Eklipsearen dardarizoa

Javier Armentia Fructuoso astrofisikariak emozio kutsakorrez hitz egiten du abuztuaren 12ko eguzki-­eklipseaz. “Egin kontu: pertsona batek bizi den lekuan eklipse bat ikusteko probabilitatea % 25ekoa baino txikiagokoa da”. Horrek garbi uzten du gertakari benetan ezohikoa dela. Ez da harritzekoa, beraz, eragin nabarmena izatea gugan. Ez gara eklipsea sumatzen dugun espezie bakarra, ordea. Hegaztietan, saguzarretan eta beste bizidun batzuetan ere nabaritzen da dardarizoa.

“Eklipsea fenomeno astronomiko hutsa baino askoz ere gehiago da. Gure arloko zientzialariontzat, noski, erakargarria da; nahiz eta ez daukan garai bateko garrantzia laborategi natural gisa. Ikuspegi zientifikotik, ez da lehen bezain emankorra; hori hala da. Baina eguna gau bihurtzea eta gero berriro argitzea zirraragarria da, berez. Eta zirrara horrek badu zerbait berezia; gure adimenaz kanpo balego bezala da. Izatez, ez da hainbeste denbora eklipseak zehatz iragar ditzakegula”. Armentiaren hitzak dira. Ez du ezkutatzen eklipseekin liluratuta dagoela, azalpen zientifikoa ondo baino hobeto dakien arren.

Edo, agian, baita horregatik ere. Izatez, harrigarria baita kasualitate hutsez gertatzea. Ez baitago arrazoizko azalpenik Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz txikiagoa izateko, eta, aldi berean, Lurretik 400 aldiz gertuago egoteko. Eta bien mugimenduak lerrokatuta geratzeko, tartean behin. Azalpena jakin ezean, Eguzkia tarte batez desagertzeak mirarizkoa lirudike, edo beldurgarria. Horregatik, fenomenoa zientifikoki ulertzeko gai ez zirenean, mitoen bidez azaltzen zuten.

Kultura eta garai bakoitzak du bere mitoa. Adibidez, txinatarren mitologian, kontatzen dute herensuge batek Eguzkia jaten zuela. Herensugea uxatu eta Eguzkia berreskuratzeko, danborrak jotzen zituzten, eta geziak jaurtitzen zituzten zerura. Aztekek ere uste zuten Eguzkia irentsita desagertzen zela; baina ez zuen herensuge batek jaten, jaguar batek baizik. Eskandinaviako mitoan, bi otso Eguzkia eta Ilargia ehizatzen saiatzen dira; harrapatzen dituztenean, eklipsea gertatzen da, eta horrek munduaren amaiera iragartzen du. Hinduentzat, deabru bat zen Eguzkia jaten zuena; egiptoarrentzat, suge bat…

Armentiak ere kontatzen ditu halakoak urtea hasi zenetik han eta hemen ematen ari den hitzaldietan eta dibulgazio-ekintzetan. “Buru-belarri nabil honetan; izan ere, nahiko nuke jende guztia jabetzea fenomeno izugarri berezi bat bizitzeko aukera izango duela”, aitortu du. Gogora ekarri du lehen ere bazela eklipse baten etorrera bere antzera bizi zuenik: “Adibidez, erromantizismoko eta geroagoko zientzialariak, eta haien inguruko jende aberatsa. Espedizioak antolatzen zituzten, eta Europa zeharkatzen zuten eklipsea bizitzeko eta dokumentatzeko. Artea egiteko ere inspiratzailea zitzaien, eta margolan eta idazlan zoragarriak sortu zituzten. Hor ere garbi ikusten da sortzen duen erakarmena interes zientifikoaren gainetik dagoela”.

Euskal Herrian ere, 1860ko eta 1905eko eguzki-­eklipseek sortu zuten ikusmina jasota geratu da garai hartako komunikabideei esker. Gaur egun, sare sozialak foro egokia dira begiratzeko zer iritzi edo inpresio sortu duen fenomeno batek. Adibiderako, 2017ko eklipseak Twitter sare sozialean utzitako arrastoari buruzko ikerketa bat aipatu du Armentiak. Kaliforniako Unibertsitateko Sean Goldy psikologoak gidatu zuen azterketa hura. Ia hiru milioi erabiltzaileren txioetan azaltzen ziren erreakzioak aztertu zituen, eta baieztatu zuen eklipseak nabarmen erasan ziela: harridura, esker ona eta txera adierazten zuten mezuak ugaritu egin ziren, eta jendeak maizago erabili zuen gu izenordea, ni erabili beharrean. Hori bai; giro atsegin horrek 24 ordu bakarrik iraun zuen.

2024ko eklipsean ere, antzeko joera ikusi zuten ikertzaileek. Sare sozialek poz kolektibo baten berri eman zuten, eta jendea taldean, elkartuta eta zoriontsu erakusten zuten argazkiz bete ziren. “Horrek guztiak erakusten du eklipse bat bizitzea eraldatzailea dela”, ondorioztatu du Armentiak.

Hitzaldietan, beraz, giro berezi hori ingurukoekin batera bizitzeko aholkuak ematen ditu: nola prestatu esperientzia, zer ikusiko duten, nondik ikusiko duten ondoen, nola behatu behar duten… “Badaezpada ere, berriro esango dugu, ezta? Begiak ondo babestu behar dira, iragazki egokiekin, kalterik ez izateko. Bestela, zeharkako behaketa egin daiteke, itzalari begiratuta, zulatutako paper batekin, edo bahe batekin. Zuhaitzetako ostoen itzalean ere ikus daiteke. Horrez gain, badaude programa nahiko sinple batzuk argi-uhinak soinu-uhin bihurtzeko eta eklipsea belarriz jarraitzeko ere”.

Argian ez ezik, haizean ere sumatzen dira aldaketak. Eklipse-haizea deitzen zaie aldaketa horiei. Europan, 1999ko eklipsean ikertu zituzten, adibidez. Orduko azterketek erakusten dutenez, ehunka kilometrotan, Eguzkiaren argia desagertu eta tenperatura jaitsi ahala, haizea aldatu egin zen, baita hodeiz estalitako tokietan ere. Adibidez, Readingen (Ingalaterra) hodeitsu zegoen, eta, tenperatura jaitsi zenean, zikloi moduko bat sortu zen. Eklipsearen ondoren, haizea lehenera itzuli zen denean. Presio atmosferikoan ere izan ziren aldaketak, eta luzaroago iraun zuten.

Fenomeno astronomikoa, pertsonala eta soziala

Kontua eklipsea bizitzea da. “Onartu beharra dago eguzki-eklipse osoek txiki sentiarazten gaituztela, eta gogorarazten digutela besteen beharra dugula. Fenomenoa astronomikoa da, baina esperientzia, pertsonala ez ezik, soziala da”. Horren erakusgarri da zein desberdin bizi izan ziren 1961eko eta 1999ko eguzki-eklipseak Belgraden. Armentiak azaldu du diferentzia: “1961ean, Jugoslaviako agintariek egoki emandako informazioaren laguntzarekin, jakin-mina izan zen nagusi. Aldiz, 1999koan, komunismoaren osteko Serbia hartan, izua sortu zen kaleetan”.

Leku askotan, oraindik ere egiazkotzat dituzte eklipseei lotutako hainbat sineskeria, hala nola emakume haurdunentzat arriskutsuak direla, edota emakumeek, oro har, ez dutela etxetik atera behar, zer gerta ere. Eta, nola ez, era guztietako ideia kospirazionisten pizgarri ere badira. Horrelakoen aurrean, Armentiak uste du kazetaritzak eta dibulgazioak lan baliotsua egin dezaketela.

Hala ere, gerta liteke zientzialariek ere, noizbait, uste okerrak zabaltzea. Itxura denez, hori gertatu da koniferoek eklipsea iragar dezaketela baieztatu zuen ikerketa batekin. Ikerketa hura 2025ean argitaratu zen, “Picea abies zuhaitzen sinkronizazio bioelektrikoa eguzki-eklipse batek iraun bitartean” izenburupean. Haren arabera, zuhaitzak gai ziren eguzki-eklipse partzial bat iragartzeko, seinale elektrikoei erreparatuta. Gerora, ordea, beste zientzialari batzuek atzera bota zuten, eta frogatu zuten ikertzaileek seinale elektrikoetan atzeman zituzten aldaketak arrazoi arrunten bidez azaldu zitezkeela.

“Ez dugu gauza hain sinesgaitzen beharrik jabetzeko eguzki-eklipse bat fenomeno zirragarria dela”, esan du Armentiak. Edozeinek ikus eta senti ditzakeen efektuak nabarmendu nahi ditu, eta, bide batez, kultura zientifikoa zabaldu, eta arduraz jokatzeko ohartarazi. “Bereziki kezkatzen naute suteek. Abuztuaren 12an ingurua lehor-lehor egongo da, eta zigarrokin batek sekulako hondamendia eragin dezake”. Hondakinen kudeaketa eta autoen joan-etorriak izango dira zorrotz jokatzeko beste bi alderdi. “Errespetua eta zuhurtzia eskatuko nieke guztiei. Beti, baina bereziki egun horretan”, adierazi du. Hain zuzen, beste eklipse batzuetan ikusi da ezen, eklipsea amaitutakoan, auto-istripuak ugaritu egiten direla, jende guztia aldi berean ateratzen delako errepidera, eklipsea ikusteko aukeratu duen lekutik alde egiteko. Abuztuaren 12ko eklipsea iluntzean denez, arriskua are handiagoa da.

“Animaliak gara, animalia sozialak. Hortaz, eklipseak norbanakooi eragiten digu, baina baita gizarteari ere. Aukera ederra dugu fenomeno hau elkarrekin bizitzeko”, bukatu du Armentiak.

Animalien aztoramendua

Eklipseren bat bizi dutenek badakite; eta lehen aldiz biziko dutenek ikusiko dute: pertsonak ez gara eklipsea sumatzen dugun bakarrak; beste animalietan ere eragiten du bat-batean eguna gau bihurtzeak, eta atzera argitzeak. Animaliei arreta jarrita, haien jokabidea dokumentatzeko, herritarren zientziako proiektuak antolatu dituzte abuztuko eklipserako.

Animaliekiko jakin-min hori ez da berria. Maider Perez de Villarreal Zufiaurre albaitaria da, etologian aditua, eta eklipseetan animaliek nola erreakzionatu duten jasotzen duten dokumentuak arakatu ditu. Adibide esanguratsuak aurkitu ditu: “Lehenengo kontakizunetako bat Ristoro d’Arezzo italiarrarena da. 1239ko ekainaren 3ko eklipse osoan gertatutakoa deskribatu zuen: animalia eta hegazti guztiak izutu egin ziren; eta basapiztiak erraz harrapa zitezkeen”. 1560ko abuztuaren 21ean, berriz, Portugalen ikusitako eklipse batean, Christoph Clavius astronomoak honako hau idatzi zuen: “osotasunean, izarrak zeruan agertu ziren eta ikuskizun harrigarri bat gertatu zen, hegaztiak zerutik lurrera erori baitziren, halako iluntasun beldurgarriaren ondorioz”.

Perez de Villarrealek baieztatu duenez, gaur egun ere dokumentatu dituzte aldaketak animalia basatietan zein etxekotuetan. Kilkerrak kantuan hasten dira, hegaztiak habira itzultzen dira edo aktiboago bihurtzen dira, baleak jauzika hasten dira, eta esne-­behiak ukuilura sartzen dira. Tora Greve eklipse-behatzailea Zambiara joan zen espedizioan 2001ean, eta, Eguzkia desagertzearekin batera, ohartu zen igelak kantuan hasi zirela eta hegazti harrapariek hegan egiteari utzi ziotela. Putzu baten inguruan zegoen, eta ikusi zuen jirafak korrika hasi zirela eklipsearen osotasunean. Eguzkia berriro agertu zenean, lasaitu, eta berriro hasi ziren zuhaitzetako hostoak jaten.

Portaera bitxi horien atzean, bi dimentsio daude, Perez de Villarrealek esplikatu duenez: kronobiologikoa eta ingurumen-ziurgabetasunarekin zerikusia duena. “Portaeraren biologiaren ikuspegitik, gertaera hauek esperimentu natural gisa uler daitezke, aukera ematen baitute aztertzeko nola erantzuten dieten animaliek ingurumen-seinale nagusietan izandako aldaketa azkarrei. Ugaztunen kasuan, ikerketa enpirikoa oraindik mugatua bada ere, eskuragarri dauden lanek aukera ematen dute erantzun-eredu nahiko koherenteak identifikatzeko, mekanismo kronobiologikoak eta portaerazkoak uztartzen dituztenak”.

Eguzki-eklipse batean egindako azterketa osoenetako bat ekarri du gogora etologoak. 2017an egin zuten, Columbiako Riverbanks zooan, eguzki-­eklipse oso batean. 17 ornodun-espezieren portaera aztertu zuten; tartean, hainbat ugaztunena (primateak, elefanteak, hartzak eta ungulatuak, besteak beste). “Emaitzek erakutsi zuten aztertutako espezieen % 75k, gutxi gorabehera, aldaketak izan zituztela portaeran eklipsearen osotasun-­fasean, eta horrek agerian uzten du eklipsea ingurumen-­estimulu esanguratsua dela”, azpimarratu du.

Oro har, ugaztunetan behatutako erantzunik ohikoenetako bat ilunabarrari lotutako portaeren aktibazioa da. Honela azaldu du Perez de Villarrealek: “Fenomeno hau kronobiologiaren esparruan azaldu daiteke; hau da, ingurumen-zikloek erregulatutako erritmo biologikoen ikerketan. Eklipse batean argitasuna bat-batean gutxitzeak gaua datorrela iradoki diezaioke sistema zirkadianoari. Horren ondorioz, gaueko portaerak aktibatzen dira; hala nola jarduera moteltzea, taldekatzeko joera edo atsedenerako prestatzea. Eredu hori etxekotutako ugaztunetan (behietan eta ardietan) nahiz basa espezieetan dokumentatu da. Eta gatibutasunean daudenetan ere bai; adibidez, hartzetan”.

Basatietan zein etxekotuetan

Hala ere, ohartarazi du erantzun hori ez dela uniformea ugaztun guztietan. “Konplexutasun sozial eta kognitibo handiagoko espezieetan (primateetan eta elefanteetan, esaterako), iluntze hutsak azaltzen ez dituen portaerak ere behatu dira. Kasu horietan, indibiduoek urduritasun-zantzuak, jarduera soziala areagotzea edo talde-antolaketaren aldaketak erakusten dituzte. Adibidez, goriletan eta babuinoetan, ikusi dute elkarrekintza soziala eta mugikortasuna handitzen direla. Elefanteek ere taldekatzeko joera dute, eta beren mugimendu-­ereduak aldatzen dituzte. Portaera horiek iradokitzen dute ezen, osagai kronobiologikoaz gain, badagoela ingurunea ebaluatzeko dimentsio bat ere; hau da, ezohiko eta ustekabeko gertaerekiko erreakzioa”, ondorioztatu du.

Etxekotutako animalietan (txakurretan eta katuetan) ebidentzia heterogeneoagoa da, eta izaera anekdotikoa du askotan. Txakur batzuek urduritasuna erakusten dute edo zaintzaileengana hurbiltzeko joera dute, baina beste askori ez zaie aldaketa nabarmenik hautematen. Kasu horietan, gizakien presentziak eta eguneroko errutinek eragin handia dute, eta horrek eklipsearen eragin zuzena lausotzen du, Perez de Villarrealen ustez.

“Horrenbestez, eskuragarri dagoen ebidentziak iradokitzen du ezen ugaztunen eguzki-eklipse osoekiko erantzuna bi dimentsioren arteko elkargunean kokatzen dela: batetik, argiaren arabera erregulatutako erritmo zirkadianoen erantzun automatikoa eta, bestetik, ustekabeko gertaeren aurrean ingurunea prozesatzeko eta baloratzeko gaitasuna. Etxekotutako ugaztunek, oro har, lehen dimentsioari lotutako erantzun aurreikusgarriagoak erakusten dituzte; basa ugaztunek, bereziki egitura sozial konplexuak dituztenek, aldiz, portaera-­aniztasun handiagoa dute, ingurumen-ebaluazio aktiboago baten adierazgarri”, laburbildu du.

Dena dela, mugak ere aipatu ditu. Hasteko, eklipseen izaera arraro eta iragankorrak zaildu egiten du ikerketak errepikatzea eta lagin handiak lortzea. Gainera, azterlan asko ingurune kontrolatuetan egiten dira, hala nola zooetan, eta horrek zalantzak sortzen ditu emaitzak populazio basatietara orokortzerakoan. Horregatik, etorkizunera begira, uste du behaketa sistematikoak eta jarraipen-­teknologia automatizatuak oso lagungarriak izango direla animalien erantzuna hobeto ezagutzeko.

Hegan, kantuan, habian

Edorta Unamuno Mirandona bat dator Perez de Villarrealekin: ikerketa sistematiko gutxi egin dira eklipseek animalietan nola eragiten duten jakiteko. Unamuno ekosistemen biologoa da, eta hegaztiak aztertzen ditu batez ere, Urdaibai Bird Centerren. Orain arte ez zaio egokitu eguzki-eklipse oso bat bizitzea, eta desiratzen dago abuztuaren 12a iristeko, eta ikusteko nola erantzuten duten bere inguruko hegaztiek. Izan ere, dokumentatuta dauden zenbait kasutan, ikusgarria dela azaltzen da. Oraingoan, ilunabarretik hain gertu izanda, Unamunok aurreikusten du espezie batzuetan eragina ez dela hain nabarmena izango, “baina nabaritu nabarituko dute, argitasunak berebiziko garrantzia baitu hegaztietan”, baieztatu du. Horrekin batera, ohartarazi du hegaztien artean dibertsitate handia dagoela, eta, beraz, erantzuna oso desberdina izango dela espezie batzuetatik besteetara.

Azaldu duenez, hegaztiek fotorrezeptore ugari dituzte begietan, eta oso sentikorrak dira argiarekiko. Migrazioetan, adibidez, fotoperiodaren arabera, hormona jakin batzuk jariatzen dira, eta asko jaten hasten dira, gantza metatzeko migraziorako. Gaueko hegaztiak, berriz, ilunabarrarekin aktibatzen dira: hontzak, mozoloak eta halakoak. Eta, aldi berean, beste espezie batzuk lotarako prestatzen dira. “Talde horietako hegaztiek noski izango dutela nolabaiteko portaera-aldaketa bat argia desagertzean”, iragarri du Unamunok.

Eta jarraitu du: “Garai horretan, abuztuaren 12an? Ordurako, enara-andana handiak hasiko dira biltzen inguru honetan, migrazioan doazela. Enarek egunez migratzen dute, eta, ilunabarra iristen denean, leku bat bilatzen dute atseden hartzeko; normalean padurak eta paduretako lezkadiak izaten dira. Talde handitan biltzen dira, eta ikusi izan dugu, adibidez, arratsaldeko 17:00etan ekaitz handi bat sartu eta hodei beltzek Eguzkia estaltzea, eta enarak denbora baino lehen jaistea lo egiteko lekuetara. Beraz, pentsatzen dut eklipsearen kasuan ere horrelako zerbait gertatuko dela”.

Begiz ez ezik, belarriz ere antzemango da hegaztien erantzuna eklipsearen unean. “Batzuek ilunabarreko kantak egingo dituzte; hori seguru. Guk, hemen, azkenengo kantariak eta lehenengoak txantxangorriak ditugu. Egun horretan, eklipsea gertatu ahala, iluntzeko kantuak egingo dituzte, eta erretiratu egingo dira, pentsatuz gaua dela. Eta, laster, eguna suertatuko zaie berriro. Eta berriro kantatuko dute. Arraroa egingo zaie”. Xehetasun horiek guztiak Urdaibai Bird Centerren dituzten kameren bidez grabatzeko asmoa du Unamunok.

Bat-batean, galdera sortu zaio: Zer egingo dute saguzarrek? Joxerra Aihartza Azurtza zoologoak erantzun dio galderari. Hasteko, baina, argi utzi du ezen, hegaztien artean dibertsitate handia dagoen bezala, saguzarren artean ere gauza bera gertatzen dela. Hori bai, eklipseak gertatzen diren bitartean askoz ere gutxiago behatu dira saguzarrak, hegaztiak baino. Hortaz, dokumentazio gutxiago dago.

Nolanahi ere, aurreratu du espezie batzuek ez dutela antzeman ere egingo: “Kobazuloen barruan bizi direnak eta guztiz gautu arte ateratzen ez direnak ez dira jabetuko Eguzkia desagertu egin dela tarte batez. Erloju kronobiologikoaren arabera bizi baitira, ez argitasunaren arabera. Saguzar guztiak ez dira horrelakoak, ordea, ezta gutxiagorik ere. Badira zuhaitzetatik zintzilik bizi direnak, espezie tropikalak, adibidez; baita Ipar Amerikan dezente gora bizi diren batzuk ere. Eta hemengo batzuk zuhaitzen azalen azpian bizi dira, eta teilatupeetan eta horrelako lekuetan. Horiek guztiek antzemango dute argitasun-aldaketa. Horiek dira oportunistenak, ilunabarrean aktibatzen direnak. Eklipseak, beraz, ateratzera bultzatuko ditu. Baina ez die asko aldatuko jokabidea. Izan ere, aurrena ale batzuk ateratzen dira, eta gordelekutik gertu geratzen dira, bueltaka, eta kantu sozialak egiten. Sartu-irtenean ibiltzen dira, eta halaxe ibiliko dira eklipseak iraun bitartean, bestela ere ilunabarra gertu baitago”.

Onartu du eklipseari jarraipena egingo diola baina ez duela asmorik saguzarrekin ikerketarik egiteko. Izan ere, ez du uste esanguratsua izango zatekeenik. “Eklipse bakoitza latitude ezberdin batean gertatzen da, klima ezberdinekin, ordu desberdinetan, eta, beraz, eragina desberdina da. Eta espeziearen arabera ere asko aldatzen da. Oso zaila da ikerketa esanguratsuak egitea gai honi buruz”.

Herritarren zientzia

Ikerketetan dauden hutsuneak betetzen laguntzen dute herritarren zientziako proiektuek, eta eklipsearen inguruan ere sortu dira batzuk. Aurreko eklipseetan ere egin dira, eta batzuk oso emankorrak izan dira. Adibidez, NASAk Eclipse Soundscapes izeneko proiektua abiatu zuen Ipar Amerikatik ikusi zen 2023ko eguzki-eklipse anularrarekin, eta 2024ko ekipse osoarekin jarraitu zuen. Proiektua 2026an itxiko da, eta, bitartean, boluntarioek bildutako datu guztiak ikusgai eta entzungai daude (grabaketek 45.000 ordu hartzen dituzte guztira).

Hegaztien audio-grabaketetarako, Birdnet erabili dute, eta analisien lehen emaitzak ere ezagutarazi dituzte. Esaterako, ikusi dute Paridae eta Icteridae familietako hegaztiek isiltzera jotzen dutela, eta eklipsearen osotasuna gertatu baino 22 minutu lehenago hasten direla isiltzen. Erabateko iluntasuna bukatu eta 45 minutu geroago, ohi bezala kantatzera itzultzen dira. Corvidae eta Strigidae familiakoek, berriz, gehiago kantatzen dute Eguzkia desagertzean.

Abuztuaren 12an, horrelako portaerak baieztatzeko aukera izango dute Euskal Herriko herritar askok. Eta, seguru asko, inoiz ez dute ahaztuko eklipseak beren gorputzetan sortutako dardarizoa.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Haur batzuk, begiak ondo babestuta, 2017ko abuztuaren 21eko eklipsea ikusten. ARG.: Jabego publikoa/Fort Campbell Multimedia Visual Information Service Center.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia