Giza azala hiru geruzaz osatutako organo konplexua da, ezinbestekoak diren zenbait funtzio betetzen dituena; besteak beste, mikroorganismoen aurkako babes-hesi gisa jokatzea eta tenperatura-erregulazioa. Zauritzen denean, geruza horiek sendaketa-prozesu koordinatu bat abiarazten dute, baina diabetesa edo infekzio iraunkorrak dituzten pazienteengan prozesu hori narriatuta gera daiteke, eta zauriak kroniko bilakatu. Tratamendu estandarrek (aposituak eta gasa-oihalak) babes fisikoa eskaintzen duten arren, pasiboak dira eta ez dute oinarrian dagoen disfuntzio biologikoa konpontzen. Hori dela eta, nanopartikulak aukera berritzaile gisa aztertzen ari dira, zelulekin zuzenean elkarreraginez sendaketa-prozesua gidatu eta hobetzeko gai diren "ingeniari" molekularrak izan baitaitezke.
Nanopartikulak ehun-konponketarako diseinatuz
Euskal Herriko Unibertsitateak eta POLYMATek osatutako nazioarteko ikerlari-talde batek, Berlingo Charité Unibertsitatearekin lankidetzan, aurrerapauso garrantzitsu bat lortu du arlo honetan: azalaren konponketa konplexuaren prozesuari laguntzeko bereziki diseinatutako nanopartikulen klase berri bat garatu dute.
Nanopartikula horiek geruzaz geruza (layer-by-layer) izena duen prozesuaren bitartez sortu dira, partikulen gainazalean nahi diren konposatu kimikoak geruzaz geruza jarriz. Prozesu hori esfera txiki bat eraikitzearekin aldera daiteke, non geruza bakoitzak helburu biologiko edo kimiko zehatz bat duen. Azken emaitza tipularen antzeko egitura bat da, nukleo zentral baten inguruan biltzen diren eta mailakatuta dauden geruza espezializatu anitzez osatua baitago. Nanopartikula horiek polimero biodegradagarri eta biobateragarriz osatuta daude: gorputzean denboran zehar naturalki desegiten dira material horiek, ondorio biologiko kaltegarririk eragin gabe. Horrek bereziki interesgarri egiten ditu medikuntza aplikazioetarako.
Teknologia horrek zientzialariei partikula gorputzean sartu ondoren nola jokatuko duen erabakitzeko aukera ematen die. Adibidez, barneko zenbait geruza sendagaiak babesteko erabil daitezke, beste geruza batzuek substantzia horien askatzeko unea kontrolatzen duten bitartean. Kanpoko geruza, aldiz, gorputzeko zelulekin solasean aritzeko moldatuta dago, eskala mikroskopikoan zehaztasunez lan egiten duen ingeniari txiki baten gisa jardunez.
Ikerlari-taldeak nanopartikularen kanpoko geruzak edo "estaldurak" duen eraginа aztertu zuen. Azalaren konponketa-zelula nagusiekin, keratinozitoekin, zuzenean kontaktuan jartzen den zatia da hori. Zelula horiek epidermiseko ugarienak dira, eta zauria ixteko eta azalaren osotasuna berreskuratzeko ardura nagusia duten eragileak dira. Partikulen eta keratinozitoen arteko elkarreragina optimizatzeko, ikerlariek hainbat polisakarido aztertu zituzten, naturan aurkitzen diren azukre-molekulen kate luzeak. Azukre horiek erabilera medikorako aproposak dira, haien biobateragarritasun-maila altuagatik. Zehazki, lau polisakarido aztertu ziren: azido hialuronikoa, trimetil kitosanoa, dextran sulfatoa eta fukoidanoa.
Ikerketa horren emaitzak deigarriak izan ziren. Keratinozito zelulek kantitate handietan xurgatzen zituzten polisakarido horiekin estalita zeuden nanopartikulak, batez ere azido hialuronikoarekin estalita zeudenak, batzuetan 4 ordutan % 80ko xurgatze-tasa lortuz. Eraginkortasuna altu horrek azal-zelulak polisakarido horiek antzemateko naturalki "sintonizatuta" daudela iradokitzen du. Antzemate hori zelula baten azalera sentsore txikien modura jokatzen duten proteina espezializatuz estalia dagoelako gertzen da. Azukre-egitura ezagun batekin topo egitean, errazago lotzen zaizkie.
Ikerketa-proiekuaren arduradunak (ezkerretik eskubira): Aitor Larrañaga, Maria Angela Motta eta Marcelo Calderon.
Nanopartikula "ingeniari txiki" horiek zelulara sartzea baino askoz gehiago egiten dute. Azalaren berritze-prozesua aktiboki bultzatzen dute. Zelula eta partikula arteko elkarrekintzak hobetuz eta ingurune biologiko egokiagoa sortuz, nanopartikula horiek keratinozitoei zauri-eremuan zehar mugitzen laguntzen diete. Migrazio hori azalak hutsune fisiko bat ixteko eta gure babes-organoa berreskuratzeko beharrezkoa den oinarrizko urratsa da.
Emaitza horiek benetako medikuntzan aplikagarriak direla ziurtatzeko, ikerlariek oinarrizko laborategiko probak gainditu eta emaile osasuntsu batzuetatik hartutako giza-azal laginak erabiliz esperimentuak egin zituzten. Aurkikuntzak bereziki positiboak izan ziren azido hialuronikoarekin estalitako nanopartikulentzat. Partikula zehatz horiek ehun-konponketa nabarmen hobetu zuten, azal-zelula berri baten geruza osatzen laguntzeaz gain, odol-hodi berrien hazkundea estimulatzen baitzuten. Azken puntu hori ezinbestekoa da, odol-hodiek edozein ehunek bizirauteko eta hazteko behar dituen mantenugaiak eta oxigenoa hornitzen baitituzte. Aurkikuntza interesgarrienetako bat izan zen azido hialuronikoa bere forma gordinean aplikatzeak ez dituela onura berak ekartzen. Horrek nanopartikularen diseinuak duen garrantzia azpimarratzen du. Polisakaridoa sistema egituratu batean bilduz, zauri-gunean denbora gehiago egon daiteke, degradazio azkarra saihestu dezake eta zelulekin elkarreragin handiagoa du.
Medikuntza birsortzailerako kapitulu berri bat
Aurkikuntza horiek gaur egungo adabaki eta apositu bezalako tratamendu pasiboak sendaketa prozesuaren gidari aktibo izango diren etorkizun baterantz zuzentzen gaituzte. Ingeniari txiki gisa, nanopartikula horiek konponketa arrakastatsurako beharrezkoak diren gertaera biologikoen multzo zabala koordinatu dezakete. Zientzialariek orain nanopartikula horiek krema edo geletan txertatu ahal izatea irudikatzen dute, pazientearen zaurian zuzenean aplikatzeko. Horrelako tratamenduaren erabilera erraza izango litzateke, eta aldi berean terapia oso bideratua eta eraginkorra eskainiko luke.
Aurrera begira, ikerketa-taldea nanopartikulak are eraginkorragoak egiteko moduak aztertzen ari da. Estrategia bat molekula antimikrobianoak gehitzea da, infekzioak —zauriak kroniko bihurtzearen arrazoi nagusietako bat—, saihesten laguntzen dutenak, aldi berean azala berreraikiz. Beste estrategia bat proteina antiinflamatorioak txertatzea da. Zaurien zainketaz haratago, nanopartikula horiek gero eta interes handiagoa pizten ari dira gaixotasun-sorta zabal baten tratamenduan duten eginkizun potentzialagatik.
Etorkizunean, ingeniari mikroskopiko horiek dermatologia klinikoa eraldatu dezakete zauriak azkarrago, modu eraginkorragoan eta konplikazio gutxiagorekin sendatzeko aukera emanez, eta, aldi berean, osasun-kostuak murriztu ditzakete, sendaketa-denborak laburtuz. Hurrengo erronka teknologia horiek laborategitik praktika klinikora eramatea izango da, eta, azkenean, farmazietara. Testuinguru horretan, POLYMATek, i+Med-ek gidatutako "Hidrogeles Inteligentes para la Nanomedicina Personalizada" izeneko proiektuan parte hartzen du, biomaterial aurreratu horien potentzialaren bidez soluzio terapeutiko berritzaileak sortzeko.
Maria Angela Motta
POLYMAT-EHU
Aitor Larrañaga
POLYMAT-EHU
Beñat Olave Fernandez
POLYMAT-EHU
Marcelo Calderon
POLYMAT-EHU



