Euskal balea, mitoa baino gehiago

1995/06/01 Mendizabal Idiazabal, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mendeetan zehar iraun zuen neurrigabeko arrantzak aspaldi urrundu zuen euskal balea Bizkaiko itsasotik. Belaunaldiz belaunaldi, herri-oroimena zahartzearekin batera, euskaldunon itsas bizitzako osagai nagusi izandakoa, bertso zahar eta armarrietako mamu isil bilakatu zen.

Bale-arrantza, X. mende inguruan sortu zen Euskal Herrian. Noizean behin kostaldean hondartzen ziren zetazeoengandik lortzen zen etekina handia zela ikusirik, altxor bizidun hauek harrapatzera jo zuten arrantzaleek. Bale espezie bat izan zen arrantzaleen begikoena hasiera-hasieratik, euskal balea.

Biologia

Euskal balea ( Eubalaena glacialis ) Misticetea subordenako zetazeoa da, hau da, bizarrak dituzten zetazeoen taldekoa. 18 m-ko luzera eta 100 tonako pisua izatera irits badaiteke ere, 15 m eta 60 tona ingurukoak izaten dira normalean. Beltza da, baina orbain zuri batzuk ere izan ditzake azpialdean. Beste baleekiko duen bereizgarri nagusia burualdean du: buru handia izateaz gain (gorputzaren laurdena), buru gainean bizkarroiez betea egon ohi den gangarra du.

Ahoak kurba handia du eta bertan, 2,5 m-ko luzera duten bizarrak ditu. Bizarrak, hortz eraldatuak dira, goiko barailaren bi aldeetan kokatzen dira eta alde bakoitzean 270 inguru ditu. Balea bizar hauetaz baliatzen da bere janaria, kopepodo eta eufasiazeoak, harrapatzeko. Baleak ahoa erdiirekia duela egiten du igeri eta bizarrak bahe-modura erabiltzen ditu, bertan zooplanktona osatzen duten krustazeo txikiak kateatuta geratzen zaizkiolarik.

Ur-azalean, murgilaldien arteko arnasketa-saioetan, 5-10 minutu egoten da, denbora horretan 4-10 arnasketa egin ditzakeelarik. Euskal baleak, bizkarrean bi ostiolo (zulo) ditu arnasa hartzeko, ondorioz zetazeoengan bereizgarri den ur-emaria, euskal balearen kasuan V itxurakoa eta aurrealderantzkoa da.

Migratzailea da. Uda iparraldeko itsasoetan igarotzen du, urtaro horretan elikagai asko metatu behar du, negua eta migrazioko joan-etorria ia jan gabe igarotzen baititu. Iparraldeko itsasoko urak hotzegi bihurtzen direnean, urteroko migrazioari ekiten diote, bale bakoitzak bere eskualdea du negua igarotzeko eta urtero bertara itzultzen da.

Neguleko horietan ugaltzen dira. Kopula taldean burutzen dute, eme bat eta 2-7 arren artean. Ernalketaren ondoren, emeak urtebete inguru eramango du kumea sabelean erditu aurretik. Erditzea, negulekuko sakonera txikiko guneren batean gertatzen da, neguaren hasieran. Erditutako kumeak 5-6 m-ko luzera eta 2 tonako pisua izaten du. Bere lehen 6-10 hilabeteetan amaren esneari esker biziko da, bien artean lotura sakona sortzen delarik.

Bale-arrantza, populazioaren gainbehera

Bale-arrantzaleek, bazuten ama-kume erlazio horren berri. Horretaz baliaturik, ahal zuten guztietan kumea hil eta porturatu egiten zuten, ama kumeari jarraituz hurbilduko zen ziurtasuna zutelarik. Euskal baleak bazuen horrez gain arrantzaleentzat beste abantaila batzuk ere: animalia geldoa da, eta beraz atzeman erraza, geldotasun hontatik datorkio bere beste izen arrunta ballena franca ; hil ondoren bestalde, ur gainean mantentzen da eta horrek garraio arazoak gainditzen laguntzen zien arrantzaleei.

Bale-arrantza Bizkaiko itsasoko kostaldean. Sañez Reguarten grabatua.

Baleetatik lortzen ziren lehengaien artean koipea zen nagusi. Euskal baleak koipe etekin altua ematen zuen, pisuaren % 40 koipe baita. Bestalde, duen bizarra fina, luze eta ugaria denez, aterki, kortse, etab. egiteko erabiltzen zen, apartekoa zelarik. Horrek guztiak euskal balea bale-arrantzaleen helburu nagusi bihurtzera eraman zuen.

Euskal balearen populazioak, bale-arrantzaren sorreratik jasan zuen arrantzaren presioa. Bale-arrantza areagotzen joan zen neurrian, populazioa murrizten joan zen. Gainera, kume eta eme ugalkorrekin egiten zen arrantza selektiboak populazioa ondorengorik gabe uztea zekarren. Horrela, negua Bizkaiko itsasoan igarotzen zuen populazioa pixkanaka urrituz joan zen.

XVI. menderako iparraldeko itsasoetara, Terranova eta Groenlandia ingurura, joan beharrean aurkitu ziren euskaldunak bale bila. Iparraldeko itsasoetan, ipar balea ( Balaena mysticetus ) aurkitu zuten. Berau euskal balea baina handiagoa denez, bai gorputzez eta bai bizarren neurriz, ipar balearen arrantzatik etekin gehiago lortzen zuten arrantzaleek. Ordurako, britainiarrak eta holandarrak ere hasiak ziren bale-arrantzan, lehia gogorra sortu zen eta ondorioz, euskaldunak bale-arrantza alboratzen hasi ziren.

Bale-arrantza zabaltzearekin batera, bi espezie hauen neurrigabeko arrantza areagotu egin zen, eta horrek populazioen murrizketa ekarri zuen. XVIII. mende bukaerarako bi espezie hauetako aleak aurkitzea oso arraroa zenez, iraungita zeudela uste izan zen. Bale-industriak beste espezieen ustiapena hasia zuen ordurako eta teknologiaren aurrerapenez baliatuz (arpoi-kainoia) espezie hauen hondamendia bideratua zuen.

Bale-arrantzaleek, bazuten amaren eta kumearen arteko erlazio bereziaren berri. Horretaz baliaturik, ahal zuten guztietan kumea hil eta porturatu egiten zuten, ama kumeari jarraituz hurbilduko zen ziurtasuna zutelarik. Euskal baleak bazuen horrez gain arrantzaleentzat beste abantaila batzuk ere: animalia geldoa da, eta beraz atzeman erraza; hil ondoren bestalde, ur gainean mantentzen da eta horrek garraio arazoak gainditzen laguntzenzien arrantzaleei.

Adibidez, XX. mendearen hasieran 206.000 rokual urdin eta 500.000 rokual arrunt bizi baziren, egun bi espezieon populazioak 1.100 eta 107.000 ale ingurukoak direla uste da, hurrenez hurren. Azken bi mendeetan euskal balea, Atlantikoko Iparrekialdean behintzat, benetako itsas-mamua izan da, oso bakanki begiz jotzen baitzen, eta agertzen zenean, antzinako mamutzarren modura hil eta erakutsi egiten zen.

Gaurko egoera

Azken bi mendeetan hain arraroa izan den espezieari buruz izan den informazioa, oso urria eta askotan kontrajarria izan da.

Egungo euskal baleen populazioa, gutxienez bi talde nagusitan banatzen da (ikus mapa). Talde bat Pazifikoko Iparraldean bizi da eta 220 ale ingurukoa da. Bigarren taldea Atlantikoko Iparraldekoa da, bertan ere bi azpi-talde egin daitezke: talde nagusia

Atlantikoko Mendebaldean bizi da, eta bigarrena Atlantikoko Ekialdean. Atlantikoko Mendebaldean bizi denak, uda Terranova eta Bostongo bankuetan ematen du eta negua berriz Florida-Bermudas inguruan. 100 ale inguruko populazioa omen da. Atlantikoko Ekialdeko populazioari buruz dagoen informazioa urria da, bizirik iraun duen azken taldeak negua Cabo Verde eta Saharako kostaldean ematen duela uste da, baina populazioaren tamaina ezezaguna da.

Etorkizunari begira

Euskal balearen etorkizunaz, aurrikuspen objektiboak egiteko orduan aurkitzen den oztopo nagusiena informazio-falta da. Populazio-tamaina hain urriek, antzeko beste populazio erlitikoetan ikusi diren arazoak gogorarazten dute, ale ugalkorren isolamendua eta aldakortasun genetiko eza besteak beste. Bestalde, ezin ahantz daitezke, itsasoko poluzioak sorturikoak, beste gauzen artean, populazioak onartzeko guneen murrizketa ekarri baitu. Azkenik, 1935.ez geroztik espezie honek babes osoa duen arren, legez kanpoko harrapaketak egin dira; esaterako, Madeiran 70.eko hamarkadan, bi ale arrantzatu zirela jakina da.

Euskal balea ( Eubalaena glacialis ) eta Ipar balea ( Balaena mysticetus ). Azkena euskal balea baino handiagoa da, bai gorputzez eta baita bizarren neurriz ere.

Benetako berreskuratze-lana egin nahi bada, egun existitzen diren populazioen tamaina eta nondik norakoak jakitea ezinbestekoa da. Populazioen jarraipena egin ondorengo pausua, populazioek uda eta negua igarotzen duten guneen babesa bideratzea litzateke, negulekuena bereziki, bertan ematen baitira ugalketa-prozesuak.

Eubalaena australis bale espeziea, euskal balearekin estuki erlazionatuta dagoen espeziea da. Hego hemisferioan, Antarktika inguruan, mugitzen da (ikus mapa). Zenbait autorek espezie berekotzat jo bazituzten ere, CBIk (Bale Komisio Internazionalak) existitzen den isolamendu geografikoan oinarriturik espezie ezberdin modura sailkatu zituen.

Hegoaldeko bale hau ere, jasan zuen ustiaketa masiboaren ondorioz, XIX. mendearen amaierarako ia iraungita gertatu zen. Halere, espezie horren inguruan egin den kudeaketak emaitza itxaropentsuak eskaini ditu. 1935.ez geroztik erabateko babesa izateaz gain, Argentinako gobernuak populazio horien ugaltze eskualdeak “gune ukiezin” izendatu zituen. Ondorioz, espezie horren populazioak geldo baina gora egin du eta gaur egungo populazioa 3.000 ale ingurukoa da.

Beraz, kudeaketa egokiek emaitza onak dakartzatela baieztatu da. Kudeaketa egoki hauek, kontserbazioaren aldeko benetako borondatean oinarritu dira. Mota horretako adibideei jarraituz gero, agian bertsolariek baleen berragerpenari buruzko bertsoak abesteko aukera izango dute.