Elikagai-sistema osasuntsuago eta jasangarriago batek goitik behera aldatuko luke nekazaritza

2050erako mundu mailan dieta osasuntsuagoa egingo bagenu, produktibitatea handituko balitz, eta elikagai-xahutzea erdira murriztuko bagenu, nekazaritzaren mundu mailako egitura eraldatuko litzateke.

Elikagai-sistema osasuntsuago eta jasangarriago batek goitik behera aldatuko luke nekazaritza. ARG.: Shargoo/Pixabay


Mundu mailan elikagai-sistema eraldatzearen aldeko eskariak ugaritu egin dira azken urteetan, eta New Yorkeko Cornell Unibertsitateak gidatutako ikerketa batek aldaketa horren ondorioak aztertu nahi izan ditu. Azterketa Nature aldizkarian argitaratu da.

EAT-Lancet Batzordeak 2025ean argitaratutako txostenaren arabera, mundu mailan dieta osasungarriagoak egiteak urtean 15 milioi heriotza goiztiar saihestuko lituzke. Elikagai-sistema osoak giza jatorriko berotegi-efektuko gasen heren bat sortzen du munduan, eta Lurraren azalera bizigarriaren erdia nekazaritzarako erabiltzen da. Era berean, ekoitzitako elikagaien heren bat galdu edo xahutu egiten da.

Hurrengo urteetarako espero den hazkunde demografikoak eta ekonomikoak egoera are gehiago korapilatuko dutelakoan, egileek jakin nahi izan dute elikagai-sistemak eraldatzeak zer eragin izango lukeen ingurumenean, gizartean eta ekonomian.

«Barazkien, fruten, fruitu lehorren eta lekaleen balioa % 23 handituko litzateke»

Hamar modelorekin sortutako agertokien simulazioak eginda, ikertzaileek alderatu zuten nolakoa izango litzatekeen nekazaritza 2050ean bi egoera posible hauetan: batetik, egoerak orain bezala jarraituta, eta, bestetik, mundu mailan dieta osasuntsuagoa eginda, produktibitatea handituta eta elikagai-xahutzea erdira murriztuta.

Emaitzek adierazi zuten elikagai-sistema eraldatzeak nekazaritzan erabilitako lurraren azalera % 6 murriztuko lukeela eta nekazaritzako ekoizpena % 17 txikituko litzatekeela. Bestetik, barazkien, fruten, fruitu lehorren eta lekaleen balioa % 23 handituko litzateke. Animalia-jatorriko produktuei dagokienez, berriz, 400 milioi abere hausnarkari gutxiago egongo lirateke, eta jatorri horretako produktuen balioa % 43 murriztuko litzateke.

Egileek diote elikadura-sistema eraldatzeak onura handiak ekarriko lizkiekeela ingurumenari eta giza osasunari; izan ere, besteak beste, nekazaritzatik eratorritako CO2 isuriak % 85 murriztuko lirateke. Aldiz, aldaketa sakonak eragingo lituzke nekazaritza eta abeltzantza ogibide dutenen bizitzetan.

Dena dela, ikertzaileek argi utzi nahi izan dute etorkizuneko agertoki posibleetako bat dela, eta ez gertatuko denaren iragarpen bat. Gida modura erabilita, hurrengo urteetan izan ditzakegun erronkei eta aukerei heltzeko balio dezakeela adierazi dute.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ekonomia