Usaimenean dago gakoa

1987/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Usainak animalien jokabidean duen eragin nabaria ezaguna da aspalditik. Horregatik lurraldea markatzeko, lagunak eta etsaiak identifikatzeko eta ugalketarako laguna aurkitzeko ukaezinezko papera dute animaliek isuritako substantzia usaindunek. Intsektuen feromonak zientzilarien jakinmina piztu dute azken 20-30 urteotan eta horien azterketa, identifikazioa eta jokamoldeak literatura zientifiko asko sortu du.

Feromonak, animalia batek airera igortzen dituen molekulak dira eta espezie bereko beste batean jokamolde erreflexu jakin bat sorterazten dute. Ugalketarekin zerikusi handia dute.

Intsektuen feromonak izan dira gehien aztertutakoak, sinpleenak izatetik at, intsektizida gisa erabilgarriak izango direla uste delako. (Intsektu baten feromonak erabiliz, espezie horretako aleak tranpa batzuetara erakar daitezke eta bertan akabatuak izan. Bide hau intsektuen kontrolerako oso egokia gerta liteke, zeren eta feromonak espezifikoak izanik, mota bakar bateko intsektuak hilko bait lirateke horrela.)

Ugaztunen feromonak konplexuagoak dira eta zailtasun handiak sortzen ditu horien azterketak. Gainera gizakiak feromonarik ez zuela uste zen. Uste hau ustela gertatu da Winnifred Cutler eta George Preti ikerlariek gizonaren bi feromona identifikatu dituztelako. Deshidroepiandrosterona sulfatoa eta androsterona sulfatoa izan dira identifikatutako feromonak.

Usaimenak gizakiaren jokabide sexualean izan dezakeen garrantzia aspalditik eztabaidatu izan da. 1886.ean Auguste Gallopin fisiologoak, maitasun sexuala usainen elkarrekintza zela idatzi zuen. Wilhelm Fliess alemanak usaintze-prozesu eta prozesu sexualen artean erlazio zuzen bat dagoela frogatzen saiatu zen. Freud-ek gizakiak bere usaina eta sexualitatea erreprimitu egin dituela esaten zuen. Hala ere beste zenbait zientzilarirentzat giza feromonak ez ziren existitzen eta horien ustetan garun-azalak usainaren zentzu primitiboak ordezkatu ditu gizakian. Beste batzuek kontrako eritziak mantendu izan dituzte.

Gai honen inguruan badira txutxumutxuak ere. Somerset Maugham idazle britainiarrak zera esaten zuen bere lagun H G Wells-i buruz. Wells gizon guapoa deitu daitekeen horietakoa ez zen, baina emakumezkoak ondoren zebilzkion. Maugham-ek Wells-en maitaletako bati beregan zer topatzen zuen galdetu zionean, "eztiaren usaina" zuela erantzun zion hark.

Cultler eta Preti-zen arabera, giza feromonek zeregin garrantzitsua dute emakumezkoen menstruazioaren erregulatzaile moduan. Egindako azterketek adierazten dutenez, gizonen presentziak emakumezkoen zikloa erregulatzen omen du.