Genoma editatzeko metodo berriak aurkeztu dituzte

2017/10/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. MIT

Genoma eraldatzeko teknika berri bana aurkeztu dute Nature eta Science aldizkariek. Bietan Broad Institutuko (Harvard Unibertsitatea) eta MITeko ikertzaileek parte hartu dute, eta biek dute helburutzat gaitzak eragiten dituzten mutazio molekular txikiak zuzentzea. Bi tekniken arteko alde nagusia ituan dago: batean DNA sekuentziaren base nitrogenatuak dira, eta, bestean, RNAren nukleosidoak.

Berez, CRISPR-Cas9 metodo ospetsuaren moldaketak dira bi teknikak. Base nitrogenatuak aldatzean oinarritzen denari ABE deitu diote (Adenine Base Editor). Zehazki, adenina base nitrogenatuaren molekula aldatzen du, eta guanina itxura ematen dio. DNAk base-parea osatzen du, eta, hala, A-T parea (adenina-timina) G-C bihurtzen da (guanina-zitosina).

Aipatzekoa da base nitrogenatuen mutazioak gaitz askoren oinarri direla, eta, beraz, aplikazio zabala izan dezake terapian. Gainera, ikertzaileen esanean, metodoa oso eraginkorra izateaz gain, ez du albo-produkturik sortzen.

Beste teknikak, berriz, REPAIR izena du (RNA Editing for Programmable A to I Replacement), eta RNAren adenosina (A) inosina (I) bihurtzean datza. Adierazi dutenez, maila horretako mutazioak ohikoak dira eta gaitz ezagunekin lotuta daude, bestea beste, epilepsia-mota batzuk, Duchenne muskulu-distrofia eta parkinsona. REPAIR teknikak aukera ematen du mutazio horiek konpontzeko, beste ezer aldatu gabe, ezta DNA ere, eta edozein zelulatan erabil daiteke.

Bai ABE bai REPAIR laborategian probatu dituzte, giza zeluletan. ABE erabilita, hematokromatosi heredagarriaren mutazioa konpondu dute, eta REPAIRen bidez, berriz, Fanconi anemiarena.