Tradiziotik berrikuntzara: Erremonteko saskiaren iraultza

Frontoi batek eta laborategi batek ez dute, lehenengo begirada batean, lotura handirik. Hala ere, bien arteko elkarlanetik etor daiteke erremontearen etorkizuneko jauzi handienetako bat. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek helburu argia dute: erremonteko saskiak erresistenteagoak, eskuragarriagoak eta iraunkorragoak bihurtzea teknologia berriak eta materialen ingeniaritza baliatuz. Tradizio handiko kirol batean aldaketak proposatzea ez da sekula erraza, baina berrikuntzak aukera berriak ireki ditzake modalitate honentzat.

Erremonte-saskien fabrikazioaren artisau-prozesua. - ARG: Xabier Sandua Fernandez


Erremonteak leku berezia du euskal pilotaren modalitateen artean, bai bere ezaugarri teknikoengatik, bai duen ondare-balioagatik. Joko-mekanikan esku-pilotarekin antzekotasunak baditu ere (bertan pilota zuzenean eskuarekin jotzen baita), erremontean saski edo xistera bat erabiltzen da, pilotaren portaera fisikoan eragiten duena.

Erremontean, guante-laxoa oinordetzat duen modalitatean, saski kurbatu bat erabiltzen da, eta pilota pilotariaren saskiaren eskutik sartzen da, saskiaren barrualdean zehar etenik gabe irristatzen da eta, abiadura handitu ondoren, puntatik jaurtitzen da. Prozesu horretan, energia-transferentziari, azelerazio progresiboari eta jaurtiketa-kanalaren geometriari lotutako printzipio fisiko batzuek parte hartzen dute. Horregatik, xisteraren diseinua funtsezko elementua da bai kirol-errendimendurako bai jokoaren segurtasunerako.

Gaur egun, erremontea neurri mugatuan praktikatzen da, batez ere Nafarroan eta Gipuzkoan, eta egoera ezegonkorra bizi du. Materialaren eskuragarritasun-arazoak dira jokalari berriak erakartzeko oztopo nagusienetako bat. Beste modalitate batzuetan ez bezala, erremonteko xistera bat eskuratzea ez da ez berehalakoa ez merkea, eta horrek zaildu egiten ditu bai aisialdiko praktika bai oinarrizko prestakuntza.

Erremonteko xisterak azken mendean ia aldaketarik izan ez duen artisau-prozesu baten bidez fabrikatzen dira. Egitura nagusia ratan egurrez egiten da; material zuntztsu eta porotsua da, banbuaren antzekoa, eta hezetasunaren, beroaren eta prozesu mekaniko egokien eraginpean moldatzeko gaitasun handia du. Egur horrek gaztainondo-egurra ordezkatu zuen trakzioarekiko erresistentzia eta malgutasun handiagoa zituelako.

Egitura hori enpajearen bidez sendotzen da. Historikoki zumez edo ihiz egina zegoen, baina gaur egun polimeroek, hala nola polipropilenoak, ordezkatzen dute. Xisteraren kanpoaldeko uztaia, tradizionalki gaztainondo-egurrez egina, material sintetiko batez ordeztu zen: beira-zuntza. Osagai hori fabrikatzeko molde bat erabiltzen da, eta bertan zuntzak luzetarako noranzkoan kokatzen dira; ondoren, matrize polimerikoa isurtzen da, material konposatua osatu arte. Horrela, uztaiarekiko trakzio- eta inpaktu-erresistentzia nabarmen handitzen da. Azkenik, larruzko eskularru bat eransten zaio xisterari; argizariz estalitako hari baten bidez, eskuz jositako lotura egiten da, eta, horrela, tresna oso espezializatua osatzen da.

Erremonteko saskien uztaiak

Erremonteko saskien uztaiak, zuntz sintetikoz eginak. ARG: Xabier Sandua Fernandez


Xisteraren artisau-balioa zalantzan jarri ezin bada ere, haren muga teknikoak agerikoak dira. Fabrikazio-prozesuak denbora-inbertsio handia eta artisauaren ezagutza espezializatua eskatzen ditu; horrek produktua garestitu eta haren eskuragarritasuna mugatzen du. Gainera, ikuspegi mekanikotik, egurrak ahultasun handia erakusten du nahigabeko inpaktuekiko. Pilotaren kolpe desegoki batek milisegundo gutxitan hautsi dezake egitura, eta horrek asteetako lana behar izan duen xistera baliogabetuko luke.

Testuinguru honek agerian uzten du erremontearen funtsa mantenduko duten baina aurrerapen teknologikoei uko egingo ez dieten alternatibak bilatzeko beharra. Materialen ingeniaritzak gaur egun material tradizionalen mugak gainditzeko gai diren irtenbideak eskaintzen ditu, egitura arinagoak, erresistenteagoak eta iraunkorragoak garatuz. Material konposatuek eta polimero aurreratuek xisterak jokoaren karga dinamikoen aurrean duen portaera mekanikoa optimizatzen dute, eta horrek haustura-arriskua murrizten eta bizitza erabilgarria luzatzen du. Hori da, hain zuzen ere, NUPek ikerketa-proiektu bihurtu duen erronka.

Ikerketa honetan, berrikuntza ez da materialaren hautaketara mugatu behar. Fabrikazio-metodo modernoek, hala nola fabrikazio gehigarriak (3D inprimaketak), aukera berriak eskaintzen dituzte erremonteko saskiaren diseinuan. Teknika horiei esker ekoizpen-denborak nabarmen murriztu daitezke, kostuak jaitsi eta geometria konplexuak zehaztasun handiz erreproduzitu. Gainera, egitura saskiaren behar funtzionaletara egokitzeko aukera ematen dute; artisautzan oinarritutako prozesu hutsekin hori lortzea zaila da.

3D erremonteko saskia

Fabrikazio gehigarriaren bitartez lortutako erremontezko saski eskalatua. ARG: Xabier Sandua Fernandez


Xistera berri baten garapenak, hala ere, metodologia zorrotza eskatzen du. Edozein ikerketa-prozesutan bezala, lehen urratsa aurrekari teknikoen analisia egitea da, artisauen, pilotari profesionalen eta dokumentazio-iturrien informazioa bilduz. Ezagutza enpiriko hori ezinbestekoa da jokoaren benetako eskakizunak ulertzeko eta kirol-praktikatik urrun dauden irtenbideak saihesteko.

Erremonteko xisteraren geometria normalizatuta ez dagoenez eta molde tradizionaletan oinarritzen denez, beharrezkoa da lehendik dauden ereduen hiru dimentsioko eskanerra egitea, ondoren diseinu-software batean digitalizatzeko. Geometria horretatik abiatuta, simulazio konputazionalak egin daitezke, hainbat materialek jokoan ohikoak diren egoeren aurrean duten portaera ebaluatzeko: inpaktu errepikatuak, tolesturak eta karga dinamikoak, besteak beste. Material eta konfigurazio egokienak identifikatu ondoren, hautatutako fabrikazio-prozesuarekin duten bateragarritasuna aztertuko litzateke, eta, gero, lehen prototipo funtzionala garatu.

eskaneoaErremonte-saskiaren 3Dko eskaneatzea

Erremonte-saskiaren 3Dko eskaneatzea. ARG: Xabier Sandua Fernandez


Ikerkuntza honetan, helburu konplexuenetako bat ez da teknikoa, soziala eta kulturala baizik. Erremontea ehun urte baino gehiagoz ia aldaketarik izan ez duen tresna batekin jokatu da, eta horrek identitate-balio handia ematen dio xisterari. Horregatik, edozein aldaketa zuhurtziaz landu behar da. Proposatutako estrategiak ez du haustura estetikorik bilatzen; aitzitik, bilakaera estrukturala planteatzen du, kanpoaldeko enpaje tradizionalari eutsiz baina tresnaren nukleo erresistentea hobetuz.

Pilotari profesionalen onarpena ere funtsezko kontua da. Horregatik, antzeko modalitateetan (adibidez, zesta-puntan) izandako esperientziak kontuan hartuta, proposatzen da lehen prototipoak hastapeneko kategorietan erabiltzea. Horrela, teknologia berrietarako trantsizio progresibo eta naturala erraztuko litzateke. Ikuspegi horrek aukera emango du saskiaren portaera benetako baldintzetan ebaluatzeko eta belaunaldi berriak tresna berriei ohitzeko.

Erremontearen etorkizuna, neurri handi batean, gaur egungo teknologiei egokitzeko duen gaitasunaren mende dago. Tradizioaren eta teknologiaren arteko uztarketak aukera paregabea eskaintzen du modalitatea biziberritzeko, eskuragarritasun-oztopoak murrizteko eta praktikatzaile berriak erakartzeko. Xistera eskuragarriagoak, erresistenteagoak eta iraunkorragoak izateak erremontearen hedapenean eragin erabakigarria izan dezake, eta horrek euskal pilotaren ondare kulturalaren parte den kirol honen jarraipena bermatuko luke. Horrela, berriro ere, kulturaren, tradizioaren eta zientziaren arteko beharrezko eta ezinbesteko sinbiosia lortuko genuke.

Xabier Sandua Fernandez

NUPeko Ingenieritza Arloko ikertzailea eta irakaslea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingeniaritza