}

Untzigintzaren historia VIII. Baporeak

1986/12/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

XIX. mendearen hasieran, 1820. urte inguruan, belauntzi-mota berri eta eder bat egin zuten Estatu Batuetan. "Cliper" izena eman zioten.
1. irudia. Baporeak Donostian.

XIX. mendearen hasieran, 1820. urte inguruan, belauntzi-mota berri eta eder bat egin zuten Estatu Batuetan. "Cliper" izena eman zioten untzi-mota berriari: "Cliper"a guztiz lirain, arin eta bizkorra zen. Karga eramateko leku txikia zuen batetik, eta bela asko eta handiak zituenez, tximistak baino azkarrago "ebakitzen" (hortik "cliper" izena; clip off=ebaki) zituen itsasoko miliak. Oso erabiliak izan ziren Australia, Txina eta Estatu Batuen arteko merkataritzan.

Gero, altzairuzko kaskoa zuten belauntzi handiagoak egiten hasi ziren. Hauek karga handiagoa garraia zezaketen (5800 tonaraino), baina "cliper"ek baino marinel gehiago ez zuten behar.

Dena dela belauntzi hauek, baporeak sortu bezain laster desagertzen hasi ziren. Euskal Herriko untziolek ere, beherakada bortitza jasan zuten eta Ibaizabalgoak salbu, besteak banan-banan suntsituz joan ziren. Gelditu ziren untziolak, asko indartu ziren gero.

Baina gatozen baporeen sorrerara eta ikus ditzagun untzi hauen lehen urratsak nondik nora eman ziren.

1690. urtean Papin-ek untzietan lurrinaren indarra erabil zitekeela pentsatu bazuen ere, lehen proiektua Jonathan Hulls-ek aurkeztu zuen 1736.ean.

1775.ean, Jacques Constantin Perrier-ek lehen aldiz lurrin-makinaz hornitu zuen txalupa bat. Claude Jouffroy-k berriz, 1783.ean zera frogatu zuen: baporeak ibaian gora korrontearen aurka joan zitezkeela.

2. irudia. "El temerario" belauntzia, bapore txiki batek atoian darama. Berriak, zaharra baztertzen du.

1807. urtean, Robert Fulton-ek baporeak itsasoko nabigaziora hedatu zituen, aurreko saiakuntz mailak gaindituz. Eta azkenik, Francis P. Smith-ek helizea ezarri zuen 1836.ean untzien propultsiorako.

Baina bitarte horretan, beste itsasgizon batzuk markak ezarri zituzten baporeak medio. Robert Stevens kapitainak adibidez, lehen aldiz nabigatu zuen itsasoan baporean, eta Pierre Andreil-ek lehen aldiz zeharkatu zuen Mantxako Kanala 1816.ean. Moses Rogers-ek, belak eta lurrin-makina zituen untzian zeharkatu zuen Atlantikoa, eta gero R. Roberts-ek bapore hutsez.

Lurrin-makina asmatu baino lehen, untzien propultsio mekanikoaz arduratu ziren zientzigizon batzuk, Valturio-k eta Leonardo da Vinci-k adibidez, bazituzten beren proiektuak. XVII eta XVIII. mendeetan berriz, propultsio mekanikoaz saiakuntzak egin zituzten; Frantzian batipat. 1753. urtean, Frantziako Zientzi Akademiak lehiaketa bat antolatu zuen untzietan haizearen indarra ordezkatzeko "makina" bat asmatzekotan.

Lurrin-makinaz eragindako lehen untziak, frantziarrak izan ziren, nahiz eta untzigileak porrot eginda gelditu. Follenay-ko konteak eta Auxiron-go konteak, Sena ibaian lehen baporea frogatu nahi izan zuten 1774. urtean, baina untzia hondatu egin zen bezperan.

Hurrengo urtean berriz, 1775.ean Jacques Constantin Perrier-ek arrakasta izan zuen Sena ibaian bertan bere txaluparekin. Baina bere lurrin-makinak potentzia txikia zuenez, proiektua bertan behera uzteari hobetsi zion.

1783. urtean ordea, Claude Jouffroy-k arrakasta handiagoa izan zuen. Bi zilindroko bi lurrin-makina ipini zizkion gurpilezko untziari. Kateazko transmisioa zuen gainera, eta 182 tonakoa zen.

Geroxeago, XIX. mendearen bukaeran, ingelesak eta iparrameriketarrak saiatu ziren gehienbat baporeen hobakuntzan. Robert Fulton-ek aurreko saiakuntzak aztertu eta arazo teknikoei konponbidea emanaz, baporea lortu zuen.

3. irudia. Robert Fulton-en lehen baporearen planoa.

Fulton, Pennsylvania-n (Iparrameriketan) jaioa zen. Britainia Haundira eta Frantziara bidaiak egin zituen lurrin-makinazko untziez arduratuta zegoelako. Frantzian, Sena ibaian, "Clermont" izeneko untzia egin zuen. Zortzi zaldiko lurrin-makina zuen, eta hamar palako bi gurpil zituen. Untzi hau, hondatu egin zen, eta sabotaia izan zitekeen hondamenaren arrazoia.

Fulton eta bere bazkideak ez ziren kikildu, eta 1803.ean "Clermont" untzia Sena ibaian gora joan zen gainean hiru marinel bakarrik zituela. Frantziako gobernuak ez zion ordea erraztasun handirik eman, eta Iparrameriketara itzuli zen Fulton. Han, 24 zaldiko lurrin-makina eskuratzea lortu zuen, baina bere proiektua finantzatuko zuenik aurkitu ezinik, denbora pasa zitzaion. Baina azkenean, bankari anonimo batzuren laguntza izan zuen eta 1807. urtean, East River-en beste bapore bat ibili zen, lau urte lehenago Sena ibaian ibilitakoaren antzera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia