Sexua ikerketetan azaltzen den moduaz eta horren erabileraz ohartarazi dute

2022/05/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Teknopolis

“Legea, politika, biologia eta sexua: auzi kritikoak ikertzaileentzat”; izenburu hori du Science zientzia-aldizkariak argitaratu duen artikulu batek. Egileen arabera, politika publiko eta lege batzuek arrazoi zientifikoak erabiltzen dituzte sailkapen biologiko hertsietatik kanpo geratzen diren pertsonen aurkako politikak eta legeak ezartzeko. Horrenbestez, ikertzaileei eskatzen diete horretaz jabetzeko, eta sexuarekin zerikusia duten kontzeptuak argi, zorrotz eta zehatz azaltzeko, zientzia ez dadin aitzakia izan, lege eta politika diskriminatzaileak ezartzeko, hezkuntzan, osasungintzan edo lan-arloan, adibidez.

Artikuluan zehazten denez, legean definizio biologikoak erabiltzea gobernantza arduratsutzat har daiteke, baina ondorio kaltegarriak edo ilogikoak ekar ditzake. Hori gerta liteke, adibidez, sexu-kategoria biologikoak hartu (anatomia, genetika edo kromosomak, adibidez), eta giza eskubideen arloan aplikatzen direnean, testutingurutik kanpo eta sexuak, berez, garrantziarik ez duenean. Hain zuzen, ez da arraroa sexu-bereizketa bitarra modu akritikoan erabiltzea, aintzat hartu gabe sexuaren eta generoaren konplexutasunari, mutagarritasunari, testuinguruaren garrantziari eta aniztasunari buruzko froga biozientifikoak.

Ikerketa arduratsua

Horrelakoak eragozteko, dei egin diete ikertzaileei arduratsu izateko, eta gomendioak ere eman dizkiete. Adibidez, komenigarritzat jo dute, sexu-kategoriak erabiltzean, zorrotz izendatzea eta testuinguruaren berri ematea argitalpenetan, eta komunikabideekin eta eragile politikoekin izan dizaketen hartu-emanetan.

Halaber, uste dute, batzuetan, ez dela beharrezkoa gizon-emakume bereiztea, eta zuzenagoa dela ikerketari berariaz dagokion faktorea erabiltzea bereizteko eta sailkatzeko; adibidez, hormona jakin baten maila, zer gonada dituen, edo zenbat pisatzen duen.

Egileek kontuan izan dute, historikoki, emakumeen hutsunea egon dela ikerketetan, baina ohartarazi dute, hutsunea betetzean, zorrotz jokatu behar dela, zenbait alderdi sexuaren berezkotzat har ditzaten arriskua egon baitaiteke. Hortaz, azpimarratu dute garrantzitsua dela testuingurua ematea eta, dagokionean, berariaz aipatzea generoarekin edo baldintzatzaile sozioekonomikoarekin erlazionatuta dauden faktoreak. Haien ustez, horrek eragotzi dezake sexuaren eta generoaren bereizketa bitarra, biologiak ezinbestean eta modu aldaezinean hala aginduko balu bezala.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia