BepiColombo misio ez-tripulatua Europako Espazio Agentziak eta Japoniako Esplorazio Aeroespazialeko Agentziak garatu dute elkarlanean (ESA eta JAXA, hurrenez hurren, ingeleseko siglak aintzat hartuta). Jaurtitako ontziak lau modulu ditu, eta hainbat fasetan banatzen joango dira.
«Lerro zuzenean, Merkurio eta Lurraren artean 77 milioi kilometro daude, baina ontziak 9.000 milioi kilometro egin ditu»
Misioa 2018ko urrian jaurti zen, eta zortzi urte eta hilabete bat pasatxo behar izan ditu Merkurioren orbitan txertatzeko. Lerro zuzenean, Merkurio eta Lurraren artean 77 milioi kilometro daude, orbiten arabera punturik hurbilenean; baina ontziak 9.000 milioi kilometro egin ditu, ibilbide espiral bat osatu baitu, zuzenean joan beharrean.
Eguzki-sistemako planeten antzera, BepiColombo misioa Eguzkia orbitatzen ibili da. Hemezortzi bira oso egin ditu izarraren inguruan, baina birak gero eta itxiagoak izan dira, eta Eguzki-sistemaren erdigunera hurbiltzen joan da. Merkurio Eguzkitik gertuen dagoen planeta da; ontzia zuzenean bertara gidatuz gero, izarraren erakarpen-indarrak asko azeleratuko luke. Horregatik, biraz bira hainbat planetatara gerturatu da, eta abiadura galtzen joan da, horiek eragindako erakarpen-indarragatik. Ontzia Lurretik oso gertu pasatu zen behin, bi aldiz Artizarraren ondotik, eta Merkuriora sei aldiz gerturatu da, abiadura egokia lortu eta haren orbitan sartu aurretik.
«Gelditzen diren bi moduluak merkurioren orbitan geldituko dira, baina orbita ezberdinak marraztuko dituzte»
Merkuriotik gertu azkenekoz pasatu eta gero, 2026ko irailean ontziak lehen modulua askatu zuen; ordura arte, modulu horrek bultzatu zuen ontzia planetarako bidaian. Beste hiru moduluek akoplatuta jarraitzen dute orain, eta JAXAren modulua 2026ko abenduan bananduko da. Handik egun batzuetara, ESAren moduluak ezkutu termiko modura funtzionatzen duen modulua askatuko du, eta gelditzen diren bi moduluak Merkurioren orbitan geldituko dira, baina orbita ezberdinak marraztuko dituzte.
JAXAren moduluak Merkurioren eremu magnetikoa eta horrek eguzki-haizearekin duen elkarrekintza aztertuko ditu, eta ESAren moduluak, berriz, gainazalaren konposizio kimikoa, bolkanismoa, jarduera tektonikoa eta poloetako izotza aztertuko ditu. Misioaren arduradunek espero dute 2027ko apirilean bi moduluak informazio zientifikoa biltzen hastea.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia