Marteko hodei erraldoi baten sekretuak argitu dituzte

2021/06/22 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak deskribatutako hodei bereziaren irudiak Arg. ESA/GCP/EHU

Ur-izotzezko hodei berezi bat sortzen da Marten. 1.800 km luze eta 150 km zabal izatera irits daiteke. Oso azkar zabaltzen da, eta ordu gutxi batzuen buruan, berriro desagertu. Baina goizero errepikatzen da, udaberria Materen hegoaldera iristen denean. EHUko Zientzia Planetarioen taldeak argitu du hodei erraldoiaren misterioa, 203tik Marteren orbitan bueltaka dabilen Mars Express zundaren behaketa berriak baliatuta.

Arsia Mons sumenditik hurbil sortzen da hodei erraldoia. 20 km-ko altuera du sumendiak, eta haizeari oztopo egiteagatik sorrarazten du hodeia. Aireak sumendiaren hegaletan gora egin behar du, eta hezetasuna daramanez, hoztu egiten da. Hala, hodei orografiko bat sortzen da: 45 km-ko garaieran sortzen da, eta han goiko haizeak arrastatu egiten du, oso azkar zabalduta (600 km/h-ko abiaduran). Horrenbestez, Marten sekula ikusi den hodei orografikorik handiena sortzen da bizpahiru orduan.

Hainbat hilabetez egunero sortzen da, egunsentia baino lehen. Eguzkia ateratzean, ordea, airearen tenperaturak gora egin ahala, lurrunduz desagertu egiten da. Zientzia Planetarioetako ikertzaile Jorge Hernández Bernalen eta Agustín Sánchez Lavega katedradunaren ustez, Marteren eta Lurraren klima-sistemei buruz dugun ezagutza hobetzen lagunduko du hodeiaren sorrera sakon ikertzeak. Informazio gehiago, EHUren webgunean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia