Aspalditik dugu gordea agendan abuztuaren 12a. Mapetan, aplikazioetan, eta batzu-batzuok baita egun ispiluan bertara joanda ere, ondo aukeratua dugu nondik ikusiko dugun eklipsea. Eta hain harrapatuta gauzka gaiak, ezen beste gai batzuek ez baitute lekurik izan zenbaki honetan, eklipseak eklipsatuta. Merezi dute, ordea, aipamena, gogoetarako bide eman dezaketelakoan baikaude. Hona hiru gai, adibiderako:
Baga, gaueko zeruaren galera. Astronomoak eta atmosferaren ikertzaileak aspalditik ari dira ohartarazten Lurretik gertuko orbitan dauden sateliteek eragiten dituzten kalteez. Baina lurrazaletik ere sortzen ditugu arazoak. Berriki jakinarazi dutenez, 2014tik 2022ra % 16 hazi da argitasun globala. Eta ez da populazioaren hazkundearengatik bakarrik: argi gehiago igortzen dugu pertsonako. Gehienetan, alferrik eta kalterako.
Biga, izar baten distira eta amaiera. Mariano Barbacidek itxaropena piztu zuen pankreako minbiziaren kontrako ikerketa batekin. Tentuz argitaratu genuen, argi utzita esperimentuak oraindik saguetan baino ez zirela egin, asko falta zela pertsonetan probatzeko… Ez genuen Barbaciden izena aipatu, artikulu zientifikoan sinatzaile gehiago ere bazeudelako (emakumeak gehienak). Komunikabideetan, ordea, Barbacid bakarrik agertu zen, izar distiratsu. Oihartzuna baretzen hasi zenean, etorri zen eztanda: aldizkariak artikulua atzera bota zuen, Barbaciden interes-gatazkarengatik.
Higa, fokutik kanpo geratzen direnak. Gutxitan aipatzen ditugu sariak; Nobelak, halabeharrez, eta gutxi gehiago. Aurten, ohartu gara ez dugula Goldman sariaren berri ematen. Nobel Berdea ere deitzen zaio, eta, oraingoan, sei aktibista saritu dituzte, ingurumena babesteko egiten duten lanarengatik. Lehen aldiz, saritu guztiak emakumeak izan dira. Agian, bada garaia Goldman sariei jarraitzen hasteko.
Hurrengo zenbakietan helduko diegu halakoei, eta, bitartean, Elhuyar Zientzia plataforman ere aipatuko ditugu. Abuztuaren 12an, baina, ez dugu eklipsea beste gairik izango. Ulertuko duzulakoan, gozatu zuk ere eklipsearen zirraraz.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia