Txinak atzeratu egin du Ilargiko ur ezkutua esploratu behar zuen misioa

Chang'e-7 misioak Ilargiko ur izoztua aztertu nahi du, Ilargian base tripulatuak ezartzeko helburuarekin.

Larga Marcha 5 suziria. ARG: 篁竹水声 / Wikimedia/ CC BY 4.0


Chang'e-7 misioaren zunda abuztuaren 24an jaurti behar zuten, baina ustekabean atzeratu dute 2027ra arte. Suziria prest zegoen plataforman esperotako jaurtiketa-eguna baino aste bat lehenago, baina, abuztuaren 23an, misioa martxan jartzeko ordu gutxi batzuk falta zirela, Txinako Espazio Agentzia Tripulatuak (CMSA, ingeleseko sigletan) adierazi zuen misioak ez zituela jaurtiketa-baldintzak betetzen eta, beraz, ezin izango zela aurreikusitako epean gauzatu.

«Ur izoztua ugaria balitz eta eskuragarri balego, asko erraztuko luke gizakiak base egonkor bat ezartzea Ilargian»

Chang'e-7 misioak lehena izan behar zuen Ilargiko ur izoztuaren jatorria eta ugaritasuna zuzenean aztertzen. Horretarako, ilargiratu eta Hego polotik gertu dauden hainbat krater zulatu behar zituen.

Orain arte egin diren ikerketek zunda bidezko urruneko behaketak egin dituzte ur izoztua aztertzeko. Behaketa horiek iradokitzen dute ur izoztua egon daitekeela etengabe itzaletan dauden poloetako kraterretan. Baliabide hori ugaria balitz eta eskuragarri balego, oxigeno arnasgarria, edateko ura eta suzirien erregai gisa erabiltzeko moduko hidrogenoa eman litzake, eta asko erraztuko luke gizakiak base egonkor bat ezartzea Ilargian.

Oraindik ez dute zehaztu noiz izango den Chang'e-7 misioaren zunda-jaurtiketa, baina hurrengo urte-hasierarako programatuko balitz ere, oraindik aurre hartuko lioke NASAren VIPER ibilgailu autonomoari, azken hori 2027 amaieran jaurtitzea espero baita. Europako Espazio Agentzia eta Japonia eta India ere elkarlanean dabiltza helburu beraren atzetik. Dena dela, misio horiek ur izoztua topatuko balute ere, Ilargian base bat ezartzeko beste hamaika pauso eman beharko lituzkete.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia