Voyager 1 zunda Lurretik argi-egun bateko distantziara iritsi da

NASAren kalkuluen arabera, 2026ko azaroaren 18an, Euskal Herrian 11:16 direnean, Voyager 1 espazio-zunda Lurretik argi-egun bateko distantziara iritsiko da.

Voyager 1 zundaren irudikapen artistikoa. ARG.: NASA


Gizakiak sortutako objektu bat ez da inoiz Lurretik hain urrun egon. Zunda Lurretik 25.900 milioi kilometrotara egongo da gutxi gorabehera, eta Lurretik bidalitako argi-izpi batek egun bat beharko luke bertara iristeko; Voyager 1 zundak, aldiz, 49 urte, 2 hilabete eta 11 egun behar izan ditu distantzia hori egiteko.

«Izarrarteko eremua zuzenean aztertzen duten zunda bakarrak dira»

Iristen lehena Voyager 1 izango den arren, Voyager 2 zunda bikiak ere mugarri bera beteko du 9 urte barru, dena ongi badoa. Bi zundak 1977an jaurti ziren, baina ibilbide desberdina egiten ari dira; biak Jupiter eta Saturno planetetatik pasa ziren, baina Voyager 2 desbideratu egin zen geroago Urano eta Neptuno ere bisitatzeko.

Bi zundak heliosferatik kanpo lan egin duten bakarrak dira; hau da, eguzki-haizearen eraginpean dagoen eremutik kanpo atera dira. Voyager 1 2012an irten zen eremu horretatik, eta zunda bikia, berriz, 2018an. Horregatik, izarrarteko eremua zuzenean aztertzen duten zunda bakarrak dira.

Oso ezagunak egin ziren biak, bakoitzaren barnean disko fonografiko bana sartu zutelako, zeintzuk estralurtarrei zuzendutako Lurreko informazioa baitzuten: Lurreko bizitzaren eta giza kulturaren soinuak eta irudiak.

«61.000 km/h eta 55.300 km/h abiaduran bidaiatzen dute, hurrenez hurren»

Horretaz gain, Voyager 1 zunda Neptuno planetatik harago zegoenean, Lurretik 6.000 milioi kilometrora, misioaren arduradunek buelta eman zioten zundari, eta Lurrari begira jarri zuten. Hala lortu zituzten eguzki-sistemaren 60 bat argazki, eta argazki horietako bat bereziki ezaguna egin zen: Puntu urdin margul bat. Argazki horretan Lurra ikusten da; puntu txiki-txiki bat eguzki-izpien artean.

Bai Voyager 1, bai Voyager 2 zundek oraindik ere Lurrera informazioa bidaltzen jarraitzen dute, baina tresna batzuk itzaltzen joan dira energia aurrezteko. 61.000 km/h eta 55.300 km/h abiaduran bidaiatzen dute, hurrenez hurren, izarrarteko eremurantz.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia