Uste zen espaziotik etorritako arrokak lurrundu egiten zirela atmosferan sartzean, tenperatura altuen eta argi sutsuaren eraginez. Baina ikerketa batek argitu du arrokak urtu egiten direla lehenik, eta, gero, zatitu. Prozesu guztia osatzen duten zatiek lurrazalarekin talka egiten dute, eta meteorito izendatzen dira.
«Talkak beroa sortzen du, eta meteoro izeneko isats distiratsua sortzen da horrela arrokaren atzean.»
Ikertzaileek 75 meteorito-erorketen bideoak eta argazkiak aztertu zituzten, eta ondorioztatu zuten zazpi faseetako bakoitzean prozesu fisiko ezberdinak gertatzen direla, eta arrokaren itxuran, jarreran eta helmugan eragiten dutela horiek.
1. fasea atmosferara sartu aurrekoa da; arrokak atmosfera dentsoaren aurka talka egiten du eta uhin hedagarri bat sortzen da arrokaren aurrean. Talkak beroa sortzen du, eta meteoro izeneko isats distiratsua sortzen da horrela arrokaren atzean.
2. fasean, atmosferan barneratzen da arroka eta gero eta distira handiagoa egiten du. 3. faserako, suzko bola bat bilakatzen da arroka, urtzen hasten da eta materiala galtzen du. Material urtuarekin tantak sortzen dira, eta sakabanatu egiten dira inguruan.
Arroka lurrazaletik 60 km-ko distantziara dagoenean, 4. fasean sartzen da. Urtzen jarraitzen du abiadura konstantean, eta materiaren % 40 gal dezake horrela. Atmosfera dentsoagoa bilakatzen da lurrazaletik gertu, eta, presioaren eraginez, apurtzen hasten da arroka ( 5. fasea). Batzuetan distirak sortzen dituzte arroka-zatiek.
6. fasea arrokaren atzealdea apurtzen denean hasten da. Azken haustura handi horrek distira indartsu bat sortzen du, eta sakabanatu egiten dira zatiak.
7. fasean, urtzen eta apurtzen jarraitzen dute zatiek, eta pisu gutxi dutenez, abiadura galtzen dute eta, horrekin, distira. Azkenik, arroka-zati belztuak lurrazalera iristen dira.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



