Asteko argazkia: Narbalaren letagina bi egitura helokoidalez osatuta dago

Narbal baten hezurdura Goteborgeko Historia Naturalaren Museoan, Suedian. ARG.: Gunnar Creutz/Wikimedia Commons


Narbalaren (Monodon monoceros) letagina naturaren bitxikeria bat da: ezkerrerantz biratzen duen helize-itxura du, bi metro luze har ditzake, zuzen hazten da, ez kurbatuta, eta, beste animalietan ez bezala, gehien-gehienetan, bakarra nabarmentzen zaio (ezkerrekoa). Hori dela eta, itsas adarbakar ere deitzen zaio narbalari. Orain, Aarhus-eko Unibertsitateak (Danimarka) gidatutako nazioarteko ikerketa batean, letaginaren egitura argitu dute, eta, besteak beste, jakin dute kontrako norazkoan bihurritzen diren bi egitura helikoidalek osatzen dutela.

Egitura aztertzeko, hiru sinkotroi handi erabili dituzte. Haiei esker, letaginen 3Dko egitura argitu dute, eskala atomikoan, nanometrikoan eta mikrometrikoan. Narbalaren letaginak ez du esmalterik; kanpoan zementua du, eta barruan dentina. Bada, ikusi dutenez, biak ere espiralean hazten dira, baina zementua ezkerrerantz bihurritzen da, eta dentina, berriz, kontrako noranzkoan. Bi egitura helikoidalak kontrako norazkoetan biratzeak azaltzen du letagina zuzen haztea, kurbatu gabe, baita zergatik den hain erresistentea ere.

Nature Communication aldizkarian argitaratu dituzte xehetasunak, irekian. Gainera, iradoki dute ikerketa baliagarria izan daitekeela material berrien diseinurako. Hori bai: letaginaren egitura argituta ere, zientzialariek oraindik ez dakite zer funtzio duen. Narbal arretan emeetan baino ohikoagoa denez, uste ohi da elementu sexuala izan daitekeela, baina, oraingoz, ez dago ebidentzia nahikorik hori baieztatzeko.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia