Elkarrizketa

Miguel Querejeta Pérez

«Betitik egon da oso lotura estua artearen eta astronomiaren artean»

Miguel Querejeta Pérez astrofisikariak gogoan du oso gazterik hasi zela maitemintzen astronomiarekin: “Akordatzen naiz udan Ezkaraira joaten ginela, izeba batek etxe bat daukalako han, bi terraza oso-oso polit dituena, eta handik zerua oso ondo ikus daiteke. Eta berak teleskopio txiki bat zeukan. 12 urte inguru nituela, teleskopio harekin hasi nintzen zerua behatzen, eta interesa piztu zitzaidan”.

Hala, unibertsitatean hasteko garaia iritsi zitzaionean, Madrilera joatea erabaki zuen; Bilbon ez bezala, han bazeukaten eta astrofisika espezialitatea. Onartu du ezen, bokazio argia eduki arren, ikasgai batzuk ez zituela oso gogoko izan. “Batzuetan gertatzen da, ezta? Irakasle batzuk nahiko kaxkarrak ziren, eta ikasgaietako batzuk oso teorikoak, matematika-­kontu oso sakonak eta… Niri hori ez zitzaidan batere interesatzen. Baina astronomiarekiko neukan pasioak lagundu zidan aurrera egiten”.

Beraz, hasitako bideari eutsi zion, eta beste herrialde batzuetara joateko aukera ere izan zuen: “Urte bat Ingalaterran eman nuen Erasmus egiten, Nottinghamen. Eta karrera bukatu ondoren, Alemaniara joan nintzen, Heidelbergen doktoretza egitera, Astronomiako Max Planck Institutuan. Galaxiei buruzkoa izan zen, oso polita. Zortea izan nuen, aurretik Kanariar Uharteetan udako proiektu bat egin bainuen gai horrekin, eta asko interesatzen zitzaidan. Doktoretza bukatutakoan, Munichera joan nintzen fellowship batekin, ESO Behategira. Doktoretza-ondorengo baten antzekoa baina askatasun handiagoarekin, norberak aukeratzen baitu ikergaia. Gainera, lanaren zati bat Atacaman egin nuen, Txilen, irrati-teleskopioekin. Ikaragarria izan zen”, kontatu du.

Kosmosa artean

Eta justu hori amaitu zuenean, funtzionario-plaza atera zuen Madrilgo Errege Behatoki Astronomikoan. Orain, han dabil ikertzen, baina bestelako proiektuetan ere badabil. Izan ere, Filologia Hispanikoko gradua ere badauka, eta astronomia eta artea uztartzen dituen liburu bat argitaratu berri du, Ines Pérez Teresa arte-historialariarekin batera. El cosmos en el arte du izenburua (Kosmosa artean), eta bi egileek kontatzen dute nola irudikatu den kosmosa artean, eta nola arteak balio duen kosmosa interpretatzeko.

“Artea astrofisikaren erreminta izan da, askotan”, azaldu du Querejetak. “Ohituta gaude gaur egun teleskopioek oparitzen dizkiguten irudiak ikustera, baina XIX. mendera arte ez geneukan argazkirik ateratzeko modurik, eta orduan marrazketa oso-oso garrantzitsua zen astronomoentzat. Galileo, adibidez, artista zen; marrazkilari-formazioa zeukan, eta horrek lagundu zion, besteak beste, Ilargiaren behaketak-eta paperean islatzen eta neurketa zehatzak egiten. Hortaz, betitik egon da oso lotura estua artearen eta astronomiaren artean”.

Bukatzeko, esan du abuztuaren 12ko eguzki-­eklipsea Ezkaraitik ikusiko duela, “noski!”, eta aitortu du irrikan dagoela, eguzki-eklipse osoa ikusiko duen lehen aldia izango baita. Azkenik, aurreratu du aurten beste liburu bat ere aterako duela, haurrei zuzendutakoa. Izan ere, zerua ikertzeko grina betitik izan duen bezala, gaztetatik gustatu zaio dibulgazioa ere, eta horren erakusgarri dira bitan irabazi izana CAF-Elhuyar sariak, eskaintzen dituen hitzaldiak, eta, orain, baita literatura-­lanak ere.


Miguel Querejeta Pérez astrofisikaria Fisikan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, eta Aparteko Saria jaso zuen. Max Planck Astronomia Institutuan egin zuen tesia, Alemanian, eta Espainiako Astronomia Elkarteak saritu zuen. ESO Europako Behatoki Australean lan egin zuen, Munichen, ESO Fellowship prestigiotsu batekin, eta, ondoren, Madrilgo Errege Behatoki Astronomikoan hasi zen lanean. Gaur egun, ikerketa eta dibulgazioa uztartzen ditu. Espainiako Hizkuntza eta Literaturako Gradua dauka, eta El cosmos en el arte liburua argitaratu berri du.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia