Mikrobiomak eragina du txertoen osteko erantzun immunitarioan

Hesteko mikrobiomak eragin dezake txerto bat jaso ostean sukarra agertzea edo ez.

Hesteko mikrobiota - ARG.: The Nutrition Insider, Flickr CC BY-SA 2.0


Txerto bat jaso ostean, pazienteek erantzun immunitario eta albo-ondorio oso ezberdinak izaten dituzte. Txertoek, eta baita infekzioek ere, «Big Bang immunologiko» bat eragin dezakete; hau da, gertaera molekular eta zelularren segida bat, zeina memoria immunologikoa finkatzen denean amaitzen baita, egun, aste edo hilabete batzuen buruan. Sukarra eta gripearen antzeko sintomak dira ohikoenak, bereziki mRNA-n eta lipido-nanopartikuletan oinarritutako txertoen kasuan, baina albo-ondorio horiek ez dira beti agertzen.

«Txertoa jaso aurretik hesteetako inflamazio handiagoa zuten pazienteek txertoa jaso ostean sukarra izateko joera handiagoa zuten»

Ikerketa batek proposatu du hesteetako mikrobiomak eragina izan dezakeela txertoek eragiten duten erantzun immunitarioan. Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek gorozkietako mikrobiomak, gorputzeko tenperatura eta hainbat markatzaile immunitario aztertu zituzten 171 heldu osasuntsutan, sARS-CoV-2aren mRNA-txertoa jaso aurretik eta ondoren.

Egileek ondorioztatu zuten hesteetako hainbat bakteriok, eta nagusiki Lachnospiraceae familiakoek, flagelina izeneko proteina sortzen dutela. Molekula horrek immunitate-sistema aktibatzen du eta albo-ondorioak areagotzen ditu. Txertoa jaso aurretik hesteetako inflamazio handiagoa eta flagelina-maila altuagoa zuten pazienteek txertoa jaso ostean sukarra izateko joera handiagoa izan zuten.

Bestalde, pazienteen dietak kontuan izanda, ondorioztatu zuten landare-jatorriko elikagai gehiago jaten zituzten pertsonen mikrobiomak inflamazio gutxiago sortzen zuela. Aldiz, gantz eta elikagai prozesatu gehiago jaten zuten pertsonek inflamazio gehiago eta albo-ondorioak izateko joera handiagoa zuten. Dena dela, egileek adierazi dute dietak eta inflamazioak ez dutela eraginik txertoen eraginkortasunean.

Emaitzek erakutsi dute etorkizunean mikrobioma —eta beharbada dieta— kontuan izan litezkeela txertoen albo-ondorioak saihesteko.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna