Aire girotuak ez du uste bezain beste hozten

Uda honetan aurrekaririk gabeko bero-boladak bizitzen ari gara Europan eta Asian, eta gure eraikinetan halakoak jasateko irtenbide bila gabiltza; haien artean, aire girotua jartzea. Alabaina, adituek diote badaudela soluzio hobeagoak.

Aire girotua garestia da, energia asko kontsumitzen du, eta kanpoko airea berotzen du. ARG.: Alexandre Lecocq/Unsplash


Nature Reviews Clean Technology aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, gaur egun munduko elektrizitatearen % 10 erabiltzen dugu eraikuntzen hozte-sistemak elikatzeko. Uste da ehuneko hori handitu egingo dela hurrengo urteetan, bero-boladak ohikoagoak, gogorragoak eta luzeagoak izatea espero baita. 2050erako, kalkulatu dute eraikinak hozteko beharko dugun elektrizitatea % 210 igoko dela 2024 urtearekin alderatuta, eta berotegi-efektuko gasen isuriak hirukoiztu egingo direla.

Aire girotua oso zabalduta dago, besteak beste, Estatu Batuetan, Japonian eta Australian, baina ez da hain ohikoa Europako etxeetan edota diru-sarrera txikiko herrialdeetan. Hozte-sistemak garestiak dira eta energia asko kontsumitzen dute. Baina, horretaz gain, badituzte beste hainbat desabantaila.

«Aire girotuak eraikinetako tenperatura jaisten du, bai, baina hirian bero handiagoa pilatzearen kontura»

Tenperaturak asko igotzen diren uneetan, aire girotuaren erabilpenak ere gora egiten du, eta itzalaldiak gertatzen dira elektrizitate-eskaria handiegia delako. Egileen ustez, ondorio hori oso arriskutsua da, pertsona zaurgarriak babesik gabe uzten baititu tenperatura altuen aurrean.

Bestetik, aire girotuak eraikinetako tenperatura jaisten du, bai, baina hirian bero handiagoa pilatzearen kontura. “Split” hozte-sistemak —sistema ohikoena etxeetan eta ofizinetan—, barrualdeetako beroa hartu eta kanpora botatzen du. Funtzionamendu horrek gurpil-zoro bat sortzen du, kanpoko tenperatura handitzeak, era berean, aire girotu gehiago erabiltzeko beharra sortzen baitu.

«Hozte-sistema pasiboekin eguzki-energiaren % 97 islatu daiteke»

Zorionez, azken urteetan eraikinak modu pasiboan hozten dituzten material berriak sortu dira, energia oso gutxi behar dutenak, edo batere ez. Aurrerapen garrantzitsuenetako bat Eguzkiaren argia islatu eta, gainera, ingurua berotzen ez duten materialak dira, pintura, beira, gel edo bestelako itxura har dezaketenak.

Egunean zehar, Eguzkitik beroa iristen zaigu uhin infragorrien bidez, eta gainazalek xurgatu egiten dituzte uhin horiek. Gainazalak ingurua baino gehiago berotzen badira, uhin infragorriak askatzen dituzte bueltan, eta ingurua berotzen dute. Alabaina, badago uhin infragorrien uhin-luzera tarte bat inguruak xurgatzen ez duena eta zuzenean espaziora alde egiten duena. Material berri horiek Eguzkiak bidaltzen dituen uhin infragorriak islatzen dituzte, baina inguruak xurgatuko ez dituen uhin-luzera jakin horietan.

Hozte-sistema pasiboen beste adibide bat silizio edo aluminio oxidozko mikroesferak edo nanoesferak dituzten pinturak dira. Esfera horiek argiaren dispertsioa hobetzen dute, eta aurrez egindako proba batek gainazaleko tenperatura 5,26 °C murriztu zuen, eta eguzki-energiaren % 97 islatu.

Ikerketaren egileek adierazi dute material berritzaile horiei lekua egin behar zaiela lehenbailehen, bero-boladen aurreikuspenak ezagututa. Gaur egungo hozte-sistemak eraldatzeko eta eraginkorragoak bihurtzeko beharra azpimarratu dute, denon osasuna eta ongizatea bermatze aldera.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena