Ikerketa batek frogatu du Wernicke-ren area aktibatu egiten dela hitz egiten hasi aurretik. Ikusi dutenaren arabera, hitzak sortzeko momentuan, burmuineko area motorrak aktibatu aurretik, Wernicke-ren areako azpieremu bat aktibatzen da. Gainera, ikusi dute aktibo mantentzen dela bai hitz egitean, bai hitz egiten entzutean.
«Burmuineko eremu hori helburu izan liteke etorkizunean hizketa-arazoak dituzten pertsonen neuroprotesietarako»
Wernicke-ren area burmuinaren entzumen-kortexaren parte da, eta mintzamenaren pertzepzioan funtsezko funtzioa betetzen du. Jakina da area hori kaltetuta duten pertsonek, mintzamena ulertzeko arazoak izateaz gain, hitz egiteko zailtasunak ere izaten dituztela. Aipatutako ikerketak paradoxa hori argitu lezaketen lehen ebidentziak aurkeztu ditu.
Ikertzaileek 28 pertsonaren kortex zerebraleko neurona indibidualen aktibitatea erregistratu zuten pertsona horiek hitz egiten zuten eta hizketa entzuten zuten bitartean. Azaldu dutenez, Wernicke-ren areako neurona-talde bat aktibatu egiten zen parte-hartzaileak hitz egiten hasi aurretik. Beraz, ikertzaileek iradoki dute neurona-talde hori garrantzitsua dela hitzak sortzeko, eta sortuko diren hitzak antolatzen dituela area motorrera bidali aurretik.
Bestetik ahots-traktuko paralisiaren ondorioz hitz egin ezin zuten bi pertsonaren Wernicke-ren areako aktibitatea aztertu zuten. Emaitzek erakutsi zuten erregistratutako seinaleak hizketa aurreikusteko erabil zitezkeela eta, beraz, egileek iradoki dute etorkizunean burmuineko eremu hori helburu izan litekeela hizketa-arazoak dituzten pertsonen neuroprotesietarako.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia