Ariketa fisikoari buruzko gidalerroak berritu ditu OMEk

2020/11/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Edozein ariketa fisiko da onuragarria: eskailerak igotzea, oinez joatea batetik bestera, baratzeko lanak egitea, dantzatzea… - Arg.

Jakina da sedentarismoak heriotza goiztiarra izateko arriskua dakarrela. Horri aurre egiteko, Osasunaren Mundu Erakundeak ariketa fisikoa egitea gomendatzen du: astean gutxienez 150-300 minutu intentsitate ertainean, edo 75-150 minutu intentsitate handiz. Orain, azken ikerketen emaitzetan oinarrituta, gomendioak berritu dituzte, eta nabarmendu dute egiten den ariketa fisiko guztia dela onuragarria, sedentarismoaren kalteak arintzeko. 

Ikerketa horretan, 44.000 pertsonen jarduera aztertu dute, eta ondorioztatu dute 10 orduko edo gehiagoko sedentarismoa egunean zuzenean lotuta dagoela heriotza goiztiarrarekin. Alabaina, arrisku hori asko apaltzen da, egunean 30-40 minutuko ariketa fisiko ertain edo handiarekin, adin eta egoera guztietan.

British Medical Journal aldizkariaren zenbaki berezi batean eman dituzte jarraibide berriak. Sei kontinentetako 40 zientzialarik baino gehaigok parte hartu dute lan horretan, eta OMEren gomendioei gehitzen zaien edozein ariketa fisiko dela onuragarria baieztatu dute: eskailerak igotzea, oinez joatea batetik bestera, baratzeko lanak egitea, dantzatzea… 

Heriotza goiztizarra izateko arriskua apaltzeaz gain, baieztatu dute ariketa fisikoa onuragarria dela buru-osasunerako, eta ikuspegi ekonomikotik ere mesedegarria da: presentismoa gutxitzen du, produktibitatea areagotu eta gaixotasunen ondoriozko laneko bajak gutxitu.

Jarduera aerobikoaz gain, indar-ariketak ere kontuan izan dituzte, eta orain arte OMEren gomendioetan aintzat hartu ez dituzten taldeak ere agertzen dira jarraibide berrietan, hala nola dibertsitate funtzionala edo gaixotasun kronikoak dituztenak edo haurdunak eta erditu berriak.

Ohartarazi dute pandemia baten erdian atera dituztela jarraibide berriak, eta ohartzen direla litekeena dela zailagoa izatea haiek betetzea, mugikortasuna mugatuta baitago leku askotan. Hala, barruan ariketa fisikoa egin daitekeela gogorarazi dute: eskailerak igo, etxeko animaliekin edo haurrekin jolastu, dantzatu, pilates edo yoga egin… 

Eta argi utzi dute egoera kezkagarria dela: helduen % 27,5ek eta nerabeen % 81ek ez du betetzen OMEk lehendik emandako gomendioa. Horrenbestez, dei egin diete agintariei gomendio horiek betetzen lagunduko duten politikak ezarri ditzaten.


Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia