Giza obulutegia ez da funtziorik gabeko organo bat bilakatzen menopausia ostean

Pentsatu izan denaren kontrara, obulutegiak ez dira funtziorik gabeko organo bihurtzen ugaltzeko gaitasuna galdu eta gero.

Pentsatu izan denaren kontrara, obulutegiak ez dira funtziorik gabeko organo bihurtzen ugaltzeko gaitasuna galdu eta gero. ARG.: pcjvdwiel/Pixabay


Obulutegiak menopausia ostean nola aldatzen diren aztertzeko, ikerketa batean menopausia osteko etapan zeuden 28 emakumeren obulutegi osasuntsuak aztertu dituzte. Organoaren ehunak eta hark sortzen dituen proteinak aztertuta, egileek ondorioztatu dute menopausia ostean ere obulutegiek aldatzen jarraitzen dutela.

«Obulutegia beste organo batzuekin komunikatzen da, baita menopausia ostean ere»

50–59 urteko eta 70 urtetik gorako emakumeen obulutegien artean alde argiak ikusi dituzte: emakume gazteagoetan, proteinak RNAren eta geneen funtzionamenduaren erregulazioarekin lotuta daude batez ere; emakume nagusiagoetan, berriz, obulutegiek inflamazio gehiago dute, eta bertako proteinak lotuago daude metabolismoarekin, zelulen barruko garraioarekin eta immunitate-sistemaren defentsa-mekanismoekin.

Egileek adierazi dute obulutegia beste organo batzuekin komunikatzen dela, baita menopausia ostean ere; besteak beste, burmuinarekin eta hezurrekin. Horregatik, emakume askok hezurretako arazoak izaten dituzte menopausia ostean.

Bestalde, ikertzaileek ikusi zuten, aztertutako obulutegi guztietako ehunak osasuntsu zeuden arren, organo zaharrenetan obulutegiko minbiziarekin erlazionatutako proteina gehiago zeudela. Aurkikuntza horrek ez du esan nahi menopausia ostean emakume guztiek minbizia izango dutenik; soilik iradokitzen du obulutegiko inflamazio-egoera egokia izan daitekeela minbizi-zelulentzat.

Aurkikuntzak argitu du giza obulutegiak ez direla ugalketa-organoak soilik, eta eragina izan dezaketela emakumeen zahartze-prozesuan.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna