Ferra-saguzarrek beren dieta egokitzen dute urtaroen arabera, eta, gainera, ikusi dute lagungarriak direla nekazariek antzeman gabeko hainbat izurri kontrolatzeko.
Hain zuzen ere, Euskal Herriko zazpi saguzar-kolonia handi eta iraunkorretan EHUko ikertzaileek egin duten ikerketa baten arabera, saguzarrek malgutasunez aldatzen dute dieta, eta unean-unean agertzen diren intsektuak jaten dituzte.
EHUko ikertzaileek Balmasedako, Zarauzko, Matxinbentako, Uxueko eta Casedako bi koloniatako saguzarren gorotzak ikertu dituzte, eta jandako intsektuen DNA-laginak aztertuta ikusi dute saguzarrek izurri izatera irits litezkeen intsektuen hiru tona jan dituztela beren ugalketa- eta kumaldi-garaian.
Intsektu horietako asko oharkabean pasatzen dira nekazarientzat, eta, hortaz, ez dituzte neurriak hartzen haien aurka, baina mahastiei, fruta-arbolei, barazkiei eta fruitu lehorrei eragiten dieten izurrietako intsektuak ere detektatu dituzte saguzarrek jandakoen artean.
Ikerketak agerian utzi du saguzarren habitatak babestu behar direla, funtzio garrantzitsua betetzen baitute nekazaritza-inguruneetako egungo eta etorkizuneko izurriei antzeman eta haiek murrizteko.
Garazi Andonegi Beristain
Elhuyar Zientzia



