“Behera egiten ari da txertoek birusaren transmisioa eragozteko duten gaitasuna”

2021/12/02 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Maíra Aguiar biologoa da, eta modelizazio matematikoan egiten du lan BCAMen, matematika aplikatuetarako ikerketa zentroan. Eusko Jarlaritzak eredu matematiko bat gara zezala eskatu zien, COVID-19a EAEn izaten ari den transmisio-dinamika ulertzeko. Haien emaitzak aztertu eta egungo egoeraren inguruko gogoeta egin du.
Arg. BCAM

Zertarako balio dute zuen modelizazioek?

Gure modelizazio matematikoei esker aurreikuspen fidagarriak egin ditzakegu, pandemiaren une kritikoenean, prestatuta egon daitezen ospitaleak. Eta EAEn ezarritako kontrol-estrategiak pandemia mantentzeko gai ote ziren aztertzeko eskatu zigun Eusko Jaurlaritzak. Kasu honetan, txertoak.

Larrialdi-egoeran bete-betean, txertoak oso azkar garatu behar izan ziren, eta, beraz, aztertzeke zegoen zein izango zen haien inpaktua EAEn. Txertaketa-prozesua ondo garatzen ari den ebaluatzen aritu gara.

Zer ondorio atera dituzue zuen ikerketan?

Modelizazio matematiko teoriko bat da, eta, bertan, bi txerto-mota erabat desberdin hartu ditugu kontuan: COVID-19 larria eragozteaz gain, birusarekin infektatu eta besteei transmititzea ere eragozteko gaitasuna duen txertoa; eta gaixotasun larria garatzea eragotzi bai, baina birusaren transmisioa eteten ez duen txertoa.

Eta beste aldagai bat ere hartu dugu kontuan: pertsona asintomatikoek sintomatikoek baino gutxiago edo gehiago transmititzen ote duten birusa. Izan ere, hipotesi baten arabera, baliteke asintomatikoek birusa transmititzeko gaitasuna izatea, eta, ez direnez isolatzen, isolatutako sintomatikoek baino gehiago transmititzea.

Aldagai guztiak modelizatuta, ikusten da ospitalizazio-tasa nabarmen murrizten dela kasu guztietan, izan txerto batekin zein bestearekin. Baina positibo-kopuruaren eboluzioa guztiz aldakorra da, txerto-motaren arabera. Alegia, txertoak birusaren transmisioa eteteko gaitasuna baldin badu, infektatuen kopuruak behera egiten du. Baina txertoak ez badu trasmisioa eteteko gaitasunik, infektatuen kopuruak, behera egin beharrean, gora egiten du, asintomatikoek sintomatikoek baino gehiago transmitzen duten kasuan. Izan ere, txertatuta egoteak lasaitasun-sentsazioa eman eta neurriak arintzera eraman gaitzake, eta, txertatuek birusa transmititzen jarraitzen badute, egoera kezkagarrira eraman gaitzake horrek.

Eta zein da txertoek transmisioa eragozteko duten gaitasun erreala?

Onena litzateke transmisioa % 100 eragozten duen txertoa, baina ez da erreala. Gainera, azken ikerketek erakusten dute asko murrizten ari dela txertoek horretan duten eraginkortasuna. Ospitalizazioak eragozteko gaitasuna oso ona dute eta bere horretan mantentzen ari da (baita aldaera berriekiko ere), baina ez transmisioa eragoztekoa.

Pfizerrek, esaterako, EAEn gehien jarri den txertoak, % 90eko babesa ematen zuen hasieran transmisioarekiko, baina dagoeneko asko murriztu da. Ondorioz, detektatzen ari gara kasu positiboak guztiz txertatuta dauden pertsonetan: ez dute ospitalizaziorik behar, baina infektatuta daude eta birusa transmititzen dute.

Zein da transmisioa eragozteko gaitasuna galtzearen arrazoia?

Oraindik ez dakigu birusaren aldakera berrien ondorioz den –txertoek ez dutelako aldaera horien transmisioa eragozteko gaitasunik–, edo denborarekin immunitatea galtzen ari ote den. Baina aldaera guztietan murriztu denez infekzioaren aurkako babesa, litekeena da denborarekin immunitatea galdu izana.

Txertoen entsegu klinikoak amaitu eta erabiltzen hasteko baimenak eman zirenean, oraindik ez zegoen argi zer nolako babesa ematen zuten infekzioaren aurka. Ez al zen ezinbestekoa hori ezagutzea, pandemiari aurreko egiteko estrategia eraginkorrak garatzeko?

Bai, noski, oso garrantzitsua. Baina entseguak osasun-larrialdi baten erdian egin ziren, eta presa handia zegoen. Gaitz larria ez garatzeko eraginkorrak zirela ikusi zen (% 70tik gora, eta OMEk % 50tik gorakoa eskatzen du), eta baimenak eman ziren. Beharrezkoa zen osasun-sistema bera babesteko. Gerora jakin zen transmisioa ere eragozten zutela. Izan ere, txertoen ebaluazioa etengabe egiten da.

Eta zer dakizue beste aldagaiaz, pertsona asintomatikoen transmisio-gaitasunaz?

Oraindik ez dago ikerketa sendorik hori argitzen duenik. Bi hipotesi daude, biak zentzuzkoak. Ikerketa batzuek iradokitzen dute birusa transmititzen dutela, eta, ohiko bizitza egiten jarraitzen dutenez, asintomatikoak direla COVID-19aren transmisioarekin jarraitzearen arduradun nagusiak. Baina OMEk ez du argi. Horregatik, bi aukerak hartu ditugu kontuan ikerketa egiterakoan. Egia esan, garrantzitsua da hori argitzea, estrategia eraginkorrak ezartze aldera.

Nola ulertzen duzu egun bizi dugun egoera, kontuan hartuta zuen ikerketaren emaitzak?

Egungo kutsaketa- eta ospitalizazio-kopuruak ikusita, bi hipotesi ditugu: asintomatikoak benetan sintomatikoak baino kutsakorragoak direla (karga biral txikiagoa izanagatik ere mugikortasun handiagoa baitute); edo txertoek ez dutela birusaren aldaera berrien transmisioarekiko babes nahikorik ematen. Izan ere, birus berrietan espero dugun eboluzio normala da birusaren aldaera berriak errazago transmititzea. Normala litzateke.

Zuen ikerketaren emaitzak ikusita, zer egin beharko litzateke?

Arrazoia bat edo beste izan, ezinbestekoa da neurriekin ez lasaitzea. Txertaketa-estaldura % 80tik gorakoa da, eta halako txertaketa-tasa handia izateak jendearen jokabidean eragin dezake: baliteke erlaxatzen aritzea, bai musukoaren erabileran eta bai distantzia mantentzeko garaian.

Gogoratu behar dugu txertoen eraginkortasuna jaisten ari dela transmisioa eteteko gaitasunari dagokionean, eta gure ikerketak frogatu duenez, kasu horretan, positiboen kopuruak gora egitea eragin dezakete asintomatikoek. Beraz, garrantzitsua da babes-neurriei eustea. Are gehiago kontuan hartuta arnasbideetako infekzioen sasoi betean gaudela orain. Jada infekzio bikoitzak ikusten ari gara: COVID-19 eta gripea, edo beste arnas birus batzuk. Eta horrek arriskuko pertsonen osasun-egoera okertu dezake.

Bestetik, txertoak transmisioa eteteko gaitasuna galtzen ari direla ikusita, garrantzitsua da errefortzu-dosi bat ematea, immunitatea berreskuratzeko.

Amaitzeko, azken aldian, mahai gainean jartzen ari da 12 urtetik beherako haurrak txertatzeko aukera. Zer iritzi duzu?

Txertaketa ez da ekintza indibidual bat, soziala baizik. Haurrak txertatuta, helduak babestuko ditugu. Kasu honetan, txertoak ez du arriskurik haurrentzat, eta, nahiz eta murrizten ari den transmisioaren aurka babesteko txertoek duten gaitasuna, beti murriztuko dute zerbait transmisioa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia