}

Vostok lakua: esterila ala biziz gainezka? Eztabaida sutsua izotz azpian

2004/10/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Lurrean esploratu gabe gelditzen den leku bakarrenetakoa da Vostok lakua. Hala ere, ez dirudi haren isolamenduak luzaroan iraungo duenik, zientzialariak irrikatan baitaude ur hotz horietan dauden sekretu guztiak agerrarazteko. Batez ere, lakuan bizia dagoen jakin nahi dute. Baina, nola ikertu lakua ura kutsatu gabe? Horra hor gakoa.
Izotzezko munduak esploratzeko, ezinbestekoa da ingurumena ez kutsatzeko neurriak hartzea.
NASA

Vostok lakua Antartikan dago, 14.000 km2 neurtzen du, eta toki batzuetan 800 m sakon izatera iristen da. Baina hori baino deigarriagoa da gutxienez azken 15 milioi urteetan ez duela Eguzkiaren izpirik jaso. Izan ere, izotz-geruza lodi baten azpian dago ezkutatuta. Hainbeste denboran atmosferarekin kontakturik izan ez duen inguru hartan nolako ekosistema dagoen ikusteko benetako interesa dute zientzialariek.

Biziaren aldeko eta aurkako argudioak

Frantziako, Errusiako eta AEBetako zientzialariak 1989an hasi ziren lakuaren gaineko izotzaren laginak biltzen. Klima-aldaketaren zantzuak aurkitzea zen asmoa. Bizidunen bila ez zirenez ari, laginak hartzeko tresnak ez zituzten esterilizatu, eta gero laginak ez zituzten gorde kutsadurarik ez izateko moduan.

Izotz-geruza zulatzeko, izotz-kontrakoa eta kerosenoa erabili zituzten, eta lakuaren azaletik 130 m-ra zulatzeari utzi zioten, ura ez kutsatzearren. Sakonera horretan, izotza lakuko bertako ur izoztua da. Bada, lau ikertzaile-taldek mikroorganismoak aurkitu dituzte izotz horretan, eta hortik ondorioztatu dute lakuan badagoela bizia.

Alabaina, errusiarrak ez daude inolaz ere ados. Errusiako ikertzaile batek laborategian eta zulatzeko tresnetan zeuden mikroorganismoak zerrendatu ditu, eta, hiru izan ezik, lagineko mikroorganismo guztiak zerrenda horretan daude. Beraz, lakuko ur izoztuan aurkitutako mikroorganismo gehienak kanpotik sartutakoak direla frogatu du.

Lurreko ur esteril bakarra

Marteren Ipar Poloan izotza dago. Hori jakin orduko, galdera hau etorri zitzaien burura astronomoei: bizia ba ote dago?
NASA

Laginean dauden mikroorganismoak alde batera utzita ere, badira desadostasun gehiago. Adibidez, ikertzaile errusiarrek eta frantziarrek uste dute lakua inguru ikaragarri toxikoa dela, bizia izateko toxikoegia, alegia. Horregatik, esterila delakoan daude. Hori hala balitz, Lurrean dagoen ur esteril bakarra izango litzateke.

Egin dituzten kalkulu teorikoen arabera, lakuaren gaineko izotz-geruzan dauden aire-burbuiletatik oxigeno ugari pasatu da uretara. Eta oxigenoak uretatik ezin duenez inora alde egin, oxigeno-kontzentrazioa izugarri altua da, normalean lakuetan egoten dena baino 50 aldiz handiagoa.

Kontzentrazio horretan, oxigenoa oso toxikoa da, eta gainera, beste konposatu batzuen kontzentrazioa ere oso altua dela uste dute, hala nola, hidrogeno peroxidoarena eta erradikal askeena. Konposatu horiek balizko bizidunak hilko lituzkete.

Bizia sortzeko gaitasun mugagabea

Estatubatuarrek, ordea, ez dituzte kalkulu horiek ontzat hartu. Laginak aztertu zituen ikertzaile baten esanean, Antartikan izotz azpian dagoen beste laku batekoa baino 10 aldiz handiagoa besterik ez da Vostok lakuko oxigeno-kontzentrazioa. Beste laku horrek Dry Valleys du izena, eta biziz gainezka dago nonbait.

Vostok-eko izotzean aurkitutako mikroorganismo hauek lakukoak dira ala kanpotik sartutakoak?

Gainera, erradikal askeak erradiazioaren eta izpi ultramoreen eraginez sortzen dira, eta nola izotz azpian ez dauden ez bata ez bestea, ez dago erradikal askeak daudela baieztatzeko arrazoirik. Halaber, antioxidatzaileen bidez, mikroorganismoak gai dira oxigeno-kontzentrazio altuei aurre egiteko. Hain zuen ere, ikertzaile estatubatuar horrek proposatzen du, mikroorganismoak bilatzerakoan, antioxidatzaileak ekoizteko gai direnetan jarri beharko dela arreta.

Bestalde, sakonera handian lakua anaerobioa izan daitekeela uste du. Beste laku askotan ere gauza bera gertatzen da, eta, beraz, goialdeko gehiegizko oxigenotik babesteko modua izango lukete mikroorganismoek lakuaren hondoan. Beste hainbat ikertzailek ere biziaren alde egiten dute; Lurreko toki isolatuenetan eta inguru gogorrenetan bizia aurkitu badute, zergatik izan behar du Vostok lakuak salbuespena?

Izotzezko munduen esploratzaileak

Agian, zalantza eta eztabaida horiek guztiak laster bukatuko dira, Errusiako talde batek izotza lakuraino zulatzeko asmoa baitu 2006-2007ko udan. Nazioarteko beste talde batek ere badu lakuko uretara iristeko asmoa, eta, horretarako, esterilitatea bermatzeko neurri oso zorrotzak hartuko dituzte. Besteak beste, autoesterilizatzen den robot bat erabili nahi dute.

Hego Poloko izotzaren azpian ezkutatzen den Vostok lakua benetan da interesgarria zientzialarientzat.

Errusiarrek, ordea, ez dute ikerketa hori aintzat hartu eta beren aldetik joateko asmoa dute. Lehen lagina lortzeko egin zuten zulo beretik iritsi nahi dute lakuko uretara. Zulo hori dagoeneko erabat kutsatuta dagoenez, beste ikertzaileak beldur dira errusiarrek lakua kutsatuko dutela.

Horretaz gain, ez dago inolako adostasunik lakuan berez dauden mikroorganismoak eta kanpotik sartutakoak nola bereiziko dituzten erabakitzeko garaian. Eta hori garrantzitsua da ez bakarrik Vostok lakurako. Hain zuzen ere, beste planeta batzuetan eta ilargitan ere aurkitu da izotza. Nola bilatu bizia han Lurreko bizidunekin kutsatu gabe? Erantzuna, bistan denez, eztabaida-iturri da, baina laster erantzunen bat aurkitu beharko dute, izotzezko munduen esploratzaileek ez baitute luzaroan itxaroteko asmorik.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia