Elikagaien ontzietan plastiko birziklatuak eta jatorri biologikoko materialak erabiltzeak kutsadura kimikoa gertatzeko arriskua ekar lezake, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen txosten batek ohartarazi duenez. Araudi global zorrotzago baten beharra aldarrikatu dute.
Txostenaren arabera, gero eta gehiago erabiltzen dira birziklatutako plastikoa eta jatorri biologikoko materialak elikagaiekin kontaktuan dauden ontzietan. Hori aurrerapauso bat da jasangarritasunerako, baina, aldi berean, zalantzak sortu ditu material horien osagai batzuen kaltegarritasunaren inguruan. Hala, txostenean nabarmendu dute beharrezkoa dela birziklatze-teknologiak hobetzea, substantzia kaltegarriak elikagaietara iristea saihesteko.
Batetik, jatorri biologikoko lehengaiekin egindako materialetan plagizidak, toxinak edo alergenoak egon daitezke. Eta, bestetik, plastiko birziklatuen kasuan, jatorrizko plastikoen propietateak hobetzeko eransten diren substantziek ere zalantzak sortu dituzte. Hortaz, beharrezko jo dute garbiketa-prozedurak eta substantzia kimikoak ezabatzeko prozedurak ezartzea birziklatzeko fasean, konposatu kimiko horiek elikagaietara pasa ez daitezen. Gainera, nahi gabe erantsitako substantziei eta mikroplastikoei buruz ez dagoela nahikoa informazio ere atzeman dute.
Onartutako produktu kimikoen inbentario edo zerrenda zuri baten beharra ere ikusi dute. Eta ezinbeseko jotzen dute nazioarteko araudia eguneratzea eta bateratzea. Txostenak argi dioenez, elikagaien sisteman ekonomia zirkularreko printzipioak aplikatzea funtsezkoa da jasangarritasunerako, baina horrek ez du giza osasuna arriskuan jarri behar.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



