Melanomaren aurkako RNA-txerto batek III fasea gainditu duela iragarri dute

Txerto pertsonalizatu bat da, eta RNA mezulariak minbizi-zelulen seinale jakin batzuk ekoizteko jarraibideak ditu


Melanomaren kontrako txertoak saio klinikoen III fasea gainditu duela iragarri dute Merck eta Moderna konpainia farmazeutikoek. Iragarpenak itxaropena piztu du, eta burtsan gorakada handia izan dute bi konpainiek. Baina, oraingoz, ez dituzte emaitzak aldizkari zientifiko batean argitaratatu, eta, dena ondo joanda ere, oraindik bidea egin behar du onartua izateko eta pazienteen eskura egoteko.

Txertoa RNA mezulariaren teknologian oinarrituta dago. Teknologia hori ezaguna egin zen COVID-19aren pandemian, eta proteina antigenikoak ekoizteko jarraibideak kodetzen dituen RNA mezularia injektatzean datza. Melanomaren kasuan, txerto pertsonalizatu bat da, eta RNA mezulariak minbizi-zelulen seinale jakin batzuk ekoizteko jarraibideak ditu. Hala, seinale horien bidez, immunitate-sistemak minbizi-zelulen kontrako erantzuna sortzen dute.

«Saio klinikoan, III eta IV motako arrisku handiko larruazaleko melanoma duten 1.137 pazientek parte hartu dute»

RNA mezulariaz gain, txertoak immunoterapiako tratamendu bat ere badarama, pembrolizumaba. Saio klinikoan, III eta IV motako arrisku handiko larruazaleko melanoma duten 1.137 pazientek parte hartu dute. Aurrez, ebakuntza egin zieten tumorea erauzteko eta ikertzaileek paziente bakoitzaren tumore-zelulen kontrako txertoa sortu dute.

Emaitzak itxaropentsuak izan dira, baina oraindik ez dituzte aurkeztu artikulu zientifiko baten bidez. Hortaz, komunitate zientifikoak ez du xehetasunak ikusi eta aztertzeko aukerarik izan. Dena ondo bidean, hurrengo pausoa sendagaien agentzien azterketa gainditzea izango litzateke. Hortaz, oraingoz, fase esperimentalean dago, eta, onartzen bada, paziente-mota jakin batentzako izango da.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna