Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
Ez dakit iraultza bat den, baina oso gogoan dut nire haurtzaroko une bat, zeinetan ohartu bainintzen gehiago jakin nahi nuela. Une hark ekarri nau honaino. Ama galiziarra dut, eta Galizian izan zen, amonaren etxean. Akordatzen naiz, bazkalondoan, lehengusuekin kanpora joan nintzela jolastera. Amona barruan geratu zen, sukaldea jasotzen, eta, halako batean, ez dakit zertarako, sukaldera sartu nintzen, eta amona telebista ikusten ari zen. Albisteak ematen ari ziren, eta, bat-batean Lurraren irudia agertu zen, espaziotik ikusita. Ez dakit zenbat urte izango nituen; sei inguru. Transbordadore baten irudiak izango ziren, eta gogoratzen dut nola gelditu nintzen Lurra espaziotik ikusten eta berria entzuten, ea zer esaten zuten. Gainera, akordatzen naiz lehengusua etorri zela nire bila, deika eta garrasika, eta nik isiltzeko agindu niola, entzun nahi nuelako.
Izan ere, normalean, umeei galdetzen zaienean planetei buruz, inork ez du aipatzen Lurra. Nik, berriz, grabatuta daukat Lurra ikusi nuela kanpotik, eta horrekin jada harrapatuta gelditu nintzen.
Niretzat, momentu hura giltzarria izan zen. Horrez gain, hemengo aitona arrantzako patroia zen, eta izarrak erakusten zizkidan. Ilargia ere bere prismatikoekin ikusi nuen lehenengo aldiz. Oso txikitatik datorkit espazioarekiko grina.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?
Galdera hau ez daukat bestea bezain garbi, baina esango nuke unibertsoari buruzko galdera asko ditugula oraindik erantzun gabe, eta horietako batzuk erantzutea gustatuko litzaidake. Adibidez, materia iluna eta energia iluna detektatzea.
Izugarrizko ahalegina egiten ari dira horretarako, unibertsoa ulertzen dugun bezala ezagutzeko bi datu horiek falta baitzaizkigu, materia iluna eta energia iluna. Gerta liteke, hori bai, deskubritzea oker geundela, eta ez dagoela ez materia ilunik, ez energia ilunik.
Bi aukerak dira oso hunkigarriak. Aurkitzen badituzte, sekulakoa izango da. Eta ondorioztatzen badute ez direla existitzen, eta guk asmatutakoak direla formulak ondo egokitzeko, esan nahiko du zalantzan jarri beharko dela urteetan eraikitzen joan garena. Biak dira liluragarriak.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



