}

Planeta bat 5.000 argi-urtera

2003/01/08 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Orain arte urrunen detektatu den planeta aurkeztu dute Ameriketako Astronomia Elkartearen bileran. Merkurio baino 14 bider gertuago dago bere izarretik eta 29 ordutan osatzen du orbita bat.

Exoplaneta berriari OGLE-56b deitu diote, bilaketetan erabilitako teknikaren ondorioz. OGLE Optical Gravitational Lensing Experiment proiektuaren siglak dira eta, proiektu horren baitan, ehunka izarren argia aztertzen da Txiletik. Astronomoak argiaren intentsitatea jaitsi zain egoten dira, izarraren aurretik planetaren bat pasatu dela ondorioztatzeko.

OGLE-56b planetaren marrazki bat. Bere izarretik hiru milioi kilometroa besterik ez dago.
Marrazkia: David A. Aguilar/ Harvard-Smithsonian Center For Astrophysiccs

Eguzki-sistematik kanpoko planetak bilatzeko bi teknika daude gaur egun. Biak zeharkakoak, exoplanetak ezin baitira zuzenean ikusi, eta biak izarraren argian oinarrituak. Metodo tradizionala Doppler teknika da eta argiaren dardaran oinarritzen da. Astronomoek argiaren dardarari jarraitzen diote ezohiko dardarizoak detektatzeko, horiek planetaren grabitazio-indarrak eraginak izan daitezke eta.

Dardarizoa zelatatuz ehun bat exoplaneta detektatu dira oso urte gutxian, baina teknika horrek ez du balio 160 argi-urte baino urrunago bilaketak egiteko. Gainera, teleskopio erraldoiak eta denbora asko erabili behar izaten da.

Beste teknika, berriena, planeta izarraren aurretik pasa zain egotean datza. Planetak izarraren argia estaltzen du aurretik pasatzean eta astronomoek intentsitate-jaitsiera neurtzen dute. Eklipse txiki moduko bat gertatzen da, gutxi gorabehera. Teknika horrek askoz ere urrunago dauden planetak detektatzeko balio du eta planetari buruz datu gehiago ematen ditu hasieratik, baina orain arte itxaropena besterik ez du piztu. 2001ean exoplaneta baten iragaitea detektatu ahal izan zen, baina planeta ezaguna zen. Gainontzean, porrotak izan dira denak. Horregatik, OGLE-56b exoplaneta berezia da astronomoentzat.

Izarrari itsatsitako planeta

OGLE-56b planeta Jupiter baino 2,6 bider handiagoa dela kalkulatu da eta Saturnoren pareko dentsitatea duela. Astronomoek uste dute atmosferako tenperatura 2.300 ºC ingurukoa dela eta, ondorioz, burdinazko hodeiak baino ez direla sortzen han. Gugandik 5.000 argi urtera dago eta bere izarretik oso gertu, Merkurio Eguzkitik baino 14 bider gertuago. Hogeita bederatzi ordu aski ditu orbita bat osatzeko.

Gaurdaino ez da izar batetik hain gertu orbitatzen duen planetarik detektatu, baina ez da hori izan astronomoentzat kitzikagarriena, nola aurkitu den baizik. Teknika berriaren lehen arrakastak denbora gutxian beste asko ekarriko dituela iragarri ere egin dute batzuek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia