregina bihurtzen da zuzenean. Erreginak isopropil miristatoa jariatzen du, eta prolaktina-maila igoarazten du gainerako eme guztietan, ugalkortasuna murrizten duen hormona bat. Hala, lehia amaitu egiten da. Ikertzaileak ohartu ziren, gainera, erregina taldetik kenduta ere efektuak jarraitzen zuela, haren usainak eraginda.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Bizitza