Zelulosaz eta sojaz egindako euskarri biologikoak kartilagoko lesioak osatzeko

EHUko BIOMAT taldeak material naturaletan oinarritutako gel biodegradagarri bat garatu du, ehunen ingeniaritzan erabiltzeko.

Sortutako euskarri biologikoen adibideak. ARG.: EHU


Zelulosaz, gelatinaz eta soja-proteinez osatutako egiturak garatu dituzte, elikagaien industriako azpiproduktuetatik abiatuta. Lortutako euskarri horiek biobateragarritasun handia dute eta kartilagoa birsortzeko oso esperantzagarriak diren propietate mekaniko eta biologikoak dituzte.

Argitaratu duten ikerketan azaldu bezala, lortu dutena gel biodegradagarri bat da, ondoren 3D inprimaketaren bidez erabiltzeko modukoa. Kartilagoko lesio baten ostean, in situ hiru dimentsioko egitura bat eraikitzea ahalbidetzen du gelak, pertsona bakoitzari neurrira egokitua. Egitura horrek, zelulak atxiki eta ugaltzeko euskarri gisa jarduteaz gain, haiek elikatzeko ere balioko luke. Denbora bat pasata, egitura biodegradatu eta desagertu egingo litzateke, eta lesionatutako kartilagoa birsortu.

Ikertzaileek adierazi dutenez, zelulosak egitura indartzen du, eta zurruntasuna eta trakzioarekiko erresistentzia ematen dio. Soja-proteinak, trinkotasuna mantentzen laguntzen du eta gelatinak, azkenik, zelulentzako mantenugai gisa balio du. Azterlan honek erakutsi du material naturalak erabiliz ere, oso irtenbide onak lor daitezkeela.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna